Bat-batekotasunaren hiru adierazpide

Iñaki Iturriotz

Abenduaren lehenengo astean Euskal Herriko plaza eta aretoetan kultura desberdinen arteko kanta eta inprobisazio moduak izan dira ikusgai. Payadoreak, bertsolariak eta repentistak batu ditu plazatik plazera ikuskizunak taula gainean.
 

plazatikplazera

Azaroaren 29tik abenduaren 5era Uruguaytik etorritako payadoreak aritu dira kantuan. Kubako ordezkariak repentistak izan dira, lehenago ere Euskal Herrian egindako jardunaldietan parte hartutako Alexis Diaz Pimienta eta beraien laguntzaile musikariak izan dituzte. Bertsoaren ordezkaritza zabala izan da, eta lekuan lekuko bertsolariek kantatu dute, besteak beste, Etxahun Lekue, Amets Arzallus, Julio Soto eta Maialen Lujanbio txapeldunak.

Inprobisazio bide desberdinak jorratu dituzte egunotan hiru inprobisatzaile taldeek. Ahozko komunikazioak hizkuntza mugarik ez duela argi utzi dute berriz ere eta bat-batekotasunak duen indarrak eta sormenaren ideiek elkarren jardunean eragitea lortu dute, komunikazio bat sortuz eta ideia berriak gauzatuz.

Larunbat gauean Gasteizen izan zen saioan inprobisazioaz gozatu genuen. Bertsolariak, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio txapeldunak, Cubatik Alexis Diaz Pimienta eta musikari laguntzaile Aguiar anaiak izan ziren eta Uruguaytik Mariela Acevedo eta Gabriel Luceno kitarra eskuan dutela etorri ziren.

Hasierako agurren ondoren, ofizioka hasi ziren kantariak. Bertsolariak eta repentistak, Payadoreak eta bertsolariak aritu ziren mikrofonoan kantari. Maialen Lujanbiok bakarkako lanean mundu berri bat irudikatu zuen. Ondoren Kuban hain ezaguna den eta gurean ere entzuna den "segidilla" doinuan parte hartzaile guztiek utzi zituzten oso ale politak. Amaitzeko, agur moduan aita semeak doinu ezagunean agertu ziren hegazkin kontrolatzaileen grebak utziz gero behintzat euren herrira bueltatzeko penaz.

Iñaki Iturriotz

2010, Abendua 06
Arloa: Bertsoleku