Jokuaren amaiera. Hasiera berria
Game Over (Metak) diskoak esangura berezia du Xampe (bateria), David Gonzalez (baxua) eta Rafa Ruedarentzat (gitarra eta ahotsa). Lan honekin ez dute taldearen amaiera iragarri nahi izan, baina bai aro baten amaiera. Izan ere, grabaketa lanetan hasi baino pixka bat lehenago, Aitor Abiok (teklatua) esan zien ezin zuela taldean jarraitu. «Kolpe gogorra izan zen», diote gainerakoek. «Txikitako lagunak gara; koadrila berean irtetzen hasi ginen, eta elkarrekin abian jarri genuen musika taldea». Abiorik gabe Pi L. T. ez zela lehengo talde bera izango pentsatu zuten. Baina aurrera egin beharra zegoen, nola edo hala. Lehenik eta behin, Abiok utzitako hutsunea nola bete pentsatu behar zuten. Baina berehala ohartu ziren joandako laguna ordezkaezina zela, eta hirukote formulari eustea erabaki zuten. Ikuspuntu musikaletik, erronka handia planteatzen zuen horrek, baina horrek ez zituen kikildu. «Guretzat berriro jaiotzea bezalakoa izan da. Estetikoki, beste parametro batzuetatik mugitu gara, ez baita gauza bera laukote gisa aritzea ala hirukote moduan jotzea. Neurri batean, lehen diskoa grabatzerakoan sentitu nuen ilusio bera piztu dit lan honek», azaldu du Rafa Ruedak. Egileen hitzetan, Game over «disko freskoa da, aurrekoak baino rockeroagoa».
Iragan irailean ekin zioten grabaketari, Katarain estudioetan. Teknikari lanetan Jonan Ordorika aritu zen, eta nahasketak Xampek berak koordinatu zituen. Zein? Taldeko gitarra jotzaile den Joaquin Picazak kantu bati egindako ekarpena kenduta, kolaboraziorik ez eskatzea adostu zuten Pi L. T.-koek. «Sormen prozesu osoa taldekideon esku geratzea nahi genuen, hasieratik amaiera arte, hirukote zentzua indartzeko. Egia esateko, kantuak modu naturalean atera zitzaizkigun», dio Ruedak. «Jendeak argi eduki behar du bestelako taldea ikusiko duela agertokian, pertsona berberak garen arren taldea bera dezente aldatu baita. Eta hori berehala antzemango da antzinako kantuak interpretatzerakoan». Pi L. T. taldea izen bereko diskoarekin eman zen ezagutzera orain dela zortzi urte. Handik urte betera bigarren lana kaleratu zuten, Denbora (Esan Ozenki, 1998) izenekoa. Jarraian etorri ziren 3 (Esan Ozenki, 1999) eta Minus (Metak, 2002). Game Over Mungiakoen bosgarren lana dugu.