UDABERRIAK DAKARTZAN DISKO BERRIAK

Gotzon Uribe

bm29_1.jpg


bm29_2.jpg

Durangoko liburu eta disko azoka ez da izaten diskoak plazaratzeko data bakarra. Urtero legez, eta udaberriarekin batera disko berri ugari plazaratzen dituzte Euskal Herriko diskoetxeek. Kasuan kasu, talde berriak zein musika munduan urte mordoa daramaten talde eta artisten disko berriak aurkituko ditugu egunotan kalean. Bi urteko atsedenaren ondoren lan berriarekin datoz Doctor Deseo bilbotarrak. Berauen lana maiatzean izango da dendetan eta “Detrás de los espejos rotos” izenburua eramango du, beren ibilbideko 10. disko honek, taldearen 20. urteurrenarekin bat eginez. Disko berria Platero y Tú taldeko kitarrajolea izandako Iñaki Uohok grabatu du Muxikan duen estudioan. Soul ukituak dituen rock diskoa izango da eta testuak Francisen betiko lerrotik joango dira. Beren lehen aurkezpen kontzertuak Maiatzaren 5ean eta 6an eskeiniko dituzte Bilboko Kafe Antzokian. Bestetik, musika munduan urte dexente daramatzan musikari da Juan Carloz Perez ere. Itoiz taldeko kantaria izandakoak “Hiriko istorioak” lan berria dakar besapean. Zuzeneko errepertorioaren sonoritatea gordetzeko asmoz, estudioan zuzenean grabaturiko disko pertsonal bat. “Atlantic River”, “Hau berua” eta “Ikaro” diskoetako zenbait abestiz gain, inoiz argitara eman gabeko hiruzpalau kantu eta Itoizen garaiko “Astelehen urdin baten” (1978) abestia birmoldatu ditu, bere ibilbidea musikalean pop-rock estilotik aldendu eta jazz formaziora gerturatuz. Fernan Irazoki (bateria), Chris Kase (tronpeta), Gonzalo Tejada (kontrabaxua), Andrey Okejniczak (saxoa) eta Alberto Urretxo (tronboia) ditu abentura berri honetan bidelagun.

bm29_7.jpg

Talde berriei dagokienez Oñatiko Potemkin taldeak ere estreineko diskoa izango du kalean. 70. hamarkadako rocka egiten dute, frontman bizkor eta ahots emankor batez. Bestetik, handik urbil, Oñati ondoan dagoen Arrasatetik datoz Des-Kontrol, beren hirugarren lana “Duintasunez eutsi” aurkeztuz. 1996an sorturiko taldeak 70eko punkaren eta 80ko oi! eta streetpunkaren eragina azaltzen du beren musikan. Autoekoizpenaren bidean dago Eorann Bilboko taldea. Bederatzi abestiko diskoa argitaratu berri du Bilboko talde euskaldun honek. Beren eragin aitortuak popa, post-rocka eta noisea dira, Mogwai, Sonic Youth, Death In Vegas, Yo la Tengo edota My Bloody Valentine moduko taldeen eraginpean. Aipaturiko hauetaz gain beste haibeste disko izango dira egunotan kalean, hona hemen adibide batzuk: Pin Pan Pun Band, Sugan, Noizean Behin, Four Friends, Nuevo Catecismo Católico, Su Ta Gar, Sutura, Chicalera, Stupenda Jones,...

bm29_3.jpg

 

FERMIN MUGURUZAREN DISKO BERRIA

Maiatzaren 4a da Irungo musikariak bere disko berria plazaratuko duen eguna. “Euskal Herria Jamaica Clash” izenburupean Fermin Muguruza Jamaica aldera joan da, bertan osorik grabatzeko lan berria. “Joan den urte osoan egon nintzen disko berri honen proiektua ahalik eta hoberen prestatzen. Gero, 2006ko urtarrilean eta otsailean Jamaikako Kinston hirian ezarri nintzen, abestiak bertako Tuff Gong Internacional estudioan grabatzeko eta gerora nahasketa lanak Shaggy musikariak duen Big Yard estudioan burutzeko”. Horrela, disko berria jamaikar doinu eta kolorez jantzia aurkituko dugu, beti ere beren musikan aurkitu ahal izan dugun sonoritatea baita Jamaikakoa. Diskoaren izenburuan azaltzen den ingelesezko “clash” hitzaren azpian -zeinek “talka”, edota “topaketa” adierazi nahi duen- eta zentzu metaforikoan, Euskal Herriko zenbait musikari aritu dira, hala nola, Jon Elizalde, Xabi Solano eta Xabi Pery. Gerora, Jamaikan bertan Clive Hunt ekoizlearekin batera bertako musikari ugarik parte hartu dute lan berri honetan. Berauek ere artista ezagunenekin parte hartu dute; honako musikari hauekin: Wayne "C#" Clarke (Steel Pulse, Shaggy), Daniel "Axe Man" Thompson (Black Uhuru), Wayne Armond (Jimmy Cliff), Franklin " Bubbler" Thompson (Black Uhuru), Uzziah "Sticky" Thompson (Sly&Robbie), Dean Fraser (Rita Marley, Luciano), David Madden (Skatalites), Keisha Patterson (Sinead O' Connor), Leba Hibberts (Toots&The Maytals), Pam Hall (Fab5), I- Threes (Rita Marley, Marcia Griffiths, Judy Mowatt), U-Roy, Masta Blasta, Luciano eta Lisa Dainjah. Disko berriarekin batera nobedade gehiago daude, hala nola, Manolo Gil egileak burutu duen bideoklipa. Hain zuzen, animaziozko bideoklipa da, 3D formatuan egina eta bertan, Euskal Herriko frontoi batetatik abiatuz “clash” edota talka hori metafora gisa erabilita, Albert Einstein azaltzen da kontalari moduan. Inguruan agertzen dira Bruce Lee, Bob Marley, Gandhi eta Fermin Muguruza bera. Ezaugarri honetako -3D formatua- lehen bideoklipa da Euskal Herrian. 3D teknikaren bidez, Muguruzaren eta gainerakoen irudiak landu, eta haien mugimenduak atzeman dituzte. Hau da, ordenagailuz sortu dute keinu oro. Eta, gero, nahierara dantzarazi dituzte. Eta jantziak sortu dituzte, Einsteinen zapatak esaterako, edo zesta puntan jokatzeko zesta bera ere bai. Manolo Gil eta haren enpresa, ITP, Muguruzaren bideoklip gehienen egileak izan dira Kortaturen garaitik. Beste nobedade bat da, Fermin Muguruzak disko hau plazaratzeko auto-ekoizpenaren bideari ekin diola, zigilu propioa sortuz, “Talka records” hain zuzen ere. Honela bera izango da bere musikaren gestioaren kontrol guztia izango duena.

Gotzon Uribe

2006, Maiatza 01