inoz espiluaren aurrean be jartzen nintzen bakarrik kantetan
- Jabier Olibares (Orue)
- 25 urteko zeaniztarra
- Eskualdekako sariketako irabazle izanikoa
- Arratiako txapelduna 2002an eta Bizkaiko txapelketako parte hartzailea
Norengandik etorri jatzu bertso zaletasuna?
Hitzetik hortzera bertso programea gaztetarik ikusteak eta Arkaitz Estiballesen umetako laguna izateak eta bere bertso ibilerak handitu zireanean bertso zaletasuna sortu jatan barruan. Eñaut Intxaurraga eta Ander Ibarra bertsolari eta bertsozaleak kuadrillakoak ziranez eurekaz hasi nintzen bertsoak kantetan eta bertsotan egiten.
Bertso eskolara joan barik bertsotan hasitakoa zara zu.
Bai. Bertso eskolara joan ez izatea izan leiteke baserrian bizi eta eskolatik etxera joan eta ez nekielako bertso eskolarik egoanik be. Aste barruan aititagaz egiten neban bertsotan, inoz espiluaren aurrean be paretan nintzen bakarrik kantetan eta asteburuetan lagun biakaz egiten neban bertsotan edo puntuka tabernako giroan. Lehenengo bertso saioa Arratiako Txapelketan egin neban 2000. urtean nahiz eta aurretik Santa Ageda kopla kantari ibilia izan. Bertso eskolara ibili ez izateak ez dau esan gura plazara urten baino lehenago bertso eskolara ibili direanak baino bertso gitxiago kantatu dodanik
Zein da zure bertsolari eredua?
Nik pentsetan dot bertsolari gehienen antzean, oraintxe momentoan Andoni Egaña izan leitekela, orain onena bera dalako. Nik neure burua gustura ikusiko neuke Lazkao Txiki eta Sebastian Lizasoren arteko nahaste batean, Lazkao Txikik eukan txispeagaitik eta Lizasoren tenpleagatik.
Txapelketan ala saio arruntetan, non gurago dozu kantau, eta non emoten dozu zeure onena?
Nik gurago dot txapelketatan kantau. Pentsetan dot nire onena be txapelketetan emoten dodala. Txapelketan konbenzidu behar dana epaimahaia dalako eta ikusleak gustura ixteagaz nahikoa da. Saio arruntetan ostera, ikuslea da konbentzidu beharrekoa, eta norberak ahal dauana baino gehiago eskatzen jako buruari. Eskatu eta eskatu, ez dau emoten ahal dauena bera be.
Zer dinozu aurtengo Bizkaiko Txapelketan sei bertsolariko finala egingo dan zurrumurruari buruz eta bi bertsolari, Igor Elortzak eta Unai Iturriagak ezetza esatea txapelketari?
Kasua izanez gero Igor Elortzak eta Unai Iturriagak txapelketari ezetz esatea zortziko finalak lortuko dauan bakarra izango da bi gehiago sartzea finalera. Ez dautso ekarriko ez kalitaterik, ez aparteko erakargarritasunik ze, Unai eta Igor kanpoan geratuta seiko finalean egongo litzakezanak honeek biok barruen egonda zortzikoan egongo litzakezanak dira. Unai eta Igor kanpoan geratzeak igual Bizkaiko bertsolariari mesede egin ahal dautso, zortziko finala eginez gero beste erara egongo ez litzakezan bertsolari bi egongo litzakezala baina bertsolaritzeari berari kalte egingo dautso nahiz eta egia dan Bizkaian kalitatea gorantza doala baina Elortzak eta Iturriagak beste guztiok baino maila bat edo bi gorago dagoz, orduan kalitatea galduko litzake.
Iñaki Iturriotz
Argazkilaria: Iñigo Azkona
PUNTUKA
Bertso Eguna 2006
Txapelketa nagusia amaitu dala hilabete bat pasatu barri dagoen arren bertsoaren kateak ez dauka etenik. BECetik Kursaaleko kubora pasatu zan bertsozaletasuna urtarrilaren 28an egin zan ospakizunean. Ekitaldi nagusian izen eta izan handiko bertsolariak izanikoak eta gaur egun diranak aritu ziren kantari: Manuel Lasarte, Joxe Agirre, Mañukorta, Jon Azpillaga… omendu zituen bertsozaleak eta bertso munduak urteetan egin duten ekarriagatik. Gauean aldiz, afaria eta festa nagusitu ziren Kursaaleko jatetxean bertan. Trikitixaren musika eta beroa tarteko, hainbat bertsolari gazte aritu ziren kantari: Unai Iturriaga, Xabier Silveira zein egungo txapelduna, Andoni Egaña, Oihana Bartra, Jone Uria eta Itsaso Paia bizkaitarrak besteak beste.