"Publikoagaz daukozun hartuemona da saioen alderik onena"
- Ander Elortegi
- 18 urteko gernikarra Telekomunikazioen Ingeniaritza ikasten dabil, baina ikasketak baino askoz gogokoagoa du juergan ibiltzea.
- Txikitatik dabil bertsotan plazan zein txapelketetan.
- Gustukoago du plazan edo tabernan kantatzea, saio puntuagarriak baino.
Itxaso Paia
Algortakoa. Ander Deuna ikastolako ikaslea.
Gaia:
Inauteriak Mozorro bidez , jai nabariak edo hori behintzat dio historiak, dibertitzeko omen direla baita nire teoriak.(bis) Milaka urtez ospatu izanak; nork al dakizki aldiak? Ireki ondo begiak: Edonolako ospakizunak ez baitira inauteriak!(bis) Mozorrotuak asko dirade, eta zergatik ez egin galde; hala ta guztiz gezur artean, nahikoa ohituak gaude.(bis) Bizitza hontan , ez egon arren fideltasunik debalde, pertsona gehiegi daude, zurikerian bizi direla mozorrorik kendu gabe.(bis) Inauteriak jira ta bira, joan gaitezen behingoz harira; festa bakarrak ditugu eta mozorroz janzteko , tira!(bis) Traba guztiak aldean utziz biziz neurritik – neurrira eta gerora begira; inauteriak goza ditzagun gure altxorra bailira !(bis)
Ingeniaritza eta bertsoak uztartzea erraza al da?
Zoritxarrez nahiko gatxa. Batez be azterketa garaian albo batera utzita eduki behar izan dot bertsolaritza. Baina halanbe, beti dago momentue zeure lagunakaz afariren baten edo txapel beteko saioa dala eta bertsotan egiteko. Ikasten zagozan bitartean askotan etortzen da bertsotan egiteko gogoa eta aurrean daukozun boligrafoari be bertsoa botatzen deutsezu.
Bertsoak zer eman eta zer kentzean deutsu?
Emon gauza asko: bai txarrak eta bai onak. Txarren aldetik ba txapelketetako urduritasuna eta batzuetan hartzen diren golpeak eta onen aldetik taberna edo plaza bateko saioan publikoagaz daukozun hartuemon hori. Adarra jotzea baino gauza hoberik ez dago, kendu barriz askotan denbora, baina niri neuri ez deust gauza askorik kendu, zorionez. Eta holan bada hobeto.
Aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusia dago. Ze asmo daukozu?
18 urtegaz eta zelako jendea aurkezten dan ikusita saririk ezin leike eskatu. Zeure herriaren aurrean saio on bat egitera urten behar da eta apurka-apurka egoera horietara ohitzen joan behar da. Halanbe oraindik eskolarteko txapelketan azken urtea geratzen jata, nahiz eta oraindik ez dakidan aurkeztu ala ez, eta BBK taldekako sariketa ere hor daukogu iazko finaleko mendeku gosez.
Ze bertsolarirekin kantatuko zenuke gustura bertso afari baten?
Gustoren-gustoren ulertu ezkero Mañukorta hartuko neuke, beraren txiste eta bertsoak umorez josita dagozelako eta niri hori da bertsolaritzatik gehien gustatzen jatana. Gustora kantauko neuke baita Peña, Irazu eta Lizason moduko bertsolariekin be.
Bertsoak entzunez edo bertsotan eginez ikasten da gehiago?
Niretzat bertsotan eginez seguru. Gure kuadrilan afizinoa badago bertsolaritzan eta ia juerga gehienetan egiten dogu puntuka. Denbora aurrera doan heinean nabaritzen da denbora eta errima aldetik hobetzen goazela, nahiz eta edozein astokeri esan bertsoak amaitzen doguz eta denbora aurrera doan heinean zentzu gehiagorekin urtetan deuskue Halanbe entzuteak doinu eta errimekiko mesede handia egiten dau.
Bertsoen bidez ligatzen al da neskekin?
Ligatu ligatu jendeak esaten dau baietz. Neskak etortzen dire esaten: "Bertsolari, bota bertso bat!" eta gau guztia ezin dozunez bertsotan ibili isiltzen zarenean normalean alde egiten dabe. Gehien bat jende berria ezagutzeko balio dau.
PUNTUKA
2004ko urtarrilaren 24an XXXV. Bertso Eguna antolatu zen Donostian. Bertsogintzarentzat protagonismo osoa berreskuratzea izan zen aurtengo erronka, baina goi mailako bertsogintzarena. Arratsaldean batu ziren Euskal Herri osotik hurbilduriko bertsozalea gozarazteko bertsolariak. Andoni Egaña, Igor Elortza, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Angel Mari Peñagarikano, Jon Maia, Iñaki Murua eta Unai Iturriaga. Saio honen ostean urteetan zehar ohitura den legez Afaria eta festa antolatu zuten gaueko21:00etan, Zubietako Araeta sagardotegian Amets Arzallus, Imanol Lazkano, Jexux Mari Irazu, Jokin Sorozabal, Xabier Silveira, Fredi Paia, Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta Xabier Amuriza bertsolariak kantuan ipiniz eta Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak gaua alaituz egon ziren.