Bertso Bertsioa
- Bertso eguna 2008, kopia eta originala
- Hamazortzi bertsolari, 18 zenbaki,
- Gai jartzaileak letra bihurtu ziran
- Bertsoa eta bertsioaren arteko jolasa
Urtarrilaren 26an antolatu eban Bertsozale elkarteak bere urteroko zita. Bertso eguna 2008k bertsolaritzaren ibilbidean izan diran kezka eta ardura nagusiak plazaratu izan dauz azken urteotan eta aurten be horixe da egin dana. Bertsoa, bertsioa, originaltasuna, kopia, barra kodea, serieko erreprodukziorik eza... erako kontzeptuak lagun hartuta joan zan aurtengoa. Arrastiko seiretan Donostiako kurtsaal aretoa bertsozalez ganezka egoan. Bertsoa, irudia eta musika nahastu ziran eztenatoki ganean bertsolariak eta Logela multimedia taldearen eskutik. Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio agertu ziran taula gainera. Mikrofonoan jarri eta bertso bana abestu eben. Maialen bertsotan ebilela Iturriagaren ahotsa entzun zan eta gero alderantziz. Aurten azpimarratu gura izan dan ideia bat argi geratu zan horrela: Bertsoa dela garrantzitsua eta ez nork abesten dauan. Horrela emon eutson hasiera Iturriagaren ahotsak Maialenen irudiaz: Arratsaldeon bertsozaleak hau da hau giro aparta bertso eguna bihurtu zaigu registratutako marka ea nola gainditzen dogun gure urteroko ataka Bertso bertsio izanagatik ez da izango play-back-a gure ideien eta ahotsen jabe behintzat bagara ta. Hasiera harrigarria izan bazan ondorengoa ez zan atzean geratu. Bertsolariak barra kodearen atzean ezkutatuta egon ziran, izenak zenbaki bihurtu ziran, gai jartzaileak letra moduan aurkeztu ebezan eta bertsoak original izaten saiatu ziran. Bat zenbakia eta lau zenbakia etorri ziren. Anjel Mari Peñagarikano eta Jon Barberena. Anjel Mari bertso egunaren orain arteko ibilbideaz arduratuta egoan eta lehenego garaietako omenaldi bat egiteko proposamenagaz joan jakon Barberena gazteari. Hemen bi bertsolarien bertso bana: Lehen Uztapide omendu zuten ta begira zenbat begi beste batean Jon Azpillaga beste baten Lopategi orain izena zenbaki egin da hori ez al da gehiegi? itzul gaitezen lengo bidera hola ezin leike segi bota eban Peñagarikanok eta Barberenak holan erantzun eutson: Bat-bi-hiru-lau, hobeto da baina hori ere ez da kondena etorkizuna dugu bidea lasai bide ta problema bertsolaritza berri dezagun orain giza ta hurrena sekula ere ez baita hilko berritu egiten dena. Hiru bertsolaria, Igor Elortzaren izena esan ebenean kantu kide maniki bat ipini eutsien alboan. Gai jartzaileak holan esan eutsien: Zu Igor, Igor Elortza zaitugu eta zu neska, saioko neska. Era honetan, urteetan zehar bertsolaritza eta emakumeen arteko erlazioa izan eben aipagai. Igorrek ea denen izenik gabe baina denen izenean kantatzean zer sentitzen dan galdetu eutsan neskari eta neskak berak bere izenean kantatzen duela erantzun eutsan. Lehenego taldetik bigarrena etorri bitartean musikak alaitu eban Kurtsaala. Bigarren taldean be zenbakien eta letren konbinazioa polita izan zan. AHTa, boterearen bertsio ofiziala, bertsoaren errepikapena futbolean moduan... landu ziran gai moduan. Gero hirugarren bertsolaria etorri zan. Bakarkako beharra izan arren, fotokopiagailu bat jarri eutsien alboan orriak bota eta bota ari zela; sumarioak ziran esan Sustrai Kolinak hiru bertso bota zituen 18/98 sumarioa eta egungo egoera politikoa ahoan hartuta. Hara azkena habanera doinuarekin: Madrilen nagusi dira eskusak eta aitzakiak honaino eraman gaitu juezaren erabakiak gu ez izan arren jende beldurti eta kakatiak beraientzat soilik gara terrorista basatiak baina bidea egiten laguntzen du utopiak geuk ebaki behar ditugu momentuak ta tokiak izango dira eskasak ederrak zein egokiak geureak ametsak ditugu ez beste inoren kopiak. Hirugarren taldean be izan zan bertso aipagarririk baina azken beharrean ederto bete eben euren papela. Puntuka aritu ziran sei bertsolariak eta azken urteetan bertsolariek egile eskubideez daukien kezka gaitzat hartuta aritu ziran kantari. Bertsolarien artean hainbeste erabiltzen dan hiztegi errimatuan agertzen dan errima bakoitzeko euro bat bota behar izan eben taula gainera. Laster nagusitu dan diru hotsa baina bertsolariek egin eben ahalegin berezia fakir, Vladimir, mir, seguir.. moduko berbak erabilita. Amaieran, Fredi Paiak kantatu eban Xabier Amuriza liburuaren egileari jubilazioa soluzinatu eutsiela. Aretoko saioa amaitu orduan, afaria hasi zan. Bertso Egunak bertso gabari pasatu eutsan lekukoa. Afalostean giro ona izan zan bertsoa, sagardoa, koplak, trikitixa doinuak, kantuak eta kontuak lagun hartuta goizalderarte luzatu zan lagun arteko festan. Seguru bertso artean pasatu zanaren bertsio desberdinak egongo dirala. Egilea: Iñaki Iturriotz
PUNTUKA
Eskualdekako gazteen sariketea
Aurten be badator BBK sariketea. Bizkaiko gazteen urte osoan izaten daben plazarik garrantzitsuena. Sei eskualdek hartzen dabe parte urtero moduan. Arratia, Lea artibai eta ipar uribe talde batean eta bestean Busturialdea, Bilboaldea eta Durangaldea. Multzo bakotxean saio gehien irabazten dituan talde biak izango dira finalean, Bilboko kafe antzokian aurten be. Aukera ezin hobea dago bizkaiko bertso belaunaldi barria entzuteko eta euren bertsoakaz gozatzeko.