Mendiluzek lortu dau Gozamenaren puntua

Kontaizu

bl47.jpg

  • Zortzi mila bertsozaletik gora Ilunben
  • Zortzi bertsolariek lan ederra osatu eben Gipuzkoako txapelketan
  • Beñat Gaztelelumendi bigarren sailkatu zan, ezusteko ederra
  • Bertsolari eta bertsozaleak, danak gustura Ilunbeko lanagaz

 

Zortzi mila bertsozaletik gora bildu ziran Ilunbeko zezen plazan. Gipuzkoako Txapelketako finalerako ikusmin handia egoan eta aste osoan zehar igartzen zan jendearen bertso gosea. Pronostikoetan barriz final irekia izango zala aurreikusi arren, Aitor Mendiluzek jantzi eban txapela merezimendu osoz, arrasti osoan bertsotan txukun eta ederto egin ostean. Bigarren postuan sailkatu zan Beñat Gaztelumendi gazteak emon eban arrastiko sorpresa, izan be, iñok gutxik etxoten eban emaitza izan zan buruz burukora nortzuk pasatuko ziren esan eben unea. Eguerdiko hiruterdietarako igartzen zan bertsozaleen joan etorria Ilunbe zezen plazaren inguruan. Kanpoan hotz handia egin arren barrualdean, bertsoak lagun eta kalefaziñoaren eraginez bertsozaleen artean giroa bero beroa egoan. Bostak puntuan azaldu zirean zortzi bertsolariak zozketak ebatzitako ordenean: Jesús Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Jon Martín, Jon Maia, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre eta Iker Zubeldia. Agurrean, argi esan eban Jon Maiak egin ahal zan deliturik handiena egin gura ebala, garaipena lortzea, baina Beñat Gaztelumendik zazpi zezen eta txahala egozala kantari esan eta irabazi nahi duenak sufritu beharko dauela iragarri eban. Zortziko handiko ofizioan, bertsolariak ondo aritu ziren bertsotan. Gai serioak egokitu jakiezan eta arrazoi sakonak bilatuz ekin eutsien beharrari. Irazu eta Mendiluze tratu txarrengatik akusatua dagoen pertsona babesteko eskaintza izan daben bi abokaturen papelean jarri ebazan gai jartzaileak eta alde onak eta txarrak atera ebezan argitara. Jon Maia eta Jon Martinen bertsoaldia be aipagarria izan zan. Afari erromantiko bat alkarregaz egin ostean bakotxa bere bikotekidearengana zoaze- iñoan gaiak. Martinek arraro sentitzen zala esan eutson lehen bertsoan, amanteari adarrrak jartzen balebil bezala eta Maiak egurra berak ematen diola baina bestearekin hartzen duela sua erantzun eutson. Zortziko txikian umorezko gaiak nagusitu ziran. Irazu eta Maia ama semeak ziran. Semearen jaunartzeko argazkia ez du kendu gura Irazu amak, Jon semeak, ostera bai Mariñel eran jantzita egoan argazkiari Ternuan Maiak igaz izandako espediziñoa ekarri eban bertsotara Irazuk eta Jon Maiak ternua eta argazkia hain dala eternua esanez hitz joko polita eginez amaitu eban bertsoaldia entzuleen txalo artean. Iker Zubeldiak be ondo erakutsi eban umorearen erabilera zein ondo jagokon eta auzokidea zan Aitor Sarriegiri kanpinean barriz batera oporrak pasatzen egozan gaiean ondo heldu eutson hari horreri:Sarriegik beldurra erakutsiz hasi zan eskopetea atera eta umeari tiro egingo ote eutson Zubeldiak baina argi eman eutson erantzuna: “Lasai eskopetea kotxea dago ta, Hobe txikia itxi eta aita bota” Puntuka eta Hamarreko txikian ere ondo aritu ziran bertsolari danak baina Aitor Mendiluze, Jon Maia, Irazu eta Jon Martinen bertsoek hartu ebezan entzuleen txalorik gehienak. Kartzeko lanean erabakiko zala uste zan saioaren nondik norakoa ikusita eta bertso ederrak entzun ziran behar honetan be. Erantzun bateri etxoten asteak emon dozuz eta gaur jaso dozu espero ez zenduan erantzuna zan kartzelako gaia. Zabala zan oso eta gai asko jorratu ziran. Irazuk 18/98 sumarioan aske geratu zanaren papela defendidu eban, Sarriegi, 40 urteko emakumearen papelean haurdun geratu zan, Zubeldiak ezkontzeko eskatu eta ezetza jaso eban erantzun moduan. Jon Martinek ekarri eban arrastiko barrikuntza eta beharrik puntuatuena be. Habanera neurri ezaguna, kubako dezima estilora egokitua. Neska baten maitasunaren gaia hartuta hemen berak kantatutako bertsoa: Hain zera neska formala, hain zera neska polita. Zu ikusteko irrika maitemin-tzea normala. Mundu guztia bezala, ni're sentitzen naiz lizun. Dula asko esan nizun asko maite zintudala. Oraindik ere ku-ttuna zaude nere barrenean. Azkenean, azkenean! Iritsi da erantzuna: Ezetz esaten duzuna hala eta ezina poza ta bestetan mina horixe da maitasuna. Mendiluzek be, gau bateko abentura kontatu eban bere arrisku eta guzti: Toreatu aurretikan neurtu behar da plaza ni ordea izan nintzen horretan ere eskasa zer pasako, zer zuen ondoren galdera jasa: Hiesaren proba egin, ta itxoitea ez da erraza. Aitor nola izan zinen horretarako kapaza? Gaur jakingo det garesti irten al zaidan jolasa. Paperak ezetza dio, ez, ez dela ezer pasa, eta aspaldiko partez berriz hartu det arnasa. Buruz burukora Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi pasatu ziran. Aitorrek arrasti osoan egin eban puntu kopurua batu eta 946 puntu lortu ostean berak jantzi eban txapela Ilunbe zezen plazan zortzi mila lagunen aurrean. Bigarren Beñat Gaztelumendi sailkatu zan 914 puntugaz. Hirugarren Jon Martin izan zan 555 egaz eta laugarrena Jon Maia 553ko kopuruagaz. Jesus Mari Irazuk 548.5 puntu lortu ebazan eta Aitor Sarriegik 546.5. Unai Agirre sailkatu zan zazpigarren postuan 541.5 puntugaz eta zortzigarren jendearen barrea plazara ateratzea lortu eban bertsolaria, Iker Zubeldia 520.5 puntugaz. Amaieran poza eta festa nagusi izan ziran. Gustura zortzi bertsolariak, gustura zortzi milatik gora ikusle eta txapeldunaren agurragaz amaitu zan Ilunbeko zezen plazako arratsaldeak emon ebana. Aurrena aita zenari ni non nengoke bestela etxekoei ta lagunei ia zorretan bezela bertso eskolari noski badakit hor dagoela ta lagundu didanai nahiz jakin gogorra zela guztioi dagokizue itzalpe honen epela baina ezin ditudanez denak aipatu honela nolabait maite hitzari lotu nahi diot txapela ditudanek ta nautenek bere senti dezatela.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Argazkiak:

Bertsozale Elkartea

PUNTUKA

Kontaizu

2008, Urtarrila 01
Arloa: Bertsoleku