bertsoa ikasgeletan

Iñaki Iturriotza

Gu ere bertsotanUrria izaten da bertso ikasturtearen hasiera data. Bertso eskolak motorrak berotzen hasten dira udako jai giroaren ondoren. Ikastoletan ikasleak liburuei hautsak kendu eta hiztegi errimatua ere apaletik mugitzeko garaia heldu da.

Ikastolen elkarteak eta bertsozale elkarteak dute transmisioaren ardura nagusiki.

Ahozko komunikazio gaitasuna sormenaren bidez lantzea eta hobetzea du helburu egitasmoak, ikasleen parte hartzea bultzatuz azken hamarkadetan irakaskuntzaren erronka nagusienetakoari erantzunez.

Urrian hasi eta maiatzera arte iraungo du ikasturteak eta lau mila ikaslek parte hartuko dute. Urteetako lanak ematen duen esperientzia lagun, hobetuz eta sendotuz doan proiektu honek oso harrera ona izaten du urtero gaztetxoen eta baita irakasleen artean ere.

Hamabi sekuentzia didaktiko berritan banatutako bertso liburua eskuartean, euskara, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak (jendeaurrekotasuna, autoestimua, elkarkidetza...) landuko dituzte ikasleek. Aurten, gainera, lau urterik behin ospatzen den Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketari Nagusiari ere jarraipena egingo zaio gelan.

Iñaki Iturriotza

2013, Urria 03
Arloa: Bertsoleku