Kez inguraturiko sentimenduak

Kontaizu

a3mus1.jpg


a3mus3.jpg

Ukitu misteriotsua ematen dio keak diskoaren azalari. Lanaren izenburua horixe izanik, ezin ukatu irudi aproposa ez denik. Hitzordua finkatu genuenean ere (Kafe antzokian, goizeko hamarretan), antzeko giroa aurkitzea espero genuen. Baina usteak erdia ustel. Inoiz baino lasaiago aurkitu genuen giroa, lasai Rafa Rueda bera. PILTeko garaitik ezagutzen genuenok ezustean harrapatu gaitu bere bakarkako lehen lanaren aurkezpenak. Egunkariak hartu, eta denetan kontu bera azpimarraturik ageri da: Mungiakoak doinu gogorretatik askozaz lasaiagoetara egin duela salto. Berak garrantzia kendu nahi izan dio horri. “Bakarkako lan bati ekiten diozunean, logikoa da bestelako doinuak erabiltzea. Orain artekoa egiten jarraitzeko, PILT-ekin disko bat ateratzea besterik ez neukan. Baina ni musikaria naiz, zentzu orokorrean harturik. Denetariko estiloekin lan egin dut: musika klasikoa, rocka… Eta oraingoan popa egokitu zait, taldean egiten nuena baino doinu leunagoak sortu nahi nituelako. Estiloak kaligrafiarekin konparatu daitezke. Niretzat garrantzitsuena idaztea da, baina mementoaren arabera kaligrafia bat ala bestea izan daiteke. Orain hauxe egitea tokatu zait, baina gainerako estiloekin ere asko gozatzen dut”. Musikari kosmopolita dela esan daiteke. Edo, behintzat, ikuspegi zabalekoa. Aurre iritzi gabekoa. PILT-en ez ezik, hainbat musikariren ondoan aritu da: Txuma Murugarren, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal (azken bi horiekin Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunean)… Alde horretatik, pribilegiatu bat sentitzen da, orain arte askatasun osoz jarduteko aukera eduki baitu. Baina baliteke entzuleak uste berekoak ez izatea. Alegia, haren kosmobisio horrekin bat ez etortzea. “Horrek ez nau beldurtzen. Entzuleen inteligentzian konfiantza osoa dut. Nik proposatzen dudana ez da batere ulertezina; oso logikoa da. Gerta liteke batzuek gustukoa ez izatea nire alderdi hau, baina hori oso normala da. Gauza bat da gustukoa ez izatea, eta beste bat ez ulertzea zergatik egiten duzun”.

a3mus2.jpg

 

Amodioa, munduaren motorra

Amodioa eta desamodioa, bi gai horiek dute ardatz Kea diskoko kantuek. “Ez dut maitasuna bikote zentzuan erabiltzen. Azken batean, niretzat amodioa baino gehiago maitasuna da bizitzaren motorra. Edozein gauza egiteko beti mugitzen gara maitasun eta maitasun ezaren arabera”. Formula bera aplikatu ahal zaio musikari eta hark Rafaren bizitzan betetzen duen tokiari. “Musikarekin sekulako harremana daukat. Ez dut esango maitasun-gorrotozkoa denik, baina emozionalki, gizakia kenduta, nire bikoterik leialena dela uste dut. Gizakiak alde batera utzita, zerekin ibiliko nintzen gusturago? Musikarekin. Berez, nire bikote perfektua da. Bizitza osoan sekulako harremana eduki dut musikarekin, eta gozatzen dut oraindik. Espero dut harekin disfrutatzen jarraitzea hil arte”. Estreinaldia bakarlari gisa, eta estreinaldia konpositore lanetan. Oraingoan, doinuak ez ezik letrak ere Rafak berak idatzi ditu. “Ez da erraza izan. Musika egitea ez zait zaila egiten, idaztea bai, ez delako ni murgilduta nabilen hizkuntza. Baina nire lehen lana zenez erronka hartzeko prest nengoen, nolabait ni naizen hori hobeto islatu nahi nuelako”. Musikariak ere propio aukeratu ditu lan honetarako: Joaquin Picaza gitarran, David Gonzalez baxuan, eta Borja Barrueta baterian. “Zer edo zer berezia zuten musikariak nigana gerturatzen saiatu naiz, eta, benetan, guztiekin erabat asmatu dudala uste dut. Nolabait, alineazio perfektua lortu dut: alde batetik, nire inguruko jendea dago, eta, bestetik, gustuko ditudan musikariak”. Eta kolaborazioen artean, luxuzko bat: Ruper Ordorikak Kea kanturako eginikoa. “Estudioan sartu nintzenean hantxe zegoen Ruper, bere azken diskoari azken ukituak ematen. Oso gustukoa izan dut betidanik. Arratsalde batean handik pasatu zen, kantatzeko proposatu nion, eta berak oso ondo hartu zuen. Sekulako plazera izan da berarekin kontatu ahal izatea”.

Hamar kantu, hamar erantzun

Hamar kantu biltzen ditu Kea-k, eta haien izenburuaren harira ondokoa erantzun digu Rafak:

01. Leihotik begira. Zer aurkitu nahiko zenuke?

Aurkitu baino gehiago ikusten dudana azpimarratu nahi dut. Behaketa kanta bat dela esango nuke. Nire bizitza osoan arratsalde asko pasa ditut leihotik begira, eta hori buruz hitz egin nahi nuen, horren inguruko hausnarketa egin. Gakoa begiratzean dago, ez ikusten duzun horretan.

02. Ohantzea. Bertan utzitako gauzak?

Normalean, asko kostatzen zait ohantzetik ateratzea. Hango gauzak disgustoarekin uzten ditut.

03. Bide erdian. Hala zaude, bide erdian? Zeren bide erdian?

Beti nago bide erdian. Gustatzen zait bide erditik ibiltzea, bizitzan zein egin ditudan gauzetan. Bihurguneak hartzeko posiziorik onena erdian egotea da, modu horretan datorrena ikusi eta nora jo behar aukera baitezakezu. Azken finean, aukeratzea aurrera pausuak ematea da. Aukeratzeko aukerarik ez baldin badago, ez duzu ibilbidea aldatzerik.

04. Kea. Zergatik kea?

Estetikoki oso hipnotikoa iruditzen zaidalako. Ikusten duguna, errealitatea, desitxuratzen duelako, eta zentzu bikoitz hori asko gustatzen zait. Kearekin suarekin gertatzen den gauza bera gertatzen zait. Sutondoan zaude suari begira, eta denbora modu erlatiboan igarotzen da. Arratsalde asko eman ditut begiratzen nola egiten zuen keak gorantz, pertsiana zirrikituetatik argi izpiak sartzen ziren bitartean.a3mus4.jpg

 

05. Zuzen?

Gauzak zuzen egitea da daukadan eguneroko erronka. Badakit askotan ez ditudala zuzen egiten, baina, behintzat, saiatu egiten naiz. Jarrera baikorra iruditzen zait, nigan behintzat. Autokritika ezinbestekoa da norberaren garapenerako. Ni nahiko zorrotza naiz neure buruarekin, eta horrek beste gauza batzuekin zorroztasun pixka bat edukitzeko eskubidea ematen dit.

06. Hitz antzuak. Azkenaldian hitz antzu gehiegi esaten eta entzuten ditugun seinale?

Bai, agian bai. Azken sasoi honetan hainbeste hitz antzu entzun eta gero, halako gauzez hitz egitea normala iruditzen zait.

07. Argi diskretuan. Zerbait konfesatzerik?

Bai argi diskretuan bai argi indartsu baten aurrean ere. Gauez zein egunez. Argi diskretua harreman estuagorako argiztapen egokia iruditzen zait. Askok komentatu didate disko honetan striptease emozionala egin dudala. Bakarkako lehen lana nuenez, beharrezkoa ikusten nuen niri buruz ahalik eta datu gehien aipatzea. Eta horregatik stripteasearen kontua, emozioak agerian uzteko nahia. Jendeak niri buruz zenbat eta gauza gehiago jakin, ulertzeko datu gehiago izango ditu.

08.Gurariak ibaietan. Memento honetan, zeintzuk dira zure gurariak?

Pertsona zintzoa izatea, eta gauzak ondo egiteko nahi hori ez galtzea. Egunerokotasunean daukat motibazioa, hurrengo egunean ohetik pozik altxatzeko arrazoia.

09.Batela. Hura hartuta nora joko zenuke?

Ziur aski, haizeak eramango nindukeen lekura joko nuke. Ez zait gehiegi gustatzen arraunean egitea, beraz, bertan jarri eta sorpresa! Haizeak jotzen duen norabidearen arabera, batera ala bestera. Gustura. Hori bai, haizea indartsuegia ez bada, hobeto.

10. Euria. Zentzu baikorrean ala ezkorrean?

Euria egiteak badu zentzu ona eta txarra. Kasu honetan, onean hartu dut. Euria katarsis memento bat da. Euriak garbitu egiten du, eta, alde horretatik, ona izan beharko luke. Dezente gustatzen zait, bustitzea ere.

Kontaizu

2003, Abendua 01