"Bertso-eskolea edozein bertsolarirentzat garrantzi handiko lekua da"

Kontaizu

bl51.jpg

  • Illart Gumuzio, Igorreztarra, 18 urte
  • BBK gazteen sariketan eta eskolartekoetan hartu dau parte
  • Maiatzaren 18an, Arratiako eskualdeko finalean kantauko dau
  • Atletismoan goi mailan lehiatuten da

 

 

Noz hasi zinan bertsotan?

Orain dala lau urte hasi nintzen Arratia institutuan aukerazko ikasgai lez bertsolaritzan. Han, idatzizko lana baino ez gendun egiten eta idatzian neukan erraztasuna zala eta, Juanjo Respaldizak klase ordutik kanpora emoten ebazan bapateko klaseetara joaten animau nintzan. Gero, urte bete edo bi beranduago, Zeanurin batu nintzan, Arratiako Bertso Eskolan eta gaur egun Bertso Eskolan eta Juanjo Respaldizak emoneko orduetan banatuten dodaz bertsotarako daukadazan asteko ordu bi t'erdiek.

Eskolarteko sariketetatik eskualdeko finalean kantetara salto handia dago?

Bai, saltoa handia da eta bertigo apur bat be sentitan da. Orain arte, BBK Eskualdekako sariketan eta Bizkaiko Bertsolari Gazteen Txapelketako lehenengo kanporaketetan baino ez dot parte hartu eta bakotxean hiru bertso inguru bota behar izan dodaz. Oraingoan ostera, hamar bertsoko beharra da egin beharrekoa eta lehenago oholtza ganean topau ez dodazan hainbat beharreri aurre egin beharko deutsiet, puntu biri erantzuteari adibidez. Beste alde batetik, eskualdeko finalean topauko dodan mailea be ez da bardina izango, oraingoan oholtza ganera eginda dagozan bertsolariak izango dodazalako alboan.

Ze asmo daukozu eskualdeko finalera begira?

Errealistea naz eta badakit baten batek izan behar dauala azkena, eta horretarako nik daukat aukera gehien. Hori dala eta, maiatzaren 18an eszenatoki ganean egongo diren bost laguneri gauzak apur bat gatx ipinteagaz konformetan naz, nik egindako beharragaz gustura nagoala esan gura daualako. Ganera, etorriko diran hurrengo txapelketetarako ahal danik eta gehien ikastea positiboa da.

Ze prestaketa egin dozu?

Egia esan behar bada, denbora asko ez dot izan prestaketa on bat egiteko eta Juanjo Respaldizagaz institutuan eta Bertso Eskolan egindakotik aparte ez dot hainbeste egin. Nire kontura egin dodan prestaketan, ideak eta errimak landutea izan da gehien jorratu dodana.

Bertso eskoleak ze inportantzia izan dau zure bertso ibilbidean?

Bertso-eskolea edozein bertsolarirentzat garrantzi handiko lekua da. Normalean, bertan emoten dira bapatean lehenengo pausuak eta egiten dan prestaketa gehiena bertso-eskolan egiten da. Hortik aparte, bertan errimea lantzeko ariketak egiten dira, doinu barriak ikasi eta beste hainbat gauza asko eskertuten dira bertsotan jende aurrean zagozanean. Halan be, nire bertso ibilbidean garrantzi handiena izan dauana, Respaldizaren klaseak izan dira, han sortu jatalako gaur egun bertso eskolan daukadan bertsotarako benetako afizinoa.

Bertsotan egitean edo arineketan egitean, noz euki behar da erresistentzia gehiago?

Leku guztietan pasetan dan moduan, egin beharrekoan arabera baterako edo besterako behar da erresistentzia. Atletismoan, normalean, beti egin behar dodaz antzeko distantziak eta nahiz eta askotan gibela bota beharrean egon, hiru edo lau lasterketen ostean ohitu egiten zara. Bertsotan ostera, orain artean egin behar izan dodazan lanetan burua ez dot erreboluzino handietara ipini behar izan eta erresistenzia ez da izan nire arduretako bat; baina eskualdekoan egin beharrekoa luze gelditu ahal jata eta azkenengo bertsoetarako hasierako freskurea galduteko bildurra daukot.

PUNTUKA

Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2008-04-28 Ate joka dogu Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2008. Garai batean lez, eskualdeetako txapelketak izango dira udabarrian eta udagoienean jokatu dira kanporaketak. Zazpi eskualde danetara, Arratia, Enkarterriak, Durangaldea, Busturialdea, Bilbo eta Lea Artibai eta Ipar Uribe. 62 bertsolari parte hartzailea eta bertso onak entzuteko eta gozatzeko. Txapelketaren informazio eguneratua www.eskualdeka.biz webgunean aurkitu leike historia, saioen egitarau eta bertsolarien biografiakaz batera.

ESKUALDEA HERRIA TOKIA EGUNA ORDUA

IPAR URIBE Areeta (Getxo) Andres Isasi musika eskola Maiatzak 17 18:00 ENKARTERRIA Sodupe Kultur etxea Maiatzak 31 18:00 BILBOALDEA Bilboko Zazpi Kaleak Abante kulturgunea Maiatzak 23 20:00 DURANGALDEA Garai Frontoia Maiatzak 24 18:00 LEA ARTIBAI Amoroto Frontoia Maiatzak 30 19:00 BUSTURIALDEA Gautegiz Arteaga Kultur etxea Maiatzak 4 17:00 ARRATIA Igorre Kultur etxea Maiatzak 18 17:00

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Argazkia:

Bizkaiko bertsozale elkartea - Conny Beyreuther

Kontaizu

2008, Maiatza 01
Arloa: Bertsoleku