Maialen Lujanbio txapeldun

Iñaki Iturriotz

maialentxa1Amets Arzallusek eta biek jokatu zuten buruz burukoa eta azkenean, Joxe Agirrek jantzi zion txapela hernaniarrari. Andoni Egaña ere hunkitu egin zen txapela berea ez zen buru gainean ikustean. Bertsolaritzaren historian idatzita geratuko den eguna izan zen BECen bizitakoa.

Goizeko lehen ordutik igartzen zen bertsoen oihartzuna hedabide eta erakustazokaren inguruetan. 14.500 bertsozaleren txalo eta oihuen artean azaldu ziren zortzi protagonistak. Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.

Goizeko saioan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio nabarmendu ziren. Maialenek goitik beherako bertsoak osatu zituen eta Amets izan zen entzuleengana gehien heldu zen bertsolaria. Kartzelako lanak eta zortziko txikian ofizioka izan ziren bertsoek goxotu zuten entzulea.

Eguerdiko tartearen ondoren gogotsu eta hitzeko borrokarako prest agertu ziren berriro. Bertan bildutako zaleak ere, tripa bete ondoren olatu erraldoia eginez eta euskal kantuak kantatuz eztandarazi zuten giroa, bertsolariek eskerrak emateko bertsoen bidez itzuli zutena arratsalde osoan.

Andoni Egaña txapelduna ere hunkituta ikusi genuen buruz bururako Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioren izenak entzun zirenean. Jendeak ere kiniela berdina egina zuela zirudien animo eta oihuak entzun zirenean.

Buruz burukoan bertso gogoangarriak bota zituzten bi bertsolariek. Epaileen puntuetan ere ez dago ia alderik eta hori igarri zen entzuleen txaloetan ere. Azken puntuak kantatu orduko hasten ziren txalo hotsak.

Protagonistek egin zuten lanari dagokionez, Maialenek urte luzeetako ibilbidean ondo baino hobeto merezitako saria jaso zuen, bere bertsokera dotorearen erakustaldia egin zuen atzo ere.Ametsek bere abiadura eta bertsotarako erraztasuna ageria utzi zituen, Jon Maiak inoiz egin duen finalik osoena egin zuen, bakarka asmatuz eta ofizioetan bororbilduz.

Andoni Egañak izaera eta jarrera txapelduna mantendu zituen egun osoan, orain arte plazaz plaza egin duen modu berean.Unai Iturriagak ere pozik amaitu zuen eguna, bere ale dizdiratsu batzuk tusita. Sustrai Colinak gozatu egin zuela aitortu zuen egunaren amaneran, Mendiluzek ohikoa duen zorroztasun eta zehaztasunarekin kantatu zuen eta Aitor Sarriegik ere bere lekua nahi duela erakutsi zuen plazaz plazako jardunean.

Txapeldunaren agurrarekin amaitu zen aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia, mendi errusiarrean gozatu ezaren damurik gabe eta berriro bidaia noiz hasiko gogotsu dauela bertsozaleak.

 

Iñaki Iturriotz

2009, Abendua 14
Arloa: Bertsoleku