Saioa ondo joateko ezinbestekoa da bertsolari eta gai jartzailearen arteko komunikazinoa

Kontaizu

bl49.jpg

  • Maite Berriozabal, 20 urteko Berriztarra.
  • Publizitate ikaslea eta gai jartzailea.
  • Berrizko bertso eskolan zaletu zen.
  • Bizkaiko BBK lehiaketan aurkezle moduan dabil.

 

 

Noz erabaki zenduan gai jartzaile izatea?

Berrizko bertso eskolan urte batzuk emon ostean bertso eskola ixtea erabaki neban, bertsotan ez nintzelako lar abila. Baina bertso mundua gustoko nebala eta, Bizkaiko Elkarteak antolatutako gai jartzaileen trebakuntzarako ikastaro labur batean emon neban izena. Oinarrizko ezagutza bat bertan emon eustien eta nire lehenengo saioak txapel bete bertso egin nebazan. Gai jartzailearen zeregina gustau eta horretan ahal zan neurrian jarraitzea erabaki neban.

Bertsolari izatetik gai jartzaile izatera pasau zara. Alde handia al dago?

Egia esan, nire bizitzan bertso gitxi kantau dodaz, halan da be, alde haundia dagoela pentsetan dot. Bertsolaria inprobisatzailea da, gai jartzaileak ostera, egoeraren arabera inprobisau arren, aurrez erabakitako oinarri baten gainean jokatzen dau. Eszenatoki bera konpartitu arren bakoitzaren zeregina oso desberdina da.

Zein ezaugarri izan behar dauz gai jartzaile on batek?

Bertsolariak ezagutuko dabezan gai jartzailea da ideala. Bakoitzari zelan zirikatu ahal jakon jakingo dabena, bertsolari bakoitzaren onena atareaz. Azken batean ,gai jartzaileak laguntzaile eta arbitro izaera dauka oholtzan eta hori ondo betetako bertsolarien laguntza behar dau. Horregatik pentsetan dot saioa ondo joateko ezinbestekoa dala bertsolari eta gai jartzailearen arteko komunikazinoa. Bai oholtzara igo aurretik zein ostean.

Zeintzuk izaten dira gaiak bilatzeko erabiltzen dozuzan bideak?

Gaurkotasuneko gaiak ezinbestekoak izaten dira saioaren nondik norakoak markatzeko. Halan eta be, egunerokotasuneko egoerak edota imajinaziñotik ataratako egoera irrealistak be gaiak bihurtzen dira. Gaia edozer izan leike, beti be bertsolaria lar mugatu eta askeegi itxiko ez dabena.

Bertso saio txarra bada gai jartzailearen errua al da?

Askotan baietz uste dot. Oholtza batera igotzen garen danok talde bat osatzen dogula pentsetan dot. Horregatik, zeozerk txarto urtetan badau, danen errua izan leike. Bertsolaria bere onenean ez egotea pasau leiken arren, gai jartzaileak bertsolariak motibatu ez izana be izan leike.

Eskualdeko gazteen sariketa da egunotan. Ze eratako gaiak ipintzen dozuez?

Sariketa honetan nik gai jartzaile lanik ez dot egiten, aurkezle lana bakarrik. Gaiak sinpleak eta heldu leku errezekoak izaten dira batez be holako sariketetan. Ofiziotan bertsolari bakoitzaren papela edo ikuspuntua zehaztu egiten da gehienetan, bertsolariak galbiderik izan ez daien. Bertsolarien zeresana errazten saiatzen da gai argi eta ulerterrezen bidez.

Ze bertsolari eta ze papeletan ipiniko zaunke kantari?

Hori unean unean sortutako kapritxoa izaten da. Zeozer bururatuz gero eta aukera izanez gero ez dot aukerarik galduko.

Errealitateagaz loturea daukien gaiak ala fikziozkoak gurago dozuz?

Errealitatea eta egunerokotasuna ezinbestekoak dira, horreek direlako saioaren oinarria. Baina askotan gai irreal edo fikzinozkoetatik bertso errealak urtetan dabe. Azken baten bertsolariak bere esperientzian oinarrituta kantetan dau. Egoera ez ohiko edo irreal batean jarriz gero be, bertsolariak errealitateko erreferentziak egiten dauz. Bien arteko oreka bat izaten da ideala saio on batean. Onartu behar dot halan eta be ni nahiko fikziozalea nazela.

PUNTUKA

 

Herrialdeetako txapelketak

Martien izango dira herrialdeetako txapelketak. Nafarroan martiaren 15ean jokatuko da final nagusia Elizondoko Lur dantzalekuan. Hiru finalaurreren ostean erabakiko dira finaleko zortzi eserlekuak zein bertsolarik beteko dabezan. Aurten gainera, txapeldun barria izango dau Nafarroak, izan be orain arteko txapelduna izan dan Xabier Silveirak ez dau parte hartu. Arabako txapelketa be zurrunbilo baten moduan sartuko da herrialdean. Finala apirilaren bostean izango da Printzipal antzokian eta hemen be maila handiko txapelketa izango da. Belaunaldi gazteak eta esperientziadun bertsolariak entzungo dira Araban.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Kontaizu

2008, Martxoa 01
Arloa: Bertsoleku