Laponian ere badute txalapartaren berri
Txalaparta mundu osoan ezagutzera emateko konpromisoa hartu zuten Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez Oreka TX taldeko kideek, eta hitzetik hortzera ari dira esandakoa betetzen. Iragan urtean Indian izan ziren, hango bero sargoritsuaren pean egurrak jo eta ke astintzen. Oraingoan, aldiz, Iparraldera jo dute, lurralde izoztuetara, Laponiara hain zuzen. Laponia Artikotik hurbil dagoen herrialdea da. Nazio horretako populazioa, saamiak, lau estatutan sakabanaturik dago: Norvegian, Suedian, Finlandian eta Errusian. Guztira, saamiak 70.000 dira: Norvegian 35.000 daude, Finlandian 10.000 eta Errusian gutxi batzuk. Indigenatzat dute euren burua. Harkaitz eta Igor otsailean abiatu ziren Laponiara, eta duela bi aste itzuli ziren Euskal Herrira. “Sekulako hotza pasa dugu”, izan ziren ahoskatu zituzten lehendabiziko hitzak. Eta ez da harritzekoa; han tenperatura zero azpitik egoten da sarri. Hain zuzen, beren hoteletik gertu zegoen antzoki batean jotzeko gonbita jaso zuten behin, saioak gauez izan behar zuen, eta halaxe egin zuten: 26 gradu zero azpitik egiten zuen, eta ikusleek estalkiz egindako kapa beltzak eta eskularruak zeramatzaten soinean, hotza uxatzeko. Hotzak hotz, Igor eta Harkaitz poz-pozik itzuli dira Laponiatik. Musika egiteko bide berriak ikertzeko jo zuten hara, eta, bide batez, saamien herria ezagutzeko aprobetxatu zuten. Mendeetan, saamiena herri nomada izan da. Musika tresnak, bizirik irauteko beharrezkoak ez dituztenez, ez dituzte askorik landu. Baina kantua bai, ederki landu dute, eta kantu tradizional eder askoak dituzte.
Lehenik eta behin, Terje Isungset izotzezko musika tresnekin ari den musikari finlandiarrarekin harremanetan jarri nahi zuten Igorrek eta Harkaitzek. Oreka TX-ko kideek material ezberdinekin esperimentatzea gustatzen zaie, dela kartoizko tutuekin, dela burdinazko, egurrezko zein harrizko tresnekin. Eskoziako jaialdi batean izan zuten lehen aldiz Terjeren berri, eta hark izotza lantzen zuela jakin zutenean jakinmin handia piztu zitzaien. Izan ere, izotzarekin musika tresnak egitea posible bazen, zergatik ez txalapartarekin beste horrenbeste egin? Isungsetek emandako irakaspenak oso baliagarriak egin zitzaizkien Harkaitz eta Igorri. Harreman ezin hobea sortu zen hiruren artean, eta izotzez egindako hotel batean (Icehotela ehunka izotz blokeekin egindako eraikina da; uretro azaroan hasten dira eraikitzen eta negua arte egoten da zabalik) grabaketa saio bat egin zuten. Horretarako, izotzezko txalaparta eta makilak egin zituzten. Laponia zinez ederra da, eta aukera izanez gero ez utzi hara joateari. Sarean lurraldea goitik behera arakatzeko zenbait proposamen aurki ditzakezue: Laponia bizikletaz merke-merke egiteko: http://apolo.us.es/josera/Laponia/Laponia.html Eroso bidaiatzea gustatzen bazaizue, ondoko helbideak plan ezin hobea eskaintzen dizue: http://www.mundoartico.com/travesia_laponia.htm Herrialdeari buruzko datu gehiago gura baduzue, ondoko helbidera jo: http://www.andarines.com/jmiralles/laponia.htm
Zazpi urte txalapartari loturik
Oreka TX 1997an jarri zen abian, eta ordutik hona hainbat proiektutan parte hartu du. Quercus Endorphina dugu txalapartari bikote honek grabatu zuen estreinako diskoa. Bertan, 1997. urteaz geroztik landu dituzten soinu eta teknikak aurkituko dituzue. Ez da edonolako lana, grabazioan Kepa Junkera aritu baitzen produktore. Era berean, luxuzko kolaboratzaileen parte-hartzearekin kontatu zuten: Glen Velez, Michel Bordeleu (La Bottine Sourianteko kidea), Mikel Laboa, Ibon Koteron, Phil Cunningham, Justin Vali eta Junkera bera. Taldearen berri gehiago izateko, ondoko helbideetara jo dezakezu: http://www.kap-produkzioak.com/euskara.htm