Bizkaiko Eskolarteko txapeldunak
14 urte artekoetan Beñat Mendia zeanistarrak irabazi zuen eta gazteen mailan 18 urte artekoetan Pello Ormazabalek jantzi zuen txapela. Saio polita izan zen barikuan Bilboko Indautxu auzoko El Carmen aretoan jokatu zena.
Bazkalordua iritsi zen epaimahaiaren erabakia ezagutu aurretik. Artean, gosetuta geundela entzun genituen bi txapeldunen agurrak. Goizean 11.00etan hasi zen 14 urte artekoen saioa: Olatz Ipiña, Maria Gorriño, Beñat iturbe, Beñat Mendia, Ander Gerrikaetxebarria eta Maite San Cristobal izan ziren sei finalistak. Bakarrean zein ofizioka lan polita egin zuten bertsolari gazteek eta indartsu daudela argi utzi zuten.
Goizean zehar gehien harritu gintuen bertsoetako bat Beñat Mendia zeanistar gazteak kantatu zuen era naturalean: Kaletik zoazela danak begira dituela konturatu denaren papelean honako ebrtsoa kantatu zuen:
Hemen kaletik noa
Nire nobiagaz
Alkandora eder bat
Fraka laburrakaz
Neska guztiek niri
Begire dekodaz
Nobie, esan egie
Hain guapoa al naz?
Buruz burukora, Beñat Mendia eta Olatz Ipiña pasatu ziren. Saio polita egin zuten eta biak izango dira Bizkaiko ordezkari Euskal Herriko finalean.
Ormazabal anaiak buruz-burukoan
18 urte artekoen atalean Imanol Uria, Nagore Beitia, Maddalen Markaida, Pello Ormazabal, Xabier Iturraspe, Elene Lejarzegi, Txaber Ormazabal eta Arrate Zubigarai aritu ziren kantuan. Lan polita egin zuten denek ere. Buruz burukora nor sailkatuko zen esan zutenean entzun ziren goiz guztiko txalo eta oihurik ozenenak. Ormazabal anaien artean jokatu zen azken saioa. Pello Ormazabal anaia zaharrenak gazteenari, Txaber Ormazabali egin zion keinuak argi erakusten zuen bi anaien poza. Ofizioka eta bakarka ondo ibili ziren bi anaiak eta azkenean zaharrak irabazi zion gazteari.
Hurrengo zita Altsasun daukagu, hilaren 20an jokatuko da Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa. Bizkaiaren ordezkariak Beñat Mendia eta Olatz Ipiña 14 urte artekoetan eta 18 urte artekoetan Pello eta Txaber Ormazabal izango dira.