Teoriaren altzoan
Uztailaren hasieran egin ziren jardunaldiak UEUk Eibarren duen Markeskoa jauregian. Bertan, bertsoaren alderdi komunikatiboa landu zuten. Hizlariak izen handiko ikerlari eta bertsolariak izan ziren: Andoni Egañak, ipuingintza, zutabegintza eta bertsotan bakarka gai bati kantatzearen lanak alderatu zituen eta Xabi Payak irudimena nola landu aztertu zuen.
Bigarren egunean Jon Maiak kantaerari eman zion garrantzia eta Ander Lipus aktoreak gorputzaren adierazkortasuna indartu zuen. Hirugarren egunean Joxerra Garziaren txanda izan zen. Jendeaurrean komunikatzeko teknikak eta estrategiak azaldu zituen. Baina dena ere ez zen izan apunteak hartzea. Azalpen bakoitzaren laguntza gisa ekitaldi praktikoak ere egin zituzten, ariketak eta baita bertso saio esperimentalak ere.
Ahoa Bete Hots jardunaldiak
Gauza jakina da bertsolaritzak asko duela ahozkotasunetik. Hori oinarritzat hartuta Mintzola fundazioak, ahozkotasuna zaindu eta lantzea helburu duenak, jardunaldiak antolatu zituen uztailaren 24an hasita. Ahozkotasuna hezkuntzan, literaturan eta hedabideetan izan zen hitzaldien izenburua eta alor horietan lanean dabiltzan pertsonek hartu zuten parte, besteak beste, Piter Ansorena musikoak, Julian Beloki irratiko kazetariak eta Jose Angel Iriagaray idazleak.