Ehungarrenean hamaika.

Gotzon Uribe

bm23_1.jpg


Gaztelupeko Hotsak zigilua hainbat nobedaderekin datorkigu. Horien artean izen esanguratsu ugari biltzen dituena “Ehungarrenean Hamaika” izeneko proiektua dugu. Izen honen azpian, Lauaxeta idazle bizkaitarraren inguruan egindako egitasmo musikala azaltzen da. Aurten ehun urte bete dira Lauaxeta Mungia ondoan dagoen Laukiz herrian jaio zela. Hau dela eta hamaika euskal kantari eta konpositore bildu dira bere testuetatik abiatuta, abestiak konposatzeko eta lana egituratzeko. Euskal Herriko dendetan aurki dezakegun disko honetan honakoek parte hartu dute: Mikel Urdangarin, Gari, Eñaut Elorrieta, Rafa Rueda, Jabier Muguruza, Anje Duhalde, Txuma Murugarren, Petti, Xabier Montoia, Xabi Strubell eta Francis Diez. Guztiak, musikagintzan modu aktiboan aritzen direnak eta gaur egungo euskal kantagintza aberasten duten abeslariak. Egitasmoaren zuzendaria Rafa Rueda Mungiako musikaria izan da; ekoizpena eta konponketa musikalak bere ardurapean joan dira. Uztaila eta abuztua bitartean grabatu dute lana Azkarateko Katarain estudioan Jonan Ordorika teknikariarekin, beronen masterizazioa Londresen egin da. Nahasketak irailean egin dira Angel Katarainen eskutik. Diskoaren diseinuari dagokionez Mel Mardaraz diseinatzailea aritu da lanean. “Ehungarrenean hamaika” lanak ere taula gainean burutzea du helburu. Horrela diskoan bilduriko abestiak zuzenean entzuteko aukera izango da, emanaldietan aipaturiko kantariek parte hartuko dute eta berauekin batera Edorta Jimenez idazlea ere arituko da. Honez gain, Lauaxetaren ehungarren urteurrena ospatzeko beste hainbat ekimen izan dira. Mungian eginiko herri opereta adibidez.

bm23_2.jpg

 

BERRI TXARRAK TALDEAREN DISKO BERRIA.

Lekunberriko taldeak beren lan berria plazaratu du egunotan. “Jaio.Musika.Hil” izenburupean Berri Txarrak taldeak disko ederra du esku artean. Garai bateko doinu bortitz eta metal kutsukoak desagertzen joan dira beren azken lanetan eta disko berri honetan beren eboluzioaren adierazgarri dira egindako abesti berriak. Rock melodiek lekua hartzen dute erabat, hitz zainduak eta pultsu eta tentsio berezia daukaten abestiak daude berton. Taldearen bosgarren lana da berau, eta euren esanetan “ilusioz beteriko kantak ezagutarazi nahi izan ditugu”. Pasa den uztailean egin zuten grabaketa saioa Lisabö taldeko Karlos Osinagarekin eta berau aritu da diskoaren grabazioan teknikari. Ondoren, abuztuan Kansas aldera (AEB) abiatu zen hirukotea Ed Rose ekoizlearekin diskoa nahastera. Rose izen handiko ekoizlea da, batez ere, Coalesce, The Get Up Kids edota Kurt Cobain moduko artista eta taldeekin lan egin duelako. Diskoaren masterizazioa New Yorken egin dute. Aipatu behar da Berri Txarrak taldea laukote izatetik hirukote izatera pasatu dela, taldearen barnean ibilbide berri bati hasiera emanez. Bestetik, aipatu ere Deabruak Teilatuetan taldeak “Iraultza Txikiek Asanblada” abestian parte hartu duela.

Hona hemen Berri Txarrak taldeak hil honetan emango dituen aurkezpen kontzertuak: Azaroak 04. Bilboko Kafe Antzokian. Azaroak 05. Pedreguez (Alacant). Azaroak 11. San Francisco (AEB). Azaroak 12. Tijuana Behe Kalifornia-Mexiko. Azaroak 19. Boise-Idao (AEB). Azaroak 25. Artsaia aretoa. Iruñea. Abenduak 03. Vigo. Abenduak 07. Plateruena Kafe Antzokia. Durango.

Gotzon Uribe

2005, Azaroa 01