MUSIKA MUNDUKO JOLASTOKIAN
Elkar diskoetxearen eskutik eta Fermin Muguruza kantariaren zuzendaritzapean haurrei zuzendutako disko bilduma bat plazaratzen da. Zortzi diskoz osaturiko bilduma da, horietako bi Euskal Herrian eginak eta beste seiak kanpoan.
MEXIKO. Los Lobos. “Papa´s dream”
Aerostato hegalarian aitonaren urtebetetzera joateko gonbitea egiten dute Los Lobos rock taldeak, Papa Lalok (Lalo Guerrero) eta punta-puntako musikariek. Mendien gainetik, basoen artetik, amamaren etxera bidaiatzeko gonbitea da. Haur nahiz helduek ederki gozatuko dute familia horren abenturekin. La Bamba eta Wooly Bully doinu atsegin eta gogoangarriak aurkitzen dira, besteak beste, diskoan. Berez, Los Lobos rock talde bat da tex-mex, rock’n’roll, country, folk eta blues estiloen eraginpean kokatzen dena. Mexikoko musika tradizionala rock’n’rollarekin uztartzean ospea lortu zuten. 80. hamarkadan izan zuten arrakasta garairik nabarmenena, batez ere 1987an “La Bamba” plazaratu zutenean.
KUBA. Liuba María Hevia. “Travesía Mágica”
Kubako kulturako ahots ezaguna da Liuba Maria Hevia musikagile eta kantaria. Haur munduari eskainitako lan mardula jasotzen du disko honek. 2000. urtean grabatu zuten bilduma. Hevia, ez zen aritu bakarrik lan honetan; haren alboan izan ziren, besteak beste, Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Amaury Perez eta Carlos Varela. 1964an Habanan jaiotako kantaria, 8 urterekin hasi zen gitarra jotzen. Bere abestietan habanerak, son kubatarra, guajirak, tangoak eta ballenatoak azaltzen dira beste batzuen artean. Ezaguna da haurrentzat egindako lanengatik.
JAMAIKA. Cedella Marley-Booker with Taj Mahal. “Smilin’ island of song”
Bob Marley abeslari ezagunaren amak Jamaikako haur kantak eskaintzen ditu disko honetan, Taj Mahal blues jotzaile ezagunaren laguntzarekin eta Trinidad´s Kester Smith taldearen Calypsoaren erritmoa ahaztu gabe. Osagai guztiak nahastuta, disko emankor, koloretsu eta jostaria sortu da.
NEW ORLEANS. Buckwheat Zydeco. “Choo Choo Boogaloo”
AEBetako musikaren historian leku garrantzitsua izan da New Orleans, eta musika beltzaren garapenean eragin zuzena izan du, gainera. Musika beltza Europatik etorritako beste estilo batzuekin (batik bat, frantsesa eta latindarra) nahasten ditu talde honek. Distiraz eta originaltasunez beteriko diskoa da, kaletiarra, baikorra eta dibertigarria. ZydecoLousianako erritmo berezi bat da, dantzarako musika non cajunestiloa afrokaribear musikarekin, blues, country eta rythm & blues estiloekin batzean berezko estilo hori sortzen den. Instrumentu nagusia akordeoia da eta honekin batera koilarak eta garai batean garbitzeko erabiltzen zen egurrezko ohola erabiltzen dira. Buckwheat Zydeco estiloaren zabalpena bultzatzen lagundu duen talderik garrantzitsuenetarikoa da. Taldea 1979an sortu zen.
EUSKAL HERRIA. Jabier Muguruza. “Ja Ja”
Musika munduan Javier Muguruzak egindako lanaren lehen fruitua edo emaitza da disko hau. Duela 17 urte grabaturiko lana da. Ume kantak, musika alaia eta sentimenduz beteriko mezuak nahasten dira. Disko freskoa, samurra, baikorra eta maitasunez beterikoa.
LIVERPOOL. The Beatles songs. “All you need is love”.
Beatles talde ezagunaren eta ospetsuaren abestiek munduari bira eman diote. Txoko guztietan aspalditik egin zen ezagun taldea, eta baita euren abestiak ere. Mezu baikorrak, gogotsuak eta itxaropentsuak igorri zizkieten entzuleei, gizarteari, kulturari eta belaunaldiei. Munduko musikaren erreferentzia eraginkorrena aurkezten zaie gaztetxoenei disko honen bidez.
HEGOAFRIKA. Ladysmith Black Mambazo. “Gift of the Tortoise”
Hegoafrikako talde ezagunak ingelesez eta zulu hizkuntzaz kantaturiko haur kantak biltzen ditu disko honetan. “Gift of the tortoise” diskoa (Dortokaren oparia) ederra, samurra eta sakona da. Zulu hizkuntzaren nortasuna eta indarra erakutsi nahi da, Johnny Clegg gitarra jotzailearen laguntzarekin.
EUSKAL HERRIA. JC Perez & Bernado Atxaga. “Flannery eta bere Astakiloak”
Duela 20 urte Bernardo Atxaga idazleak sortutako ipuin bildumako protagonistei eskainitako abestiak jasotzen dira disko honetan. Ipuin bildumako izarrek telebistara egin zuten jauzi, eta orduan sortu zituen J.C. Perez musikariak bildumako abestiak. Itoitz musika taldearen eragina nabari da diskoko pop doinuetan.
Gotzon Uribe