Gai bat norbere ikuspuntutik jorratzea asko gustatzen jata
- Peru Vidal Gurrutxaga. 18 urte.
- Plentziakoa izatez, egun Leioan bizi da.
- Igaz Bizkaiko eskolartekoan finalista eta 2006an BBK sariketan finalera heldu zan Ipar Uribeko taldeagaz.
- Algorta arraun taldeko arraunlaria.
Nondik jatortzu bertsotarako zaletasuna?
Bertsozaletasun osoa gurasoengandik jatorta. Gure etxean betidanik domeketan Hitzetik Hortzera bertsolaritzari buruzko telebistako saioa ikusten genduan eta inguruko saioetara be eroaten ginduezan gurasoak.
Txapelketako gazteenen artean zagoz. Zelan ikusten dozu zure burua saioaren aurretik?
Asko kostatzen jat nire burua bizkaiko txapelketan ikustea, baina ilusioz hartuko dot kanporaketea. Badakit gatxa dala saioan aurrean geratzea, baina ni saio polita egiteagaz inor baino pozago egongo naz.
Ze prestaketa egiten da txapelketearen aurretik?
Ez dakit besteak ze prestaketa egingo daben. Errimak landu, bertso idatziak egin, doinuak landu... baina nik ez dot ezer berezirik egin. Bertso eskolakoekin kantatu eta kantatu, besterik ez, nahiko alferra naz horretarako.
Ofizioko lanak ala bakarkakoak dozuz nahiago?
Egia esan ez dakit zer gurago dodan. Biek daukiez gurago izateko arrazoiak. Ofizioan ideia desberdinak agertzen dira eta bien artean ofizioa eraikitzea gustatzen jat. Bakarka ibiltzea niri gehiago kostatu arren, bere gauzea daukala uste dot. Asko gustatzen jat gai bat norbere ikuspuntutik jorratzea.
Urduri jartzen al zara plazan jendeaurrean kantatu behar duzunean?
Ez. Nahiz eta saio asko ez daukadan oso lasai egoten naz jendeaurrean. Beti ibili naz lasai, txikiak ginanean, ikastolan DBHkoen aurrean abestu behar genduanean be lagunak urduri jartzen ziran, eta ni ostera, trankil egoten nintzan.
Epaile batzuen aurrean kantatzeak estutu egiten al zaitu?
Ez naiz epaileengan asko fijatzen, bertsoa jenderaren gustuko izan dan ala ez, horrexek arduratzen nau gehien. Epaileek ez nabe urduri jartzen eta gurago dot, horrela ez dabelako nire bertsoa baldintzatuko.
Algortako bertso eskolako kidea zara. Zelan funtzionatzen dau zuen bertso eskoleak?
Gure bertso eskola hiru taldetan banatzen da: betiko taldea, nagusiak, gazteak eta gura dauen guztiak abesten dauen taldea; gazteona, hau da, Fredirekin ibiltzen garanak eta gero gaztetxuagoena, ikastolatik bertso eskolarako saltoa emon daben gazteena. Azken honeek Xabirekin egiten dabe bertsotan
Zelan animatuko zenuke bertso eskolara zure adineko gazte bat?
Bertsotan oso ondo pasatzen dala esango neuskio. Lehenengo. Bertso eskolan bertan lagun asko eta handiak egin dodaz nik. Gero Bizkaiko beste bertso eskoletakoak ezagutu nebazan eta hortik hasita Euskal Herri osoko bertso eskoletako gazteak ezagutzen hasi naz, Iparralde, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabakoak. Kristona da bertsomunduan sortzen dan giroa. Eta hori horrela dala jakiteko etorri eta hasi bertsotan!!!
PUNTUKA
Bertso Eskolen VII topaketak Irailaren 23-24ko asteburuan Araban, Agurainen egin ziran bertso eskolen topaketak. Euskal Herri osotik joandako jendeak hartu eban parte, danera 57 lagun. Eta azpimarratzekoa da aurten gazteak be parte hartze handia izan dabela. Ikasturte barrirako material barriaren aurkezpena be izan zan. Plazatik ikasi izeneko hiru DVD eta Bertso Gida proiektua, interneteko Elkartearen webgunean bertsolaritza landuteko ariketak barriak. Arrastiko debatearen ostean, afalostean bertso saioa antolatu zan. Etxahun Lekue eta Sustrai Kolina izan ziren bertsotan afalostea alaitu guran.
argazkia: Xenpelar DZ www.bertsozale.com
Egilea:
Iñaki Iturriotz
Argazkia:
Iñigo Azkona