Bizkaiko Eskolarteko umeen eta gaztetxuen sariketea

Kontaizu

bl53.jpg

  • 25 urteko lanaren emoitzea
  • Nerea Ibarzabal txapeldun umeen mailan
  • Jone Uria irabazle gazteetan
  • Euskal Herri mailakoan berriz Miren Amuriza txapeldun

 

Bizkaiko Eskolarteko Umeen eta Gaztetxuen txapelketeak 25 urte bete ditu aurten. Mende laurena daroa Bizkaiko Ikastolen Elkarteak Bizkaiko ikastetxeetan bertsolaritzea erakusten eta umeak bertsoaren jolasera hurreratuten. Urteetan egindako beharrak emoitza onak emon ditu eta sariketa hau izan da gazte askoren lehen bertso saioa eta lagun arteko plazea. Aurten be ederto egin dabe bertsolariak euren egitekoa. Bilboko Indautxu plazako El Carmen aretoan bertsozale eta lagun asko batu ziran. Finala hasi aurretik igarten zan egun handien tentsiñoa. 14 urte artekoetan sei finalista igon ziran oholtzara: Sarai Goitia Lekeitiarra, Malen Amenabar Larrabetzukoa, Beñat Iturbe eta Maria Gorriño Zornotzarrak eta Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi Markinarrak. Hasierako beharra, zortziko txikian bertso bat egitea izan zan lau oinakaz. Bertso politak eta ondo osatuak izan ziran bertsook. Bertso bat egiteko gai bera emon eutsien gai jartzaileak: Urteak daroazuz euskal dantzak ikasten. Gaur maite dozun horren aurrean dantzatu behar dozu aurreskua. Malen Amenabar aurreskuaren bidez deklaratu zan, Maria Gorriñok mutila ikustean sentitan eban poza deskribidu eban, Beñat Iturbek txikitatik ikasitakoa erakusteko gogoa azaldu eban eta Sarai Goitiak mutil guapo bateri aurreskua egiteko aprobetxatu eban. Nerea Ibarzabalen bertsoa ekarri dogu hona: Euskal dantzetan hasi nintzen behin proba txiki bat bezela ta ikusi dot dantza guztiak nire bizitza direla bere aurrean dantza eitea jakin ohore bat dela baina badakit dantza barik be asko maiteko nauela. Ofizioka entzun ziran saio umoretsu eta alaien ostean buruz burukora pasatu ziran Nerea Ibarzabal eta Malen Amenabar. Udako oporrak datozela eta, oraindik zer egin ez ekien bi pertsona dira. Malenek inglesa hobetu guran, ikasten jarraitu gura dau eta Nereak gurago dau uda osoa hondartzan egotea. Honeik dira Malenek kantatu eban lehen bertsoa eta Nerearen azkena. Hementxe gabiz aukeratuten zer egin guk udarako ta ezin gara etxean lotu zeuzer aukera beharko hondartza hortan harea artean aspertu azkenerako onena dogu inglesa eitea gure etorkizunerako Oporretan be ingelesera jo neska gibela dozu beno zeozer behar ezkero hondartzan izango nauzu zuk aditz denak ta pronombreak ondo ikasi itzazu eta datorren kurtsoan Malen zuk azalduko didazu 18 urteartekoen mailan zortzi bertsolari finalista aritu ziran kantari. Aitor Beitia, Peio Ormazabal, Xabier Iturraspe, Maialen Markaida, Miren Amuriza, Irati Erkizia, Imanol Uria eta Jone Uria, azken biok neba arrebak. Urte bi zenduzala hasi zinan ikastolan eta urteak eta urteak bertan emon eta gero, gaur dozu azken ikastola eguna zan gaia. Irati Erkiziak holan amaitu eban bere bertsoa: azken eguna gogorra dugu nahiz tristea den panorama / ea praktikan jarri ahal dudan hemen ikasi dudana. Miren Amurizak be ederto osatu eban bere bertsoa: Ondotxo dakit jolas soilekin zenbat ikasi leitekeen ez da erraza ibilbide hau lau berbarekin esaten ikastolatik abiatuta mundu zabalera urten nahiz eta nire azken agurra luzatu deutsadan aurten egunen baten itzuliko naz semOfizioka Aitor Beitiak eta Peio Ormazabalek egin eben saio polita. Anaiak ziran biak. Aitor goi mailako mendizalea beste zortzi milako baten bila joateko prest dagoana eta Peio anaia gazteak ez joateko dinotsa. Mendira noa bizitzeko ta bizi naz hara joateko amaitu eban Aitorrek lehenengo bertsoa eta Peiok: mendia bizi duzula ondo badakit laguna jada / baina ezin duzu gehiago bizi goian geratzen bazara. Ofizioen ostean buruz burukora pasatu ziran Miren Amuriza eta Jone Uria. Puntuari emondako erantzunak ekarri doguz hona.

Miren amuriza

Zenbat sekretu dozuz barruan gordeta?

bihotza daukat kontu txikiez beteta gordetzean ei dago guztien oreka misterio handiena hortxe dago eta.

Jone Uria

Zenbat sekretu dozuz barruan gordeta?

nire burua dago haiekin beteta baina ez ditut esango ta jarri arreta bestela ez dira jada sekretuak eta. Amaieran, Nerea Ibarzabal izan zan umeen mailan txapeldun eta Jone Uria gazteetan. Ekitaldian parte hartu eben, Ikastolen elkartearen lanaren lankide eta lagun izan diran erakundeetako ordezkariak. Zorionak danori!!

 

PUNTUKA

 

BERTSO BARNETEGIA

Bizkaiko bertsolari gazteak ikasturteari behar dan moduko amaierea emoteko Gorozikako aterpetxean batu ziran ekainaren 24tik ekainaren 27ra. Lo zakua eta bainujantzia motxilan sartu eta bertsolari eta bertsozale gazte asko batu ziran Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatu daben barnetegian. Martitzen arrastian elkar ezagutu eta iluntze lasai baten ostean, eguaztenean urteera bat egin eben goizez eta arrastian barriz, bertsotan aritu ziran taldeetan. Eguenean, goizean bertsotan egin ostean arrastian pelota eta mus txapelketea antolatu zan, eta bertso afari bategaz emon jakon amaiera lagun arteko egonaldiari.

Egilea:

Iñaki Iturriotz

Kontaizu

2008, Uztaila 01
Arloa: Bertsoleku