Doctor Deseo taldearen disko berria

Gotzon Uribe

 

doctor_deseo

Doctor Deseo taldearen hamabigarren diskoa "Deseo, cartografía imposible" deitzen da, eta diskoak desioaren lurraldean dauden hamar abesti dakartza. Hamar kantu loturik edo askaturik dantza egiteko, jira eta biraka ibiltzeko, gerri, hanka eta gainontzeko gorputz atalak etengabe mugitzeko, bizirik gaudela sentiarazteko geure bihurgune eta txoko orotan. Hamar abesti desioaren lurraldean, desirarekin eta desioaren gainean. Fender gitarrek rock and rollaren jatorria gogoratzen digute (mendebaldea). Flamenko zertzeladak eta itxurako gitarrak (hegoaldea). Mila eta bat gauak gogoratzen dituzten soinu arabiarrak, Sherezadek istorioak kontatzen zituenekoak burua ez galtzeko (ekialdea).

Baga Biga diskoetxearen eskutik plazaratu du taldeak lan berria, bere ibilbideko 12. Ezin zuen beste era batean izan. 1987an argitaratu zuten lehen diskoa "Doctor Deseo" (Discos Suicidas) eta ordutik gauza asko aldatu dira Bizkaiko hiriburu beltz eta industrial hartatik, eta berarekin batera bere hiritarren desira eta nahiak. Baina Doctor Deseo taldeak jakin du aldaketa horiek bereak egin eta agian hori da 20tik gora urte taula gainean mantentzearen arrazoia.

Azala eta barneko liburuxkaren diseinua Lur Merinoren eskutik dator, iradokitzailea bezain probokatzailea. Gorputz biluztuen argazkiak, euren arteko aldagai guztiekin, sexu aukera guztiak errespetatuz, osatzen dute diskoaren diseinu grafikoa. Gorputzak eta desirak baitira disko honen abiapuntu eta helmuga.

Kolaboratzaile ugari izan dituzte diskoa osatzeko, Aiora Renteriaren laguntza izan dute, Edorta Jimenezek idatzitako "Sodomako sagarra" abestian, idazlearen "Haragizko amodioak" (Susa) liburutik hartuta. Aurreko diskoan egin lez, Anariren ahotsak Francis laguntzen du "De la mano de un deseo" abestian. Baina diskoan parte hartu duten lagunen zerrenda luzea da: Leioa Big Band, Agustin Perez (biola), Leire Maturana (ahotsa), Maria Martin (ahotsa), aipatutako Aiora Renteria eta Anari, Mikel Piris (saxo eta txirula), Periko Raez (bateria eta perkusioak), Guillen Canos (tronpa) eta Karlos Gimenez (harizko programazioa).

Gotzon Uribe

2010, Maiatza 02