Zirkoko istorioak
Udari agur esan eta udazkenari ongietorria emateko ordua iritsi zaigu. Isildu dira - hurrengo urtea arte, jakina- karromato zaharren kirrinka hotsa. Abuztuaren hondarrean hartu zuten komerianteek, pailazoek, akrobatek itzulerako bidea, nahiz eta zehatz jakiterik ez dagoen nora bueltatuko diren, aspaldi erabaki baitzuten, nahita ala behartuta, euren patua errepideari lotuta egongo zela. Gaur hemen daude, baina auskalo non amaituko duten astea. Horrelakoa da zirkoaren mundua, txundigarria bai, baina aurreikusi ezina. Baina nondik dator zirkoa? Zeintzuk izan ziren haren hastapenak? Arkeologiak eskaini dizkigun datuen arabera, zirko modernoaren lehen zantzuak Kreta uhartean aurki ditzakegu. Hango Knossos jauregiko hormetan dauden pinturetan zein zenbait keramika lanetan agertzen diren irudietan –erromatar inperioa ezarri baino lehen, irlan bizi zen gizarteak utzitako aztarnak ditugu biak ala biak-, argi ikus daiteke garai hartan halako joku akrobatikoak egon bazeudela. Ziur aski ezaguna egingo zaizue Minotauroaren legenda, ezta? Bada Kreta inguruan sortu zen istorio hori, zezenak gurtzeko zuten ohitura zela-eta. Eta, hain zuzen, gurtze modu horietako bat zen zezenen gainetik jauzi egitea. Jakina, aparteko trebetasuna behar zen horrelakorik egiteko. Horregatik, gazteek –mutilek zein neskek- bakarrik parte har zezaketen ospakizun bitxi haietan. Kretatik ez oso urrun, Grezian, Olinpiar Jokuak asmatu zituzten. Bien bitartean, Erroman ludi edo joku publikoak zituzten, Greziako jokuen jarraipena kontsidera daitekeena. Joku publiko horiek hiru kategoriaren arabera antolaturik zeuden: - Gurdi lasterketak. - Anfiteatroan egiten ziren borrokak. - Antzokian antolatzen zituzten ikuskizun dramatikoak zein komikoak. Neronek sustatu zuen erreformaren ostean, hiriburuko zirkoak 250.000 ikusle jaso zitzakeen. Eraikinak laukizuzen forma zeukan, eta erdian spina edo espazioa bitan zatitzen zuen murrua kokaturik zegoen. Gurdi lasterketak antolatzen zituztenean, partaideek spina horren inguruan bueltak eman behar ziztuzten. Gurdi lasterketek arrakasta handia bazuten ere, anfiteatroan gertatzen ziren gladiadoreen arteko borrokak ziren orduko erromatarren denborapasarik maiteena. Ogi apur bat eramaten zuten, eta horrelaxe igarotzen zuten eguna. K. o. 313. urtean, kristautasunak ofizialtasuna lortu zuenean, joku publikoak debekatu egin zituzten. Orain arte Europako kasuez aritu gara, baina horrek ez du esan nahi gainerako kontinenteetan zirkoari loturiko jarduerarik egon ez denik. Historialariek frogatu ahal izan dutenez, Txinako Han dinastiaren garaian (K.o. 206-220. urteetan) trebetasun handiko akrobaziak egiten zituzten.
Denborarekin, Antzinaroko jokuak geroz eta sofistikatuago bihurtzen joan ziren. Erdi Aroan, esate baterako, Europako herrialdeetako plazetan fartsak eta pantomimak antzezten zituzten. Gazteluetako patioan, berriz, zaldun torneoak antolatzen zituzten. Garai horretakoak ditugu ere herririk herri ibiltzen ziren trobadoreak, juglareak –abestu ez ezik malabareak egiten zituzten artistak-, eta, jakina, XVIII. mendetik aurrera Europako gorteetan jauntxoen aurrean aritzen ziren bufoiak, azken horiek guk ezagutzen ditugun pailazoen aurrekari zuzenak direlarik. Pizkundean, Italian, XVI. Mendetik indarrean zeuden bi korronteren eraginez –kaleetan eta enparantzetan antzezten ziren Commedia Popular zein Commedia de Maschere-, Commedia dell’ Arte delakoa sortu zen. Bertan parte hartzen zuten aktoreak barregarriak eta akrobatak ziren aldi berean. Euren saioak bat-batekotasunean oinarritzen ziren, eta, normalean, rol bera jokatzen zuten. Rol horiek ziren: Politxinela, Arlekin, Kolonbina eta Pantalone. Pierrot, aurpegia zuriz eramaten duen pertsonaia erromantikoa, urte batzuk geroago agertu zen, XVII. mendean zehazki, Frantzian. Ssaoi bertsuan hasi ziren Ingalaterran clown hitza erabiltzen, bufoia, baldarra adierazteko. Zirko modernoak clown-aren irudia hartu eta pailazo barregarria sortu zuen. Pierrot delakoa, berriz, jakinduria adierazten duen pailazo bilakatu zen. Azken horrek jatorrizko estetika mantendu zuen: aurpegi zuria, kolore aldetik jantzi sotilagoak. 1890ean egin zen bi pertsonaia horiekin lehendabiziko antzezpena. Zirko modernoak handik eta hemendik edan zuen gaur egun ezagutzen dugun egiturara iritsi arte. Izena erromatar tradiziotik dator, pailazoak Erdi Arotik Pizkundera bitartean gertaturiko bilakaeraren emaitza dira. Akrobatak Europako zein Asiako tradizioari loturik daude. Piztiak geroaxeago sartu ziren, baina, azken batean, kolonizazio prozesuaren ondorio besterik ez zen. Kontua zera da: behin zirko egitura sortuta, urte gutxi batzuetan mundu osora hedatu zen fenomeno bilakatu zela. Jendeak biziki atsegin zituen karpapeak jasotzen zituen ikuskizunak, eta sarritan sinestezina iruditzen zitzaion akrobatek erakusten zuten trebetasuna. Dena den, zirkoa ez zen denborapasa soila. Ez. Denbora luzez, zirko inguruko jendea elkartasuna, lankidetza eta bestelako baloreak zabaltzeko ahalegin eskerga egin du. Izan ere, horixe da zirko modernoaren funtsa: elkartasunik eta lankidetzarik gabe, gutxi iraungo luke konpainiak.
Garai berriei begira
Zirkoaren mundua aldatzen ari da. Etengabe. Europan, 1988an desagertzeko arriskuan dauden animaliak erosteko debekua ezarri zenetik, zirko askok animaliak baztertu egin dituzte euren ikuskizunetatik. Bestetik, teknologiaren kontua dago. Gaurko gazteek nahiago dute telebista ikusi edo bideokontsolarekin aritu. Ez dute zirkora joateko gogo berezirik agertzen. Aldaketa horien aurrean, nahitaez, bere burua berritu behar izan du zirkoak. Konpainia askok arte ederren mundura lerratu dira, euren ikuskizunak akrobazietan, dantzan eta musikan oinarrituz. Horren nadibide dugu Montrealen sorturiko Cirque du Soleil. Beste batzuk, tradizioari leial mantentzea nahiago izan dute: 1988ko legea atera baino lehenagotik, animaliak zituzten, eta haiekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Gainera, euren ustez zirkoan piztiak izatea ez da animaliak zoologikoetan edukitzea baino okerrago. Dena den, jakin badakite animalia horiek ez direla beti gazte izango. Haiei ere iritsiko zaie erretiroa hartzeko ordua. Egun hori heltzen denean, aurrerantzean zer egin planteatu beharko dute. Gauza bat, behintzat, argi daukate: inoiz ez da erraza izan zirkotik bizitzea. Ez dute etxebizitza finkorik, urteko egun gehientsuenak errepidean igarotzen dituzte. Horregatik, azken urteetan, inoiz baino ozenago aldarrikatzen ari dira zirkoko jardueren profesionalizazioa onartzea. Frantzia eta Belgika dira Europako herrialde bakarrak zeinetan akrobaziak, malabareak eta arrisku handiko jarduerak unibertsitateko tituluarekin sariturik dauden. Gainerako estatuetan, zirko eskola gutxi batzuk daude, baina ikasketek ofizialtasunik ez dute. Ataka berean daude Euskal Herrian dauden zirko eskola eta taldeek. Baina, oztopoak oztopo, lanean jarraitzen dute. Oreka Zirko Eskola (Baiona), Txingudiko Jaxenolaf Malabaristak Elkartea (Hondarribia), Koblakari Bizkaiko Malabaristak Elkartea (Bilbo), Pasaia Malabar taldea (Pasaia), Yarleku (Iruñea), Xilipurdi Malabaristak Elkartea (Gasteiz), Trikimauki (Gasteiz), Sebastopol Zirko Eskola (Donostia), Azpeitiako Malabaristak Taldea (Azpeitia), Urnietako Malabaristak taldea (Urnieta), Dik Dik (Donostia), Estella Malabaristak taldea (Lizarra), Zirko ttipia (Baiona), Oihulari Klown (Donostia), Euskal Zirkoko museoa (Bilbo)… Ez gabiltza, ez, eskaintza aldetik makal. Zirku mundua atsegin baduzu, eta ikastaroren bat egitea nahiko bazenu, oraintxe duzu aukera. Sebastopoleko Zirko eskolak, aldiro-aldiro antolatzen dituen ikastaroen barruan, Commedia dell’Arteri buruzko jardunaldi batzuk antolatu ditu. Klaseak Mira antzokiko sortzaile eta zuzendari den Pablo Lopez Zubikaraik emango ditu, eskolak Donostian duen egoitzan, urriaren 15etik 17a bitartean. Informazio gehiagorako 658 73 19 06 telefonora dei dezakezue.