Laranja garaiaren bukaera

Iker Zabala

Gariren ahots goibelak zioen bezala, garai onenak betiko ez direla sobera badakigu. Are gehiago, bizi ditugun urte estuek ederki erakutsi digute ametsak urratu eta desegin daitezkeela, berriro zutik jartzeko indarra estaltzeraino. Eta proiektu eta erronken kiskaltze uholdeak euskal kirolaren ikonoetako bat ere harrapatuko du, azken uneko mirari bat heltzen ez bada. Euskadi Euskadi txirrindularitza taldeak, 1993an hasiriko ibilbideari azken etena jarriko dio, orain arteko patrozinatzaile nagusi eta bakarrak, Euskaltelek, ezin baitu taldearen aurrekontuaren tamaina bere gain hartu.

Horrek, Pro Tour lizentziak esigitzen duen gihar ekonomikoaren gutxienekoa ez erdiestea suposatzeaz bat, egungo taldearen ezabatzea inplikatzen du. Arriskua azken hilabeteotan airean ibili bada ere, Frantziako Tour-aren bukatzearekin baieztatu da, taldearen zuzendaritzak bere txirrindulariei kontratu askatasuna eskaini baitzien, beste talde batzuekin negoziaketa burutzeko eskubidea.

Horrela, albiste tristea bada ere, atzera begiratzeko une egokia izan daiteke, Euskal Herriko bizikletarentzat suposatu duen hauspoaren balantzea lortzeko asmoz. Esan bezala, jaiotza ofiziala 1993ko urte urrun hura izan bazen ere, 2001a da talde laranjak gorriz markaturiko urtea, bertan hartu baitzuen parte estreinekoz Frantziako Tourrean.

Ordurako, munduko talde garrantzitsuenen artean bere izena idazten hasia zen. Roberto Laiseka gernikarraren eskutik Espainiako itzulian bi garaipen eskuratu zituen Julian Gorospek zuzentzen zuen taldeak, eta hain zuzen ere Laiseka bera izan zen itzuli frantziarrean estreineko etapa lortzearen arduraduna, 2001ean bertan, Luz Ardineko tontor mitikoan bukatu zen egun gogoangarrian.

kirolak 13 07 30


Hortik aurrerako urratsak sendoak izan ziren, geroz eta irristakorragoa bilakatzen hasi zen txirrindularitzaren testuinguruan. Hala, beste hainbat egun zoriontsu ere etorri ziren, tartean Iban Mayoren Alpe D'Huez-eko gailurraren konkista; edo Samuel Sanchez-en garaipen sorta, tartean Espainiako Itzulian lorturiko podiuma; Igor Anton edo Mikel Nieveren potentzialaren egonkortzea, Espainiako Itzulian eta Italiako Giroan etapa ugari bereganatuz.

Denarekin, kirol emaitzetatik baino askoz ere urrunago doan lorpena da urteen joanarekin Euskaltel Euskadik bereganatu duena, izan ere, euskal zaletasunari erdigunea ezartzen asmatu du, txirrindularitza grinaren aldeko norabidea ezarri eta euskal kirolzalea era agerian identifika zedin baliatuz. Nekez berdindu daiteke Tourraren etapa handienetan nabarmen agertzen zen marea laranjaren indarra. Kirolean jaioriko ohitura, euskal nortasunaren irudi bilakatua.

kirolak 13 07 30 2

Laranjaren zapore gozoaren aztarnak baino geratzen ez direnaren susmoa da egun dagoena. Laranja limoi garrantz bilakatu da diru eskasia gailendu den unean. Denarekin, urteetan zehar landaturiko arbola ezin daiteke egun bakarrean desegin, eta mina handia izango bada ere, txirrindulari zein talde teknikoa lan gabe geratzea tartean, euskal gizartean bizikletaren alde egin den hauspoak fruituak eman beharko ditu etorkizunean.

Iker Zabala

2013, Uztaila 30
Arloa: Kirolak