Uztapide jaio zela 100 urte
Ehun urte bete dira maiatzaren 10ean Manuel Olaizola, Uztapide ezizenez ezagutu dugun bertsolari handia jaio zenetik eta atzera begiratu bat eman dugu historian bere biografian eta ibilbidean izan ziren jazoerak gogoratzeko.
Gaztetan hasi zen bertsoarekin eta bertsolaritzarekin Uztapideren hartu emana. Garai hartan buruz ikasten omen zituen bertsoak. Gipuzkoan, Lasturko plazan egin zuen bere lehen jende aurreko bertso saioa eta jaio zen baserriaren ezizena hartu zuen.
Plazako bertsolaria
Frankismoaren erregimenak indarra hartu zuenean garai gogorrak etorri ziren eta bertsolaritza eta bertsolaria isileko indar bilakatu ziren eta 40 eta 50eko hamarkadak bertsolarien ahotsak gogor zigortu zituen. Ezkutuko ibilerak egin zituzten Iñaki Eizmendi Basarrik eta Uztapidek, herriz herri eta auzoz auzo.
Urte batzuk geroago, izen handiko bertsolaria zen Uztapide. Hiru aldiz irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, 1962an, 1965ean eta 1967an. Erantzuteko abilezia zen bere bertsokeraren ezaugarrietako bat, umore biziaz eta ahots ederraz lagunduta.
1972an ordea, zoritxarreko gertaera batek ahotsik gabe utzi zuen bertso saio baten erdian eta txapelketatik erretiratzeko erabakia hartu zuen baina lagun arteko bertso jardunari gogotsu eutsi zion. Bertsotan gertatutako abenturak eta jazoerak liburuetan bildu zituen orduan.1974an argitaratu zuen Lehengo egunak gogoan liburua, 1976an sasoia joan da gero bertso bilduma. Duela 25 urte, 1983ko ekainaren 8an hil zen Oiartzunen 74 urte zituela.
Omenaldiz beteriko hilabetea
Uztapideren mendeurrenerako egitarau zabala prestatu dute. Uztapideren gaineko dokumentu bat eman zuten argitara eta baita 1967. urtean TVEk grabaturiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bideoa ere. Auspoak argitaratutako Uztapide bat batean liburua ere aurkeztu dute Zestoan. Uztapideren bat-bateko bertsorik onenak jasotzen ditu CD batekin batera, Uztapideren ahotsean. Bertso saioa ere antolatu dute mendeurrenaren ospakizunaren barruan: Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi eta Andoni Egaña arituko dira bertsotan.