"Kantatzeko era eta planta itxuroso batek beti lagunduko deusku ikus-entzuleari bertsoaren edukia barnerarazoten"

Kontaizu

bl27

  • Txaber Fernandez Martin - Santutxu, Bilbo.
  • Bilboko Eskualdeko sariketan baino ez dut hartu parte.
  • Musikako espezialitatean magisteritza ikaslea.
  • Biolin ikasketak burutzen ditu Bilboko J.C. Arriaga kontserbatorioan, erdi-mailako 6. mailan.

 

 

Zailagoa al da herri handietan bertsolaritzagaz harremana izatea herri txikietan baino?

Herri txikietan harremana beti izan ohi da estuagoa, eta seguru asko bertsozaleak kontaktuan mantentzeko errazagoa. Dana dala, gure kasua ez da kontrako ezer, izan be, Karmelo Ikastolan Lehen Hezkuntzatik bertsolaritza arlo bezala eduki dogu, eta horren bitartez ezagutu ahal izan gendun geroago Arkaitz Estiballes, eta beragaz batera Santutxuko bertso eskolako kideakaz jarri ginen harremanetan. Bilbo hiri handia da, baina bertsozaleen txokoa topatuz gero harremana izateak ez dauka bestelako zailtasunik.

Eskualdeko sariketa dator gazteentzat. Zelan ikusten dozu Bilboko taldea?

Taldea ez dogu oraindik osatu, baina honen erabakia hartzerako orduan ez dogu helburutzat "alineaziorik onena" eratzea. Gure bertso eskolaren filosofiak guztion partehartzea bultzatzen dau, aukerak ematea bestelako tokietan kantatu ezin edo gura ez dabenei. Guztiok bizi behar dogu inoz epaimahaiaren aurrean kantatzea zer dan, eta horregatik askotan kanporaketa batetik bestera taldeko partaideak aldatzen doguz.

Zein da astero egiten dozuen prestaketa? Zenbat bider batzen zarie bertsotan egiteko?

Santutxuko bertso eskola eguenero batzen da Santutxuko AEKn, Sorgintxulo Gaztetxea itxi ebenetik. Egun 15-20 pertsona izango dira ostegunero doazenak, hau da, eskolako "kide aktiboak" direnak. Hauez gain bagara beste asko beste kontu batzuengatik joan ezin dogunak, baina eskolarekin beste era bateko ekintzetan parte hartzen dogunak. Santutxuarrez gain badira Bilbo inguruko bertsozaleak be, eta baita Bilbon ikasi edota lan egiten duten beste herrialdeetako batzuk. Normalean talde ezberdinetan banatzen gara; plaza eta txapelketa bertsolariak, hasi berriak eta ibilitakoak…

Urtean zehar zenbat ekitaldi antolatzen dauz Santutxuko Bertso Eskolak?

Santutxuko Bertso Eskola Bilboko aste nagusiko bertso saio guztiak antolatzeaz arduratzen da, eta baita Santutxuko jaietakoez be.Eskola saio hauen antolatzaile, eragile eta partaide da. Hauez gain Udabarriko Bertso Saioak antolatzeaz be arduratzen da.

Bertsolaritza klaseak be emoten dozuz. Zelan azaldu umeei zer dan bertsolaritza eta zeintzuk diren neurriak eta errimak?

Lehen aipatu bezala Karmeloko ikasleak Lehen Hezkuntzan jartzen dira kontaktuan bertsolaritzagaz, eta nik dodazan ikasleak ibilitakoak dira, badakie zeintzuk direan neurriak, eta errimategi be ezagutzen dabe. Nik bestelako aspektuei jartzen dautsiet arreta: gaiari heltzeko aukerak topatzea, errima egokiak aukeratzea, ideiak borobiltzea... Honez gain ahotsaren erabilerarekin be egiten dot behar, izan be bertsolariak kantatu egiten dau, eta ideien transmisioan doinuak be eragin zuzena dauka. "Doinutegia" zabaltzen saiatzen naz, errekurtso ezberdinak eduki dagiezan egoera bakoitzeko, doinu erabilienez aparte. Kantatzeko era eta planta itxuroso batek beti lagunduko deusku ikus-entzuleari bertsoaren edukia barnerarazoten.

 

PUNTUKA

 

GAZTEENTZAKO ESKUALDEKAKO SARIKETEA 2006

Martiagaz batera ohikoa izaten da gazteentzako bertso saioak aurkitzea bertsoen agendan baina Bizkaian garrantzitsuena eskualdeka urtero antolatzen dana da. Aurten talde batean, Arratia, Durango, Busturialdea izango dira, eta beste taldean ostera, Lea Artibaik, Bilboaldeak eta Ipar Uribek kantatuko dabe. Talde bakotxetik saio gehien irabazi dauzen talde biak izango dira Apirilaren 1ean Bilboko Kafe antzokian jokatuko dan finalean. Sariketa hau izaten da eskualde bakoitzeko gazteak plazaratzeko izaten daben aukerarik onena eta baita be bertsozale gazteak animatzeko erea be, kanporaketak eskualde desberdinetako institutoetan jokatzen diralako.

 

Kontaizu

2006, Martxoa 01
Arloa: Bertsoleku