Martxarako prest

Kontaizu

bm20_1.jpg


bm20_2.jpg

«Gure helburua ondo pasatzea da, eta geure musika entzuten dutenei memento ona pasaraztea». Hortxe dugu Mungiako Los Moñas taldearen egitasmoa, kaleratu berri duen lanarekin -Yamomopipi-Papo- hitzetik hortzera eramaten ari dena. Los Moñas ditugu: Aitor –Txanpi lagunentzat, ahotsa eta gitarra-, Ibon –bateria-, biak ala biak XXL taldean aritu ziren lehenago, eta Ivan –baxua eta ahotsa- azken hori Desfashionen ibilitakoa. Duela urte bete eskas maketa bat grabatu zuten Los Moñasekoek, eta berehala diskoetxeetara bidali zuten. Ez zekiten zer harrera izango zuen beren proposamenak; neurri handi batean, diskoetxeetako profesionalengandik jasotako erantzunaren arabera erabakiko zuten taldearena serio hartzea ala ez. Halako batean, Oihuka-koek beren lanean interesaturik zeudela esan zieten, eta orduantxe erabaki zuten disko landuago bat osatzea. Halaxe sortu zen Yamomopipi-Papo, erritmo biziak biltzen dituen diskoa. Los Moñasekoek azaldu digutenez, berez diskoaren izenburuak ez du ezer adierazi nahi. «Geure borroka oihua da; sentsazio onak iradoki nahi dituen leloa da, besterik gabe». Beatsteaks, Everclear, Stan’s Pilgrims, Green Day, Bad Religion, Third Eye Blind, The Cleftones, Dion & The Belmonts, Wipe Out Skaters, Cornflakes, The Primitives, Los Coronas, La Polla, Rancid…, eta, oro har, punk-aren eta hardcore-aren ildoko musika taldeak gogoko dituzte Mungiakoek, eta haien eragina suma diateke beren lanean ere. XXL-en zeuden garaian, ingelesez kantatzen zuten. Oraingoan, baina, gaztelaniaren aldeko apustua egin dute. «Hemeretzi urte genituenean amerikar taldeek eragin handia zuten guregan, eta horregatik hasi ginen ingelesez abesten. Baina oraingoan hizkuntza aldatzea erabaki dugu, ez baitzeukan logika handirik ingelesez kantatzea gero geure artean erabiltzen ez bagenuen», azaldu digute. Alabaina, zuzeneko emanaldietan euskaraz kanturen bat edo beste eskaini ohi dute, eta beren hurrengo lanean euskarari tartetxo bat emateko asmoa dute.

bm20_3.jpg

 

Elektro-popa Xabaltxen eskutik

Lau urte igaro dira Pantxoa Bergara “Xabaltxek” Gau erdi pasa eta” lana plazaratu zuenetik. Denbora horretan lapurtarra bere azken lana –laugarrena bere ibilbide artistikoaren barruan- osatzen aritu da: SMS galduak. «Mantso-mantso egiten dut lan, presiorik gabe; gauzak ontzeko edo gozatzeko denbora behar da», esaten du berak. SMS galduakdiskoak biltzen dituen kanturik gehienek -11 dira guztira- ukitu intimista dute, baina badira bizpahiru doinu gogorretan sartu barik nolabaiteko mugimendua islatzen dutenak, hots, elektro-poparen bidetik doazenak. Hain zuzen, horixe da –elektro-popa, alegia- diskoan islatzen den musika joera nagusia. Xabaltxek oinarrizko lan guztia edo ia guztia egin du: hitzak, musika, moldaketak… Baina gainerako arloetan zenbait kolaboratzaileren laguntza jaso du. Adibidez, grabaketetan Franz Bernecker izan du ondoan, eta ekoizpenak Pascal Garmendia arduratu da. «Giro goxo eta bitxia lortu nahi nuen, eta, horretarako, soinu minimalista zen egokiena, orkestrazio guztia kantuaren zerbitzura ezarriz. Hori dena bideratu du Pascalek». Musika jotzen, berriz, Xabaltxek berak eta Garmendiak ez ezik Zeelanda Berriko Jaye Proctor eta Galesko Robin Buckley musikariek ere parte hartu dute, lapurtarraren aurreko lanetan kolaboratu duten Wanda eta Sustraia taldeko Mixurekin batera. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du diskoa, eta, bertan, kantak ez ezin Donostian grabaturiko bideoklip bat dakar.

Ez da posible berriro da kalean

Metak diskoetxearen eskutik, berriro kalean da Ez da posible, Ruper Ordorikaren lan ahanztezina. Ruperrek berak zuzendu ditu diskoaren egokitzapen lanak, eta Anjel Katarainek osatu du birmasterizazioa.

Lorca, Lauaxeta eta Gandiaga Zuraren arabera

Ilargi handi, zauri zaraeizena du Zura taldeak kaleratu duen lehen lanak. Bertan aurkituko dituzue Lorcak, Lauaxetak zein Gandiagak idatziriko poemen bertsio musikatua. CD-a ez ezik, DVD-a ere badakar diskoak.

Kontaizu

2005, Uztaila 01