Haizearen oihalak astintzen

Kontaizu

bm19b_1.jpg


bm19b_2.jpg

Pello Ramirez (Ordizia, 1966), akordeoilaria zein biolontxelo jotzailea, Euskal Herrian diren musikari trebeenetako bat dugu. Orain arte besteentzat lan egin izan du, Benito Lertxundi, Niko Etxart, Dulce Pontes, Olatz Zugasti zein Mikel Urdangarinen diskoetan eta zuzenekoetan parte hartuz. Baina aspalditik zuen bakarkako lanen bat kaleratzeko asmoa, eta, azkenean, bete egin du bere desioa. Elkarren eskutik, gipuzkoarrak Haize oihalak diskoa argitaratu berri du. Bertan, musikari fin ez ezik konpositore bikaina ere badela erakusten du. Haur bat besterik ez zela hasi zen Ramirez akordeoia jotzen, eta 19 urterekin violontxelora gerturatu zen. «Betidanik gustatu izan zait bat-batekotasuna. Pianoarekin eta akordeoiarekin horrelaxe aritu izan naiz denbora askoan. Egun batean sortzen ari nintzen piezak bildu, moldatu eta disko batean jasotzeko aukera aztertzen hasi nintzen», esaten du. Lana goitik behera berea dela esan daiteke, piezak konposatu ez ezik kantuetan entzuten diren tresna guztiak –pianoa, txeloa eta akordeoia- berak jotzen baititu. «Modu naturalean sortu da dena. Hasiera batean, akordeoiarekin inprobisatzen hasi nintzen, gero pieza pixka bat garatzen nuen txeloa zein pianoaren ahotsak gaineratuta. Horrela gustura sentitu naiz; ez dut behin ere talde bat eratzearen beharrik sentitu». Bere kantuek, instrumentalak denak, sentsazioak helarazi nahi dituzte. Pertsona lasaia dela dio Ramirezek, eta horrelakoa da bere musika ere. «Musika sortzen da hortxe dagoelako. Ez dago aldez aurretik planteaturiko ideia bat, ez dago nahi argi bat. Irudiak islatzen dituen musika da, natura gogora dakarren eta sentsazio onirikoak zabaltzen dituen musika. Hortik diskoaren izenburua: haizearen oihalak».

bm19b_3.jpg

 

Zea Mays-en itzulera

Sortuz, grabitatearen aurka izenburua du Zea Mays-ekkaleratu duen azken lana. Diskoaren arrazoibideak zeintzu diren? Bat: heldutasuna erakusten duen talde bat daukagu aurrean. Bi: berea egin duten sonoritate propio baten jabe dira eta era berean denboraren joanean maisuki garatzen jakin dute. Hiru: abestiek daukaten argitasuna eta baikortasuna barrutik irtetzen zaie, jada ez daukate ezer galtzeko, baizik eta irabazteko guztia. Lau: disko argitsua da, energiaz beteriko abestien topagunea. Eta bost: bihotzetik irteten den disko bat da. Zeren rock musika hori da, abesti atseginak, bai bizitza alaitzeko, bai bihotza uzkurtzeko; eta Zea Mays taldeak horren inguruan badaki eta lan berri honek bere barruan hori guztia dauka. Eta sorpresarik? Badaude, “Besterik ez naiz” abestia esate baterako, seguraski Euskal Herrian azken urteetan idatzi den abestirik biribilena. Zergatik ez?

Infernua Gatiburen arabera

Gatibu taldearen bigarren diskoa, Disko infernu, kolore anitzekoa eta, gainera, kolore horien atzetik ibili da. Lehen diskoa oso populista zen; hots, lehen entzunalditik buruan geratzen zitzaizun iltzaturik. Lan berriak baditu aurrekoaren ukituak, baina osatuagoa dator. Erabili duten kontzeptua desberdina da, nahiz eta diskoa rockaren inguruak borobiltzen dituen. Oinarri erritmikoak laguntzaile finak bilakatu dira. Gaizka bateria jotzaileak eta Mikel baxu jotzaileak zuzen daramate Gatibu taldearen indarra. Gitarretan soma daiteke aor amerikarraren eragin txiki bat eta beste soinu batzuen atzetik doa Haimar. Ez dago esperimentaziorako gogorik, baina tartea egin zaio bihotzak esaten zuenari. Alex erregistro berriekin sartu da. Bere betiko ahots sendo eta sarkorra badarabil ere, tenpo erdiko abestietan ahots melosoak eta xuxurlatzaileak goxo-goxo jaurtitzen ditu. Laguntzaileen zerrenda luzea da, haien artean nabarmendu daitezke Robe Extremoduro eta Iñaki Uoho.

Kontaizu

2005, Ekaina 01