Gu ere bertsotan egitasmoa, gazteak euskaratik eta euskaraz jarduteko modua
Ikasleen parte hartzea bultzatu nahi du egitasmoak, bertsoa eta hitza euskarri digitalekin lotu eta euskararen erabilpen praktikoa areagotuz.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ikasturte honetan (2010-2011) jarriko du martxan Gu ere bertsotan egitasmoa Abanto Zierbena, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Enkarterri, Galdakao eta Muskizko DBHko lehen mailatan eta Bizkaia osoko lehen hezkuntzako ehun ikastetxetan. Besteak beste, Bilbo, Aulesti, Erandio, Abanto Zierbena, Berriatua Basauri, Muskiz, Lekeitio, Zeberio, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Barakaldo, Etxebarri, Matiena eta Leioako udalak zein Enkarterri eta Txorierriko mankomunitateak dira proiektuan parte hartuko dutenak.
Urteetako lanak emandako esperientzia lagun, ahozko komunikazio gaitasuna sormenaren bidez lantzea eta hobetzea du helburu egitasmoak, ikasleen parte hartzea bultzatuz. Guztira lau mila ikasle baino gehiagok izango dute hitzekin eta hizkuntzarekin jolasteko aukera, bertsolaritzaren bidez eta baita euskarri digitalen laguntzarekin ere. Era honetan, bertsolaritzak ahozkotasunari egiten dizkion ekarpenak bermatzen dira; azken hamarkadetan irakaskuntzaren erronka nagusi bihurtu den horri erantzunez.
Urrian hasi eta maiatzera arte, astero ordu batez, bertsolaritzako irakasle bat hurbilduko da gelara. Hamabi sekuentzia didaktiko berritan banatutako bertso liburua eskuartean, euskara, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak (jendeaurrekotasuna, autoestimua, elkarkidetza...) landuko dituzte ikasleek. Aurten, gainera, bi urterik behin ospatzen den Bizkaiko Txapelketari ere jarraipena egingo zaio gelan bertan.
JARDUERA OSAGARRIAK
Klaseko eguneroko lanaz gain, hainbat jarduera osagarri ere izaten dituzte ikasleek ikasturtean zehar. Batetik bertso saioak antolatzen dira. Bertsolariekin bertatik bertara egonik eta beraien lana aurrez aurre ikusita, ikasleen bertsotarako motibazioa areagotzen baita. Bestetik Irrati saioa prestatzen dute ikasleek. Bizkaia Irratiarekin lankidetzan Zortziko Txikia irrati saioa grabatzen da, astero astero, azaroan hasi eta maiatzera bitartean. Aste bakoitzean ikastetxe batek parte hartzen du, gelan egindako lana uhinen bidez zabalduz. Bertso Kantaldiak ere antolatzen dira. Gitarra jolearen laguntzarekin, ikasturte hasieratik ikasitako bertso eta kantak abesteko eta kantazaletasuna zabaldu asmoz. Eta, azkenik, Bilbertsoak izeneko bilduma osatzen da. Ikasturte osoko lanaren erakuslehio txiki bat da, ikastetxe guztietan gelaz gela batutako lanekin argitaratzen den liburuxka.