Rock & roll gordina

Kontaizu

bm19_1.jpg


Markinakoak dira. Rock zale amorratuak. Martxelok –bateria-, Goikok –ahotsa-, Txurrukak –gitarra-, Etxebek –baxua- eta Albertok –gitarra eta organoa- gustukoak zituzten taldeen urratsak jarraitzea erabaki zuten egun batean. Eta halaxe sortu zen Aterkings orain dela bost urte. Hasiera batean, Broca izena hartzea pentsatu zuten, «baina azkenean taldea Aterkings izendatzea erabaki genuen, izugarri miresten dugun Chesterfield Kingsen omenez», diosku Albertok. Askoren ustez, une honetan Euskal Herrian den rock talderik onena osatzen dute. Ez da harritzekoa. Batu aurretik, taldeko kideak beste zenbait musika taldetan aritu izan ziren (Taupada, 6Nemen9...), beraz, eskarmentua ez zitzaien falta. Baina akaso hori baino garrantzitsuagoak dira gaztetatik izan dituzten erreferentzia musikalak. Little Richard, Chuck Berry, Sonics, Wailers, MC5... Haiek entzuten ikasi zuten rock ona maitatzen, bilatzen, konposatzen. 2002. urtean maketa bat osatu zuten Aterkingsekoek. Alboroto izenbururatu zuten, izen zinez egokia. Bertan, kantu propioak ez ezik talde mitikoen bertsioak bildu zituzten. Garai hartan hamaika kontzertu eskaintzeko aukera izan zuten, Euskal Herrian bertan zein kanpoan. Ramonesen elastikoak jantzita igo ohi ziren oholtzara, eta euren abestien lehendabiziko akordeak jo eta berehala isiltzen ziren entzuleak.

bm19_2.jpg

Baina onena iristear zegoen. Lagun eta jaraitzaileen aholkuei jarraituz, disko bat grabatzeko aukera hasi ziren aztertzen. Norekin argitaratu, ordea? Hainbat aukera gainbegiratu ostean, Gaztelupeko Hotsak-engana jo zuten, beren estiloak Soraluzeko disketxearen katalogoari ondo egokituko zitzaiola iritzita. Eta, modu horretan, iragan otsailean Urdulizko Tio Pete estudioan sartu ziren, Rock ‘n’ roll izango zena grabatzeko. «Lehengo taldeen dinamika jarritu dugu: bertsioekin hasi ginen, ondoren maketa etorri zen eta harekin batera kontzertuak areto txikietan, eta antolamendu maila handituz joan zen heinean diskoa ateratzera animatu ginen», azaldu du Albertok. «Rock ‘n’ roll-eko abesti gehienak gugandik atera dira. Gustukoen genituen erreferentzietara jo genuen haiek osatzeko, lehengo rock and rollak biltzen zituen estilo bakar bati ere muzinik egin gabe: garage-a, raw-a, 70. hamarkadako punk-a... Eta horri guztiari indar handia eman genion, grabazio 'potentea' izatea nahi baikenuen. Aurrekoari bertsio bat gaineratu genion –Isley Brothers-en Money- asko gustatzen zaigulako hura jotzea, eta, gainera, taldearentzat esanhai berezia du kantu horrek».

Kontaizu

2005, Maiatza 01