Inprobisazioa eta umorea

Iñaki Iturriotz

Ikastaro hau, gure baitako komikotasuna bilatzeko abenturan bidelagun izan nahi duten bertsolari/zaleei proposatzen diegu. Klown inprobisazioan dugun esperientziaren arabera, ikastaroan proposatuko ditugun ariketak bertsotan inprobisatzeko lagungarri izango direlakoan gaude. Hainbat alor landuko ditugu: entzutea, metafora, disponibilitatea, arnasa, literalak, sortzeko jarioa, huts egiteen kudeaketa, hutsuneetatik irteteko estrategiak, gorputza errekuperatzea, eta abar.

Gure lan moldeak klowna espresio ekintza gisa ulertzen du batik bat, eta espresio ekintza horren bidez norberak bere baitan duen Auguste pertsonaia tradizionala bakoitzak bere-berea duen modu bakanean garatzea nahi du. Ikastaro honen helburua dibertitzea da, gure entzumena hobetu eta inprobisatzeko errekurtso gehiago eskuratzen ditugun bitartean. Bidaia honek nork bere buruaz eta egunerokotasuneko korapiloez umorea egiteko prestutasun osoa eskatuko digu: tikak, obsesioak, maniak, desioak, beldurrak... Guzti hori ez dago garena uste dugun horretatik hain urrun. Pertsona guztiok auto-inportantzia zerrenda luze bat erakusten - edo ezkutatzen- saiatzen baikara. Gure barneko pailazoaren komizitateak horietan ditu bere sustraiak eta bere fruiturik behinenak. Senekak zioen bezala, bere buruaz barre egiten duena ez da inoiz barregarri geldituko.

Metodologia:

Metodologia dinamikoa eta parte-hartzailea izango da. Beroketa fisiko eta emozionalerako ariketak egingo dira; inprobisazio uneak egongo dira, tartean klown inprobisazioak eta ahots inprobisazioak (bertsoak eta ez bertsoak). Eta bizitako horretatik berrelikatzeko denborak egongo dira, klown kodearen hainbat aspektu tekniko jorratzeko bide ematen baitute.

 

Iñaki Iturriotz

2012, Iraila 21
Arloa: Bertsoleku