Nafarroako kantugia berreskuratzen

Kontaizu

bm14_1.jpg


bm14_2.jpg

Mendebaldeko euskal baladak (Nuevos Medios, 1994) iritsi zen lehenik. Bertan bildu zituzten euskal kantutegiaren lagin esanguratsu eta ezin ederrago bat Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek. Hiru Trukuk, alegia. Hasieran, esperimentu gisa sortu zen proiektua, taldea bera. Gustuko zuten egitekoa, gustuko zituzten kantu zaharrak, gustuko zuten elkarrekin aritzea. Hain gustuko ezen bigarrenez esperientzia errepikatzea erabaki zuten, eta horren emaitza izan zen Mendebaldeko euskal kantuak (Nuevos Medios, 1997). Erdal esaera batek dio birritan egin denak beti duela hirugarren aldi bat. Halaxe gertatu zaie Hiru Trukuko lagunei ere. Lagun batzuek esana zieten euskal kantutegi zaharra berreskuratzen hasi eta zergatik ez zieten behingoz Nafarroako kantuei heltzen. Ideia ona iruditu zitzaien, baina talde kide bakoitzak zituen konpromisoek egitasmoa atzeratzera bultzatu zituen. Harik eta iragan udan hiru musikariak bildu, eta

bm14_3.jpg

Nafarroako kantu zaharrak (Metak) izango zena egituratzen hasi ziren arte. Horretarako, Resurrección Maria Azkueren eta Aita Donostiaren liburuetara jo zuten, eta handik aukeratu zituzten diskorako kantuak. «Kantuak arakatzean, ez ditugu aukeratu nongoak eta noizkoak diren kontuan hartuta, ederrak direlako baizik. Ez dute zerbait zehatzen berri ematen; mundu oso batez mintzo dira. Letra larriz idatz daitekeen kulturaren parte dira, Nafarroako hainbat bailarako kantuak eta hainbat garaitakoak; erromantzeak dira gehienak, baina badago baladaren bat edo beste», azaldu digu Ruper Ordorikak. Guztira, Nafarroako hamahiru kantu zahar bildu dituzte Nafarroako kantu zaharrak diskoan, ziurrenik publikoari ezezagun egingo zaizkionak. «Hautsez beteriko apalategietako liburuek gordetzen dituzten ezkutuko altxorrak bildu ditugu; ez gara herririk herri eta baserririk baserri ibili. Liburu zaharretan aurkitu ditugu hainbat disko egiteko materiala», esan du Martinezek. Abestien hitzak osatzeko orduan., baita bakoitzari doinu egokia emateko ere, Hiru Trukukoek zenbait pertsonen laguntza izan dute, hala nola Jose Angel Irigarai poetarena. Aurrekoetan bezala, Ruper Ordorikak jarri die ahotsa kantu guztiei. Bien bitartean, Joseba Tapia trikitiarekin aritu da, baina kantu batzuetan abestera ere animatu da. Bixente Martinezek, berriz, bouzokia, mandolina eta gitarra jo ditu. Bestetik, lan honetarako beste bi musikariren parte-hartzea izan dute: Arkaitz Miner eta Xabier Zeberio biolin jotzaileena.

Kontaizu

2005, Urtarrila 01