Oihane Perearentzat izan zen Arabako Txapela

Iñaki Iturriotz

bertso_09_04_01Oihane Pereak irabazi zuen Arabako Bertsolari txapelketako finala. Apirilaren 4an, larunbat arratsaldez egin zen finala Gasteizko Principal antzokian. Asier Otamendirekin buruz-burukoan lehiatu ondoren bigarrenez jantzi zuen txapela Pereak.

 

 

 

 

 


 

Asteburu betea izan zen agenda aldetik apirilaren lehenengoa. Korrika amaitu bezperan Arabarrek beste zita garrantzitsu bat zuten hiriburuan bertan, Arabako bertsolari txapelketaren finala. Sei bertsolariek giroa ezin hobeto berotu zuten eta guztiek eskaini zioten euren onena entzuleei. Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Iñaki Viñaspre, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi eta Oihane Perea izan ziren kantari.

Ofizioetako saioaren ostean, puntuen erantzunean nabarmendu zen Perea. Bakarkako lanak ere utzi zuen bertso ale ederrik. Buruz burukoan, bakarkako atalean, egunkarian irakurritakoa sinetsi ezinean kokatu zituen gaiak Perea eta Otamendi. Pereak tratu txarren gaiari buruz kantatu zuen eta Otamendik berriz, Arabako arkeologia lanetan izaniko arazoen gainean kantatu zuen. Hemen Oihane Pereak bere bigarren txapela jantzi zuenean bota zuen bertsoa:

Nahiz ta ez naizen kristaua bertso_09_04_02
hau behar dut bataiatu
zenbat Iñaki daude hemen
zuen eskua altxatu.
Mendiguren bat zor dizut
iaztik ez zait ahaztu
ta Olalde ongi etorri
ta Viñaspre aupatu
baina hau ez dut botako
hau behar dut etxeratu
etxean daukadan haren
ondoan nahi dut iltzatu
nire lagunik onena
gure etxeko teilatu
zu gabe nire bizitza
ezin dut imajinatu

 

 

 

Bertsolari gazteen XVII. BBK sariketa

Bertsolari gazteen XVII. BBK sariketa Ipar Uribeko taldeak irabazi du. Martxoaren 27an ospatu zen finala Bilboko Kafe Antzokian Ipar Uribeko eta Lea Artibaiko taldeen artean. Ohikoa den bezala, bi adin tarteetan banatu zan finala. 18 urteartekoetan, Lea Artibaiko hirukoteak lortu zituen Ipar Uribekoek baino puntu gehiago. Nagusien atalean aldiz, Ipar Uribekoak nagusitu ziren eta puntuen batuketa eginda Ipar Uribeko taldeak irabazi zuen.

Parte hartzaileak Ipar Uribe:
18 urtearte: Inazio Vidal, Peio Arondo eta Imanol Uria
19-24 urte: Arrate Illaro, Peru Vidal eta Jone Uria

Parte hartzaileak Lea-Artibai:
18 urtearte: Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi eta Elene Lejarzegi
19-24 urte: Xabier Iturraspe, Xabat Galletebeitia eta Eneko Arrate

Iñaki Iturriotz

2009, Apirila 06
Arloa: Bertsoleku