Poesiak musikari eskutik heltzen dionean
Musika eta poesia. Batzuetan, bakoitza bere bidetik abiatu eta marra paraleloak marrazten dituzte espazioan. Bestetan, elkarrengana pixka bat hurbildu eta dir-dir egiten duten izartxoak uzten dituzte bidean. Eta noiz edo noiz, gurutzatu eta sekulako txinparta sortzen da. Gurutzadura horietatik sortu dira lanik interesgarrienak. Martxoa aldera abiatu zen Kirmen Uribe New Yorkera, Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna etxe-orratzen hirian aurkeztera. Ikuskizuna, bai, poesia errezitaldia baino gehiago izan baitzen hura. Batzuetan Kirmenek beraren ahotsean, bestetan Mikel Urdangarinenean, bata bestearen ondotik joan ziren Ondarrokoak idatziriko poemak. Eta fondoan, uneoro, Urdangarinek, Bingen Mendizabalek eta Rafa Ruedak konposaturiko notak. Bost aretotan aritu ziren, eta denak leporaino beteta. Zenbaitetan hizkuntza ulertu ez arren (euskaraz eta ingelesez aritu ziren saio osoan), txundituta zeuden entzuleak. Azken batean, bidelagun ona du musika poesiak. New Yorketik bueltan, esperientzia hari jarraipen ematea pentsatu zuten. Eta horrelaxe hasi ziren estreinako emanaldiak, etxean jada. Kontu batek beste batera darama, saioek aurrera egin ahala hainbeste sentipen pizten zituzten doinu eta poema haiek disko batean bil zitzaketela bururatu zitzaien. Disko batean baino gehiago, disko-liburu batean. Puntualizazio horrek badu bere garrantzia. Izan ere, diskoa soinuaren lekukoa da (doinu eta berbena). Liburua, berriz, idatzizkoarena (poemak, Uriberen hainbat gogoeta, eta Mikel Valverderen ilustrazioak). Durangoko Disko eta Liburu azokan, Gaztelupeko Hotsak-en erakusmahaian, publikoarekin lehen hartu-emana eduki zuen. Erakarmena erabatekoa izan zen. Azoka amaitutakoan, halaxe adierazi zuten antolatzaileek: Zaharregia, txikiegia agian bigarren diskorik salduena izan zen.
Poesia herrikoi bihurtu
“Zergatik geratu behar da poesia liburuetan?”, galdetzen du Uribek. “Nik ez dut horretan sinesten. Garai batean, poesia entzutekoa zen. Zergatik orain ez?”. Gasteizko Plaza Berritik hurbil geratzen den taberna batean geratu gara Kirmenekin. Hamaiketakoa hartzeko ordua da, eta jende dezente dago barra inguruan. Ahots murmurioaren artean, bere presentzia nabarmen arazten saiatzen da Pedro Guerraren gitarra bakartia. Orduantxe sartu da Kirmen tabernan, eta mugimendu arraro bat sumatu dugu barraren bestaldean. Handik segundo batzuetara, munduari begiratzeko modu bat proposatu du bozgoragailuak. Kutxatila bere tokian utzi, eta hantxe etorri zaigu tabernako jabea. Duela egun batzuk, Zaharregia, txikiegia agian Antzoki zaharrean egin zuten saioa oso polita izan zela esan dio Kirmeni, halaxe komentatu diotela. Berak ez zuen joaterik izan, baina diskoa bai, erosi eta pare bat aldiz jarri duela. Poesia izan arren, atsegin handiz entzuten dute bezeroek. Ez da horrelakorik entzuten dudan lehen aldia. Poesia izan arren, atsegin handiz entzuten duela jendeak. Poesia eta atseginez entzutea kontrajarritako elementuak izango balira bezala. “Poema bat kanta bihurtzen denean, entzungarri egiten denean, kultura herrikoian sartzen da. Normalean, poesia ez da kultura herrikoiko genero. Genero jasoa da poesia kultua; musika, berriz, herri tradizioari loturik dago. Horregatik, poema bat esparru horretan sartzen denean, ikaragarri pizten da, bizitza hartzen du. Poemari hegoak jartzearen modukoa da: lurretik igo eta bestelako lurraldeak bisitatzen ditu”.
Bigarren aukera poema kanta formatuan idaztea da. “Kantu batek poema liburuaren erritmoa eta tonua hautsi egiten du, eta niri asko gustatzen zait hori, alegia, liburuak tonu bakarrekoak ez izatea. Ez da gauza bera kanta bat entzutea ala irakurtzea, baina irakurrita ere bestelako arnasa hartzen du poemak. Gainera, halako baliabideek desakralizatu egiten du poema liburua. Federico Garcia Lorcak formula hori erabili zuen Canciones liburuan. Poema liburu bat zen, baina kantekin egina. Eta berez ez ziren kanta; gerora bihurtuko ziren kantu, hainbat musikarik doinua jarri zietenean. Baina, modu horretan, Lorcak poesiaren gehiegizko pisua apurtu zuen”. Eta pisu horixe da, hain zuzen, jendea poesiatik urruntzen duena. Horregatik, hasieratik argi eduki zuten Zaharregia, txikiegia agian egiterakoan, ezin zutela musika kutxa batean sartu, eta poesia beste batean. Nolabait, bien artean hartu-emana egon behar zen. “Hutsean errezitaturiko poema bat behin edo birritan entzun dezakezu, baina gehiagotan ez. Eta kanta bat, aldiz, behin eta berriz jar dezakezu. Beraz, poemak kanturantz gerturatzea erabaki genuen, poemen beraien musikalitatea errespetatuz. Azken batean, poema herrikoitzea izan da dena”.
Hitz arruntekin hunkidura sortu
“Bertol Brechtek esaten zuen hitz arruntekin hunkitu nahi zuela. Hitz arruntekin hunkitzen ez den pertsona ez da inoiz hunkitzen, esaten zuen poema batean. Disko-liburu hau bat dator filosofia horrekin. Bertan bilduta dauden poemek hamar idazketetatik gora dituzte, hitz arrunt horiek bilatzen ahalegindu bainaiz. Eta gero hizkera arrunt horrek izan ditzala bost, sei edo gura beste irakurketa. Interpretazioa norberak egin behar baitu”. Azkenaldian, poesia, musika eta ikus-entzunezkoak dezente ugaritu dira gure artean. Poesia liburuetatik askatu, eta jendeari hurbiltzeko bestelako proposamenak dira. Orain arte, behintzat, bide berri horiek emaitza ezin hobeak eduki dituzte. Kirmenek berak, Zaharregia, txikiegia agian osatu aurretik, Bitartean heldu eskutik eta Bar Puertoaurkeztu zituen bide horietatik abiatuta. “Halako ikuskizunak proposatzen dituzunean, jendeari poesia gustatzen zaiola konturatzen zara. Gozatu egiten du harekin. Gainera, apurtu egiten zaizkio poesiari buruz zituen aurre iritziak”. “Poesia gehiegi babestu da bere baitan. Azkenean, mundu txiki batera mugaturik geratu da. Eta Elliotek esaten zuen moduan, iraultza poetiko guztiak garaiko hizkuntzarekin bultzatu behar dira. Hau da, poesiaren hizkuntza erraz zahartzen da, eta, beraz, beharrezkoa da noizean behin berritzea. Nola? Berriro ere bizirik dagoen hizkuntzara eramanda. Gabriel Aresti azkar konturatu zen horretaz. Kultura herrikoian altxor bat aurkitu zuen, eta, nahiz eta garaiko poesia oso sarturik zegoen, herri kontu horiek zer esanik eman zioten. Berak, nolabait, berritu egin zuen hizkera zaharra. Baina berritze hori musikarekin, arte plastikoekin zein ikus-entzunezkoekin ere egin dezakezu. Jorratzeko bide ugari daude, duda barik”.