Bizkaitik Euskal Herrira

Iñaki Iturriotz
 
txaber
 
 
Ekainaren 18an jokatu zen Aguraingo Harresi Aretoan Euskal Herriko XXII. Eskolarteko bertsolari txapelketa. Jendearen txalo eta animo artean giro goxoa eta bertsotarako ideia onak izan zituzten bertan batutako bertsolari gazteek.

Goizean hasita, 14 urte arteko gaztetxoen saioa izan zan: Protagonistak, herrialde desberdinetako bertsolari gazteak: Peru Abarrategi (Aramaio), Maddalen Arrausi (Gasteiz), Txaber Altube (Abadiño), Arrate Gaztelu (Larrabetzu), Paul Iruretagoiena (Ataun), Aizpea Garmendia (Lazkao), Aitor Servier (Azkaine), Nahia Sasco (Lekuine), Jon Irazabal (Ainhiza-Monjolose), Ellande Dunate (Aiherra), Johaiñe Sarraillet (Lakarri), Ibai Thornary (Zalgize), Maddalen Lopez (Lesaka) eta Beatriz Martitorena (Doneztebe).

Irabazlea Txaber Altube abadiñoko bertsolari gaztea izan zen. Ofizioetako beharrak eta bakarkakoak dotore osatu zituen eta ohikoa duen plazagizon izaeragaz agertu zen mikrofonoen aurrean. Txaber Altuberen izena ezaguna da Bizkaiko bertsogintzan. Izan ere, Eskolarteko idatzizko txapelketak eta bat-batekoak ere irabazi ditu, BBK sariketan ere hartu izan du parte eta ekainaren 3an, Bilbon jokatu zen eskolarteko sariketan maila dotorea erakutsi zuen txapela jantziaz.

Txikitatik du Txaberrek bertsotarako zaletasuna baina bertsolaritza klaseak jasotzen laugarren mailan hasi zen, Abadiñoko Zelaieta herri ikastetxean. Eskolatik bertso eskolarako saltoa eman zuen ondoren. Abadiñoko Gogaikarri bertso eskolan aritzen da kantuan beste lau lagunekin batera. Bertsolaritza eta aisialdia uztartzea zer den ere badaki, Zuhatzako eta Mendatako bertso-udalekuetan parte hartu duelako, eta aurtengo udarako ere planak eginda dauzkalako.
 

Arratsaldeko saioan, 11 bertsolari izan ziren taula gainean: Amaia Lasaga (Gasteiz), Paula Amilburu (Aramaio), Nerea Ibarzabal (Markina), Imanol Uria (Algorta), Maialen Akizu (Urretxu), Eñaut Martikorena (Hernani), Maddi Ane Txoperena (Hendaia), Maddi Sarasua (Itsasu), Mikel Cherbero (Irutegi), Josu Sanjurjo (Lesaka) eta Irati Majuelo (Iruñea). Maddi Ane Txoperenak jantzi zuen txapela.

 

Iñaki Iturriotz

2011, Ekaina 28
Arloa: Bertsoleku