Neguko Bertso Barnetegia

Iñaki Iturriotz

Santa eufemiko zelaixen

laprast einda jauzi nintzen

eneuen hazurrik hautsi ai

mamine mailetu baizen

Bizkaiko Kopla zahar honek dioen moduan Santa Eufemi inguruan, Aulestian asteburu ederra pasatu zuten Bizkaiko Bertso Eskoletan dabiltzan gazteek.

Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatutako neguko bertso barnetegia aurten ere jendetsua izan da. Hamabost bertsolari batu ziren bizkaiko eskualde desberdinetatik etorriak, Algortakoak, Deustukoak, Ondarroakoak... Bariku iluntzetik domeka eguerdirarte egon ziren bertan eta bertsotan egiteaz gain ondo pasatzeko modua ere izan zuten guztien artean. Guk hona, asteburuan zehar ateratako hiru argazki ekarri ditugu, dakizuen legez, irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten duelako.

p1010370_copia Goizean hasi eta iluntzerarte hainbat bertso saio egin zituzten. Taldeka banatu eta ofizioka zein elkarri puntuka erantzunez jardun ziren gaztetxoak. Argazki honetan sutondoaren berotasuna aprobetxatuz bertsotan aritu zen taldea dago. Bertsolariaren ohiko postura, eskuak atzean eta zutik kantatzearena, jesarrita eta epeletan egotearenagatik aldatu genuen. Bertsoak beroak izan arren, sua ere behar izaten delako batzuetan barrua berotzeko!!

p1010391_copia

Arratsaldeko seirak inguruan meriendatzeko tartea ere hartu zuten bertsolariek. Ondo jatea beharrezkoa izaten da burua eta ideiak fresko mantentzeko eta baita lagun artean giro onean asteburuko zenbait kontu argitzeko ere. Laranjak, ogia, txokolatea, gusanitoak... denetarik probatu zuten larunbat arratsaldeko otorduan. Hori bai, oraindik inork ez du argitu zer gertatu zen edo nora joan ziren falta ziren txokolate tabletak.

Afalostean denetarik izan zuten Santa Eufemiko aterpetxean. Ostiral gauean, ohitura izaten den bezala, bertso afari bat egon zen durangaldeko bi bertsolari ezagunekin. Larunbatean aldiz, gaubela antzeko zerbait antolatu zuten begiraleek. Horrelakoetan festa luzatzea izaten da normalena eta aurtengoan ere goizeko lehen orduak arte ibili dira ikasle batzuk lorik egin ezinda. Eguneko eta gaueko barnetegiak izaten dira bertso barnetegiak, lagun giroan bertsotan egiteko eta ondo pasatzeko aukera ematen dutenak. Hurrengo zita, ekainean izango da, San Juan jaien inguruan.

p1010373_copia

Iñaki Iturriotz

2010, Otsaila 15
Arloa: Bertsoleku