Arkaitz Estiballes txapelaren jabe
Arkaitz Estiballesek jantzi zuen Bizkaiko Bertsolari txapelketako txapela Luis Baraiazarraren eskutik. Bigarren Etxahun Lekue sailkatu zen eta hirugarren postua Miren Amurizak lortu zuen.
Final orekatua eta ikusgarria izan zen BECeko plazan. 4200 ikusle aurrean zirela agertu ziren zortzi bertsolariak jende artetik . Animo eta oihuak lagun heldu ziren oholtza gainera.
Ofizioetan ondo aritu ziren, batez ere erantzunez. Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes izan ziren nabarmendu ziren bertsolariak.
Puntu erantzunetan Beñat Ugartetxeak plaza gizona dela erakutsi eta ezin hobeto erantzun zituen bi puntuak ikusleengan harridura sortuz. Bakarkako atalean, bi bertso osatu zituen bertsolari bakoitzak eta ondo josi zituzten guztiek. Jone Uria eta Peio Ormazabal gazteek eta Eneko Abasolok ere lan polita egin zuten arratsaldean zehar.
Bigarren atalean, ez zen emoziorik falta izan. Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue pasatu ziren buruz burukoa jokatzera eta indarra eman zion finalari. Lagun arteko giroan kantatu zuten biek. Bertsoaldi beteak asko egon baziren ere, Arkaitz Estiballesek kartzelako lanean bota zituen lehen biak dituzue hemen. Armairuan gordeta izandako jaka baten topatutako telefono zenbakia gaitzat hartuta dotore josi zituen bi bertsoak izarren hautsa doinuan, xehetasun txikienak ere kontatuz eta istorio oso bat eginez.
Lau urtez egon naiz kartzelan ta
gaixotu egin naiz aurten
horrexegatik epaile batek
kartzelaldia dit eten.
Konfinatuta nago Parisen,
gogoan kontra hemen bizitzen
ta eskuak dauzkat hozten.
Txamarran sartu ditu eskuak
ta begira zer dan irten
CDNi-ko bi poliziak
aspaldi eman zidaten
arazoren bat bada, gizona,
zuk lasai deitu esazu hona.
horixe esan ziguten.
Ta atxilotu ninduten.
Aspaldi hontan kalean nago
baina enabil oso baikor
nire atzetik ustekabean
beti kotxeren bat dator
gaurkoan ere ze katxondeo
C4 bat ta bi Ford Mondeo,
neure atzetik egozkor.
Telefonoa hartu dut eta
zenbakira deitu bizkor
beste aldetik ahots goxo bat:
Ministerio del Interior
ta esan diot naiz Iurrebaso
zuk ezagutzen nauzu akaso
Ahora se pone, si señor;
Baina ez da jarri inor.