Bertso Eguna 2010
Hasi berri dugun urteak ere emango du zer esana bertsoaren inguruan. 2009ko txapelketaren eta finalaren betekadaren ostean urtarrilaren 30ean izango dugu bertsozaleok urteko lehen zita garrantzitsua Bertso Egunarekin.
Bertsoarekin lotura duten gaiekin osatzen da urtero Bertso Eguna. Gai jartzaileak eta gaien ikuspuntuak landu dira, kantaerari dagozkionak, bertsoa eta ikuskizuna, bertsoaren orginaltasuna... izan dira azken urteetako ideiak.
Egitaraua ostera, urterokoa da. Arratsaldean Donostiako Kursaaleko areto nagusian ekitaldi jendetsua egongo da eta bertan Euskal Herriko plazaz plaza dabiltzan bertsolariak entzungo ditugu kantuan, gazte eta heldu, gizon zein emakume esperimentaziorako saioa izaten da bertsozaleen berotasuna lagun. Gauean berriz, Kursaalean bertan dagoen jatetxean, afariaren osteko saioak ematen dio egunari daukan xarma berezia. Mikrofonoa eskurik esku hasten da sagardo kupelen artean eta bertsozale asko bertsolari ere bihurtzen dira orduak aurrera egin ahala.
Hustubetehustu
Izen hori jarri diote aurtengoan eta Jorge Oteiza eskultore handiak bertsolaritzarekin izan zuen harremana hurbiltzea du helburu. Oteizak bere Quosque Tandem liburuan izan zuen bertsolaritza aztergai eta berak ulerkuntza estetiko eta artearen estetikaren barruan kokatu zuen bertsolarien lanaren gaurkotasuna. Artistaren ukitu berezia izango du aurtengo Bertso Egunak.