UNE taldea akustikoan dator
Une taldearen hirugarren diskoaren izenburua luzea da, "Akustikoak eta bestelako uneak". Diskoa 2010eko abuztutik urrira grabatu dute Ortuellako Groove estudioetan Ruben G. Mateosek eta Alvaro Garciak, nahasketa eta masterizazioa Ruben G. Mateosek egin du estudio berberean. Ekoizpen lana Une taldeak eta Ruben G. Mateosek egin dute.
UNE taldearen (Bizkaia, 2004) hasiera bitxia izan zen. Taldeak abeslari bat behar zuen eta Aitor Uriarte (Latzen, Sen) konbentzitu zuten. Rober (AND eta Apnea) gitarrarekin, Carmelo "Mel" (Bulldozer, Zurkaitz, PiLT-en ordezkapenak) baxuarekin, eta Xabi (Soda) baterian dira Une. Ordutik aurrera musikariei zegokien hitz egitea eta Une taldeak bizkor lortu zuen errepertorioa osatzea, lehen maketa 2005ean. Une taldea definitzen zuen izenburuarekin argitaratu zen "Une Nare Eza" 2006an. Handik bi urtera, 2008an " Hegalik gabe hegan" diskoa argitaratu zuten. Une taldeak lekutxoa egin du Euskal Herriko musikaren eszenan eta euren musikak izan du aipamena hedabideetan. Baina zerbait alda zitekeela ikusi zen, batez ere ahotsa gehiago nabarmenduz. Ideia horren barrunbeetatik sortu da Une taldearen akustikoa.
Taldearen disko hau -"Akustikoak eta bestelako uneak"- ezohikoa da. Une taldearen ezaugarria melodien indarrean eta kontraste musikalean datza, hots, rockaren eta metalaren arteko uztarketa izan da. Disko berrian ezaugarri berberak ditugu baina modu akustikoan nahastuta. Une taldeak aurreko bi diskoetako zazpi abesti ekarri ditu modu akustikora eta hiru abesti berri sortu eta akustikotasuna itsatsi diete. Arestian esan dugu Une taldea kontraste bizien taldea dela eta hau akustikoan gehiago nabarmenduko da. Taldeak bere musikarekin ariketa estilistikoa proposatu digu non maila emateak ezinbesteko garrantzia duen. Une taldearen ahaleginak ez dira ezerezean geratu; lan zaila baina txukuna formeen kontrasteetan.