ETXE Berrizko pop cantaría

Kontaizu

bm40_1.jpg


bm40_2.jpg

Iñaki Etxezarraga “Etxe” 22 urteko Berrizko kantariak bere bigarren lana plazaratu berri du. Lehenengo diskoarekin izandako oiartzunak lagundu dio Etxe kantari gazteari kantagintzaren munduan bere lekutxoa egiten. “Bidea eginez” (Oihuka 2007) deitzen da bere bigarrengo diskoa, herrian Berrizen, egina eta grabatua, lagun dituen Sei Urte taldekoen baserrian. Aurreko diskoa hasierako lana izan bazen, lan berri honetan segurtasuna azaltzen du kantariak “bueno, egia da aldaketa handia egon dela hasieratik hona. Hasieran ni gitarra akustikoarekin bakarrik hasi nintzen. Gero taldea osotu eta pop doinuak egiten jarraitu nuen. Eta orain berriz rock-a nahastu dut doinuetan. Baina non nagoen esan behar badizut musikaren bidean nagoela esango nuen”. Eta ez zaio arrazoirik falta, pop-rock klasikoko doinuak nabari dira abesti berrietan, kitarra eta bateriaren presentzia errealak abestiak hornitu egiten ditu eta bai kantaeran eta bere jarreran ere gaztetasuna alde duela igarri daiteke. Gaztetasuna aipatu dugu, baina honekin lotuta Etxek adierazten duen humiltasuna eta batez ere doai moduan daukan naturaltasuna askotan faltan botatzen den gauza da euskal musikan. “Bueno beti esaten didaten gauza bat da humiltasunarena. Egia esan ni naizen bezalakoa azaltzen naiz leku guztietan. Eguneroko bizitzan ere horrelakoa naiz. Eta musikan ere horrela jarraitzea nahi dut. Jendeak esaten dit famatua egin naizela baina nik nahiago dot ezaguna naizela esatea, ez famatua”. 2005ean argitaratutako lehen maketa kontuan hartuta, lan berrian aldaketak daudela ezin da ukatu. Katuen sakontasuna askoz handiagoa da, kantariak bere neurriko taldea osatu du. Hamabi abestiko diskoan kolore desberdineko abestiak aurkitzen dira. Seiurte taldeko Iokin eta Iñaki Elortza anaien babesa izan du eta horrek Etxeren musika sendotu, gidatu eta markatu egin du. Lagun onak izatearen mesede. Disko berri honek rocka eta popa uztartzen ditu. Bizitasun eta indar handiko abestiak tartekatzen ditu ukitu samurragoa eta intimoagoa duten kantuekin. Ahots trinkoa du eta gorputz handikoa. “Oso barrutik ateratako kantuak dira. Momentu konkretuetan bizi izan ditudan sentimenduak adierazi ditut. Aurpegi bi dituela esango nuke diskoak. Alde batetik alaia, eta bestetik triste edo intimoagoa. Orokorrean edozein pertsonak izan ditzaken sentimenduak ageri dira”. Kontuak kontu belaunaldi berri baten adierazgarri diren talde eta musikariak ari dira ateratzen, kasuan kasu gazteak, hor daude Kauta, Kerobia, Sexty Sexers edota Etxe bera ere “poztekoa da talde berriak agertzen direla ikustea. Horrek esan nahi du euskal musika egoera osasuntsuan dagoela, eta indar handiko taldeak agertu dira azkenaldian. Horrek niri asko pozten nau. Eta horren parte izatea niretzako oso garrantzitsua da, uste dut horrekin nire aportazio txikia egiten diodala euskal musikari eta orokorrean euskal kulturari ere”.

 

Kontaizu

2007, Maiatza 01