Biok: gogor eta gordin

Estibalitz Ezkerra

bm21_1.jpg


Usansolokoak dira eta Margo debekatuak dute euren estreinako diskoa. Alabaina, ezin esan daiteke Biok taldekoak hasi berriak direnik. Agertoki gainean ari direnean heldutasuna nabari zaie, izan ere, urteak dira boskote hau jotzen hasi zela herrian duten lokalean. Eta kontzertuak ere, eman izan zituzten, ez maila profesionalean, noski, baina lotsa barik. Gerora etorri zen Basauriko maketa lehiaketa, zeinetan lehen postuan sailkatu ziren, eta grabazio apal bat. «Grabaketa hark, baina, ez gintuen erabat ase beterik utzi», azaldu digu taldeko abeslaria den Jon Negreirak. «Ez genuen denbora nahikorik maketa behar bezala atontzeko. Dena den, esperientzia ederra izan zen, grabazio haren bitartez grabaketa estudioen dinamika ezagutu ahal izan genuen». Gerora, urteek aurrera egin ahala, disko luze bat grabatzearen ideia serioski aztertzen hasi ziren. «Prozesu luzea izan da, bai, baina interesgarria. Kostatu zaigu urratsa ematea, eta pozik gaude emaitzarekin. Taldeko batzuek lan egiten dute, beste batzuek ikasketekin dabiltza, beraz, gauera arte ezin ginen estudiora joan grabatzera. Iluntzeko hamarretan hasi eta hurrengo eguna arte egoten ginen estudioan. Zenbait egunetan gaupasa eginda joan behar izan ginen geure lantoki/klaseetara!», esaten du Negreirak. Saio horien emaitza dugu Margo debekatuak, lan zinez gogorra. «Soinu gogorrekin identifikatzen gara ongien», azaltzen du abeslariak. «Ez ditugu apaingarriak batere gogoko. Egia da Mikelek (Kazalis, grabaketetan lagundu egin zien) geure doinuak aberasten lagundu digula, baina hala eta guztiz ere, geure estiloa gogorra eta gordina da». Metak diskoetxearen eskutik kaleratu dute Margo debekatuak, eta harrera ezin hobea eduki du entzuleen aldetik. Hain zuzen, iragan maiatzean Lanzadera Sur musika lehiaketa irabazi zuten eta handik gutxira Festimad Sur jaialdian parte hartzeko gonbita jaso zuten. Dudarik gabe, Biok-en urtea da hauxe.

bm21_2.jpg

 

Lisabören ezkutuko desirak

Izkiriaturik aurkitu ditudan gurakIzkiriaturik aurkitu ditudan gurak-en ideia aspaldikoa da. Hain zuzen, zenbait kantuen letrak hortik zebiltzan sarean bueltaka, mezu elektronikoen bidez komunikatu baitira Lisabökoak disko honetan lagundu dieten kolaboratzaileekin: Anari, Akazauzte, Riddim, Kárhlo Desastre, Xabier Erkizia, Martxel Mariskal, Jon Arga, Experience, Selam eta Manta Ray. Hitzaren zentzu ertzian, talde lanaren emaitza dugu beren diskoa. Eta talderik gabe lanean bildutako soinuak eskaintzea ezinezkoa denez, kontzerturik ez ematea erabaki dute Lisabökoek. «Disko honetan bildu dugun energia abesti berriak konposatzeko bideratuko dugu», diote. Lisabök disko bat zuen kalean jada, Ezarian (Esan Ozenki). Izkiriaturik aurkitu ditudan gurakMetak diskoetxearen Pil Pil Sessions sailaren barruan kaleratu dute.

Estibalitz Ezkerra

2005, Abuztua 01