III.en Bizkaiko Bertsolari Gazteen Eguna
- Apirilaren 6an, Larrabetzun.
- Bertsoak eta kantu zaharrak.
- Musika eta kabareta protagonista nagusiak
- Bizkaiko Ume eta Gaztetxoen Txapelketea 2006
Joan zan hilean, apirilaren seian, Larrabetzun ospatu zan egun osoko jaia izan zan III. Bizkaiko bertsolari gazteen eguna. Orain dala hiru urte, Aulestin abiatu zan egun hau antolatzeko aukera, txapel bete bertso ekimena herriz herri, plazaz plaza eta tabernaz taberna gazteak kantuan ari zirenean. Orduko arrakasta ikusita eta iaz Munitibarren egin zan festaren kopurua gainditu guran aurten Larrabetzun egitea erabaki zan; Bizkaiko bertsolari eta bertsozale gazte eta ez hain gazteak batzen dituen eguna. Arratia, Durangaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Txorierri, Ipar Uribe, Ezkerraldea eta Bilboaldea, eskualde guztiek izan eben parte hartzea egun guztian antolatu ziren ekimenetan. Eguerdirako oraindik minutu batzuk falta zirela bertsolariz betetzen hasi ziren Larrabetzuko kaleak eta batez ere tabernak. Bazkaldu aurreko poteoan igartzen zen festarako gogoa eta giroa. Trikitixa, panderoa, xirula eta beste musika instrumentu batzuk lagun ibili ziren bertsolariak, eta orduan entzun zan eguneko lehen bertsoen oihartzuna be. Bertsolariak lehenego jan eta edan egiten dauala esaten dauan esaerari arrazoia emon guran, Larrabetzuko eskoletan itzelezko baba jana antolatu eben sukaldariak baina benetako jaia bazkarian ostean, arratsaldeak aurrera egin ahala etorri zan. Kopak zerbitzatu ostean, Jon Lopategi bertsolari eta irakaslearekin urteetan zehar Kanpantxu baserrian, Gernikan, antolatu izandako egonaldietan famatu egin ziren Bizkaiko kanta zaharrak abestu zituen danen artean. Ondoren, eskualde batzuk euren bertso jarriak kantatu zituen, eta ingelesez zein polakoz be entzun ziren bertsoak. Algorta aldekoak hiru urte hauen balantzea egin eben bertsotan; Busturialdekoak elizaren inguruko kantuen moldaketa barregarria egin eben; eta Euskal Herriko bertsolaritzaren historian izan diran lau bertsolari ezagun bezain handi kantuan jarri ebazan Beñat Ugartetxea bertsolari Mallabiarrak: Mañukorta, Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Patxi Etxeberria. Entzuleak denak harrituta itxi zituen Beñaten imitazioak. Musikak be bere lekua izan eban bazkari ostean, Urrundik heldu naiz Benito Lertxundiren kanta ezaguna kantatu ebalako arratiako bertsolari batek bere ahots sakon eta eztiagaz. Estreinu moduan, Emetik bertso kabareta ikusi ahal izan eben arrastiko zazpiretan Hori Bai gaztetxera urreratu zirean guztiek. Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Oihane Perea bertsolariek prestatutako bertso kabaret ikuskizuna da. Euren esanetan ”Kabaretaren tradizioan denetarik kabitu izan da, eta guk ere, bat bateko bertsoari denetarik edo ahal dugunetik zatirik handiena ipiniko diogu: antzerkia, bertso jarriak, poesia, musika… Baina gure kabaret partikularraren izena ez da Emetik kasualitatez. Emeak gara, emakumeak garelako, eta gizarte honi emakumetasunetik atera gura diogulako punta. Gai asko jorratu gura ditugu gure emankizunetan, baina beti geuregandik abiatuta. ” Gauean, gaztetxean bertan Drindots musika taldearen eskutik egon zan dantzan egiteko aukerea eta Eba Mirentxu kanta ezaguna kantatzeko aukerea beste euskal abesti askoren artean. Goizeko ordu txikietan amaitu zan musika eta musikeagaz batera batzuk etxerako bidea hartu eben baina beste asko eta asko tabernaren bateko epeltasun bila jo eben bertsoaren atxakian antolatutako eguna poto egin gabe amaitzeko.
PUNTUKA
BIZKAIKO UMEEN ETA GAZTETXUEN TXAPELKETEA 2006
Idatzizkoaren kanporaketak:
Maiatzaren 2an, Ondarroako Zubi Zahar ikastolan Maiatzaren 3an, Mungiako Larramendi ikastolan Maiatzaren 4an, Durangoko Kurutziaga ikastolan Maiatzaren 5ean, Gernikako Seber Altube ikastolan Maiatzaren 8an, Trapagarango Itxaropena ikastolan Maiatzaren 9an, Amorebieta-Etxanoko Andra Mari ikastolan Maiatzaren 10ean, Bilboko Abusu ikastolan
Idatzizkoen Finala:
Maiatzaren 12an, Gernikako Seber Altube ikastolan.Sariak Kultura Etxean banatuko dira
Bat-bateko kanporaketak:
Maiatzaren 19an, Bermeoko Eleizalde ikastolan. 14 urtera artekoak Maiatzaren 22an, Markinako Kultura aretoan. 15-16 urtekoak Maiatzaren 23an, Ondarroako Zubi Zahar ikastolan. 17-18 urtekoak
Bat-batekoen finala:
Ekainaren 2an, Bilboko Indautxuko “El Carmen” aretoan. ORDUA: Saio guztiak arratsaldeko 3retan hasiko dira eta bat-bateko finala goizeko 11etan.
Iñaki Iturriotz