Tolouse eredu

Kontaizu

bm15_1.jpg


bm15_2.jpg

Lehenengo Meatzaldea (Metak) etorri zen. Hardcore doinuak biltzen zituen lan horren bidez ezagutzera eman zen Sagarroi, Joxe Ripiauko abenturarekin amaituz Iñigo Muguruzak (ahotsa eta gitarra) Gorka Basaran (bateria) eta Karlos Zubikoarekin (baxua) batera abian jarri zuen talde berria. Handik bi urtera, 2003an, Euria ari duela kaleratu zuen hirukoteak. Orduko hartan, estreinako lanean suma zitekeen gordintasunetik aldendu zen Sagarroi doinu etnikoei toki eginez. Ildo bera jarraitu dute Tolouselana osatzeko orduan. Ska, reggae-a, rocka eta baladaren bat edo beste. Denetarik du taldearen hirugarren diskoak. Hain zuzen, berba batekin laburbildu beharko bagenu Sagarroiren azken lana, berba hori, duda barik, aniztasuna litzateke. Izenburua bera omenaldi bat da urteekin eta “auzoen karabana”–Frantzia osotik dabilen zirkua- bezalako ekimenekin kulturen topagune bihurtu den Frantziako hiriari. Eta diskoaren azalean, berriz, hainbat arrazetako pertsonaiak antzeztu zituen Anthony Quinn aktorea ageri da. Bien bitartean, disko barruan hamabi kantu aurkituko ditu entzuleak. Joxe Ripiauren garaitik Muguruza eta enparauek erakutsi duten sentsibilitatearen isla dira hitz guztiak. Ahulekiko konpromisoa, arma merkatuaren gehiegikeriak, tratu txarren aurkako oihua… Tolouse «heldutasunaren fruitu» dela dio Iñigo Muguruzak. «Kolektibo gisa lan egin dugu diskoa osatzeko. Kanta bakoitzaren atzean entsegu ordu dezente daude, eztabaida luzeak ere. Prozesu horri esker ondorio batera iritsi gara: soberan den guztia kendu eta kantu bakoitzaren funtsera jo nahi dugu, artifizio oro alde batera utziz». Horregatik, hain zuzen, Afrika Bibangek abesti bati egiten dizkion koroak kenduta, bestelako kolaboraziorik ez dago lan berrian. Muguruza, Basaran, Zubikoa eta etapa honetan taldeari lotu zaion Asier Ituarte (tronboia) bakarrik ari dira Tolousen.

 

Kontaizu

2005, Otsaila 01