Bat gehio: Bartzelonako euskaldunak eta beste

Kontaizu

bm12_01.jpg


bm12_02.jpg

«Nahiko talde berezia gara, bai», dio Julen Cobosek, eta Davis Carrerasek baietz egiten du buruarekin, lagunari arrazoia emanez. Aretxabaletakoa dugu Julen, Menorkakoa Davis, baina Bartzelonan bizi dira aspalditik. Hantxe egin zuten topo aurreneko aldiz: zentroko tabernen inguruan ibiltzeko ohitura zuten batek zein besteak; egun batean musikaz berba egiten hasi ziren, doinu kontuetan dezente sintonizatzen zutela konturatu eta elkarrekin zer edo zer egin zezaketela pentsatu zuten. Ordurako Julenek bazuen musika talde bat antolaturik, bera bezala Bartzelonan lanean ziharduten zenbait euskaldunekin batera. Animatzen bazen, haiekin jo zezakeela esan zion Davisi, eta Menorkakoak birritan pentsatu barik baietz esan zion. 90. hamarkada amaiera zen. Astean pare bat aldiz elkartzen ziren Julen, Davis eta beste zenbait lagun. Batek gitarra jotzen zuen, besteak perkusioa, beste batek abestiak idazten zituen… «Sasoi hartan ez geneukan anbizio handirik. Musika gustuko genuen, musika jotzen gozatzen genuen, eta horrekin nahikoa geneukan», azaldu digu Julenek. Baina ezin esan beren musika arrunta zenik. Euskaraz idatzitako letrak tokiko joerekin uztartzea gogoko zuten, hala nola flamenkoarekin, rumbarekin zein bestelako erritmo beroekin. Eta pixkanaka-pixkanaka, formula horrek erakarrita, kide gehiago inguratzen joan zitzaizkien. «Bat-batean ohartu ginen gure doinuak jendeak atsegin zituela, eta orduan zera pentsatu genuen: zergatik ez talde serio bat osatu?». Eta halaxe sortu zen Bat Gehio.

bm12_03.jpg

«2002. urtean maketa bat argitaratu genuen eta bertan, aurreko hiru urteetan osatu genituen kantuak bildu genituen. Ekoizpenaz gu geu arduratu ginen. Lan horrekin Baionako Gazte Leiho saria irabazi genuen, eta sorpresa itzela izan zen guretzat. Izan ere, lehiaketaren ardatza talde irabazleari disko bat grabatzeko eta ekoizteko laguntza ematea zen», azaldu digu Julenek. «Zer edo zer grabatzea pentsaturik geneukan, baina lehiaketa irabazteak prozesua bizkortu zuen», gainera du Davisek. «Hain zuzen, ordurako errepertorio erdia eginda geneukan, baina urtebete behar izan genuen lana biribiltzeko». Lanaren nondik norakoak zehazten zeudela, zenbait lagun musikarik euren laguntza eskaini zieten. Gorka Benitezek eta Juan de Diegok hasieratik parte hartu nahi izan zuten diskoan. Gerora, Dani Figueras –Bartzelonatik dabilen gitarra jole flamenkoa-, Juan Flores –gaur egun Antonio Orozcorekin jotzen duen perkusionista-, Sergio Ramos –Ojos de Brujorekin dabil bera- eta beste hainbat gerturatu zitzaizkien, haiek ere kolaboratu nahi zutela adieraziz. «Konturatu barik, disko mardula osatzen ari ginen», dio Davisek. «Kantuak grabatzea besterik ez zitzaigun falta, eta, horretarako, Paco Romanengana jo genuen, bera baitzen estudioaren jabea. Teorian, hamabost egunetan egin behar genuen grabaketa, baina hainbeste kolaboratzaile genituenez, kontua bi hilabetera luzatu zen. Ondorioz, aurrekontua dezente igo zitzaigun, baina ez zitzaigun axola. Halako disko bat horrelako musikariekin ez da egunero egiten».

Diasporhan dugu iragan apirila eta maiatza bitartean gertatu ziren grabaketa lanen emaitza. Davisen ustez, «bihotzez egindako diskoa da» Diasporhan, bertan parte hartu duten musikari guztiek, taldekoak izan ala ez, euren onena ematen ahalegindu baitira. Orain Jazzetik flamenkora doazen doinuak, letrek zabaldu nahi duten jarrera baikor eta bitalista entzuleen gustukoa izatea espero dute Bat Gehio-koek. «Hizkuntza ez da muga, eta horren adibide da Katalunian dugun jarraitzaile kopurua. Bartzelonan eman ditugun kontzertuetan jendeak harrera beroa egin digu, eta Euskal Herria beste horrenbeste gertatzea espero dugu».

Bat Gehio

dira: Julen Cobos (ahotsa), Eneko Narbarte (gitarra elektrikoa, koroak), Guillermo Trujillano (gitarra, koroak), Juan A. Guerra (baxua), Davis Carreras (bateria). Diasporhan dute euren estreinako diskoa, eta Gaztelupeko Hotsak-ekin kaleratu dute.

Kontaizu

2004, Azaroa 01