Andoni Egaña txapeldun

Kontaizu

bl25_1.jpg

  • Zarauztarrak laugarren aldiz jarraian lortu du
  • Unai Iturriaga durangarra izan zan txapeldunordea
  • 13.000 lagun bildu ziren BECen
  •  

 

Hamahiru mila lagun zutik eta txaloka zirela jantzi eban Andoni Egaña zarauztar bertsolariak bere laugarren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela Imanol Lazkano Bertsolari eta Elkarteko lehendakari ohiaren eskutik, egun guztiko momenturik beroenetako eta emozionanteetako baten. Goizeko bederatziak inguruan jendea areto barrura sartzeko ilaran zegoen, autobusak apurka-apurka etozen eta bertsozaleak geroago eta gogotsuago igartzen ziren. Goizeko hamaiketan puntuan 13.000 pertsonen artetik abiatu ziren eguneko zortzi protagonistak Bernardo Mandaluniz gai jartzailea aurretik zala: Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Sustrai Kolina, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Ofizioetan oso ondo eta gogotsu hasi ziren bertsolariak, baina Egaña, Arzallus, Iturriaga eta Maialen nabarmendu ziren. Maialenek Unairekin zortziko handian egin eban ofizioan hiru ume dituen gurasoen paperean, eguna umerik gabe egoteko aukera eman eta bertso hau kantatu zuen Lujanbiok: "Ez da bat eta ezta bi ere hiru, ta hiru da hiru hiru neke ta hiru lan karga bider hiru zenbat diru umeak nola gainetik kendu pentsatzen gabiltz beti gu ta orain bakarrik geratu eta ia ze ein ez dakigu". Ofizioan zortziko txikian Sustrai Colinak eta Unai Iturriagak egin eben lana nabarmendu zan eta asko gozaturazo euskun bertsoaldietako bat. Baina hamarreko txikian entzun ziran goizeko alerik ederrenetako batzuk. Maialenek eta Jon Maiak, eta Unai Iturriagak eta Amets Arzallusek zein Andoni Egañak eta Aitor Mendiluzek eginiko lanak izan ziren aipagarrienak. Txapelketan erabakigarri izan dan kartzelako lanak ere itxi ebazan bere bertso ederrak final handian be. Gaiak honela inoen: Aspaldiko partez bi begiak busti zaizkizu. Bertsolari gehienek uneak sortutako girora, BECera eta txapelera mugatu eben gaia: Iturriagak bigarren bertsoan txapela Bizkaian geratu zala esan ostean honela amaitu eban bere goizeko lana: "eta zorionak Igor, eta itxi ezkero bi musu, danok merezi genuen baina zeuk eroan dozu". Horrela joan zan goizeko saioa eta Iturriaga Egañaren aurretik bi puntuko aldeagaz joan zan bazkaltzera nahiz eta han egon ginen gutxik imajinatu genezakeen hori. Arratsaldean saioa, entzuleak, giroa, bertsozaletasuna eztanda egitear egoan, entzuleen olatua lekuko. Baina bertsolariak arratsaldean bere onena emon nahian taularatu ziren, Saroi Jauregiren esanetara oraingo honetan. Iturriagaren seiko motzeko bigarren bertsoa bere aipagarria izan zan oso, bere egun guztiko lanaren adibideetako bat. Amets Arzallus lubakian dagoen soldadu gaztearen paperean ipini eben eta Unai berriz, soldadu zaharra. Etsaien hurbilerarekin beldurtuta ikusten dau Unaik soldadu gaztea. “Porrota da garestia/garaipena ez da eztia/ ez zaite horrela piztu laguna, ez izan piztia/zer tiro ta zer hostia/hau da munduan uzkia/bulegon baten erabakita daukate guztia”bota zuen Unaik. Bakarkako lanen artean asko izan zeiren onak baina Andoni Egañak Audientzia nazionalaren aurreko euskaldun turista baten paperean botatakoak izan ziren entzuleai gehien heldu jakezan bertsoetakoak. Hona hemen lehenengo bertsoa: "Castellanatik abiatuta ibili naiz tirri-tarra, Castilla plaza hor ikusi det herri handian iparra, Baina kolpetik jarraitu nezan barruaren deiadarra, azkenerako eskaileretan kontzientziakin liskarra, Ai entzutegi nazionalari hobe det eman bizkarra, epaile aurrean izan ninteke txuloa eta oilarra, baina ni zer naiz kokolotxoa, zer naiz euskaldun baldarra, ni izango naiz zitatu gabe presentatu den bakarra".

Buruz burukoa

Egun osoko saioan unerik txalotuena buruz burukora pasatuko ziren bertsolarien izenak emon ebezenekoa izan zan. Andoni Egaña izan zan lehennegoa ordena alfabetikoaren arabera eta Unai Iturriagaren izena aipatu ebenean altzatu zan BECeko jendetza guztia lehen aldiz. Hortik aurrera gozatzeko aukera paregabea emon eutsien bi bertsolariak bertsozaleari. Zortziko txikian lehenengo, aurretik goizeko lehen saioan urtendako ejem-aren ideatik abiatu eta ostadarra ikusten da makurtu ezkero ideiararte murgildu ziren Maritxu eta Bartoloren paperean Unai eta Andoni. Baina egun osoko unea bien arteko kartzelako lanak laburtzen du. Aulkia hitzarekin honako bertso hau abestu zuen Egañak bederatziko motzeko neurrian: "Atsedena hartzea ez degu kalteko eta hori lortzen da bera tarteko aulkia gauza ona da bila joateko nahiz aspaldian hemen gu gauzkan menpeko hainbat ikusteko edo erosteko Ikean bai lepo desberdinak seko baina ezetz txikirik behiak jezteko".Ideia orijinal bezain harrigarria izan zan. Iturriagak ordea bakarkako gaian itxi eban bere alerik ederrena kartzelako lanari dagokionez."Gau eskola bateko irakaslea zara. Aurrean dozena bat pertsona dituzu neka-neka eginda, baina hala ere gogotsu". Bikain jardun eban Iturriagak, gaiari bikain helduta. Egañak eutsi egin eutson: "Berriro ere klasean bueno, zer moduz gabiltza? Kaixo, Omar, aspaldiko! Etorri zara, Haritza. Klasea nahiz eta dugun igual kutrea ta hitsa, zuen begietan dago ikasi nahiaren printza. Zein etxeko lan gogorrak fabrikakoa bortitza! Lana bukatu ta gero hona praktika ta mintza Euskaraz egin nahiean zuen geroko bizitza Hori ez da subjuntibo bat hori da lehen baldintza". Andoni Egañak bertso honekin agurtu ebazan entzuleak eta 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Txapeldunaren agurra: "Lazkao Txiki eta seme-alabak aipatuak daude bapo/ andrea ejem! maite det baina ahal dela oholtzatik kanpo/ erditu gintun harek hain xuxen doble sufritzen dulako/aurten aitaren baimenarekin amaz gogora beharko/ama bakarra omen da baina gu zortzion amentzako".

Egilea:

Iñaki Iturriotz.

Argazkilaria:

Alberto Elosegi.

Iturria:

XDZ

PUNTUKA

Kontaizu

2006, Urtarrila 01
Arloa: Bertsoleku