Estankona

Gotzon Uribe

estankona1_jaimegartzia1
Borja Estankona kantariak (Arratia, Bizkaia, 1979) kultura mundura egindako lehen ekarpenak Arratiako "Zantzoa" literatura taldean eman zituen eta hor uztartu zituen musika eta hitza. Baina Borja Estankona musikak eta, batez ere, gitarraren zurrunbiloak gehiago erakartu izan dute. Gitarraren bidez jauzi egin zuen literaturara eta bien arteko harremana sendotu zen eta poesia errezitaletan bere gitarraren doinuen musika gehitu zion hitzari. Idatzi tarteka eta musikan buru-belarri, Borja Estankonak Euskal Herriko poeta gazteekin harreman estua izan du.

2004an, Arratiako bi lagunekin batera, Arean taldea sortu zuen. Arean taldean murgilduta goitik-behera, bi disko argitaratu zituen urte berean ("Arean" eta "Higakorra", 2005, Gaztelupeko Hotsak). Euskal Idazleen Elkarteak 2008an "Atera dena" izeneko lana kaleratu zuen eta Borja Estankonak parte hartu zuen hitzen eta abestiaren arteko batuketa horretan.

2006an, Arean taldearen desegitearekin bat, bere bakarkako proiektuari eman zion hasiera. Bakarlari eta gidari baina laguntza sendo eta trinkoa bilatu zuen diskoa osatzeko, Itxaso Etxebeste baxularia (Katamalo) eta Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi, Anje Duhalde, Jimmy Arrabit Trio...).

Borja Estankonaren "Estankona" diskoa 2010eko udan grabatu zen Gasteizko Sonora estudioetan eta IƱaki Alonsok egin zituen grabazioak, nahasketak eta masterizazioa. Diskoak bi laguntzaile nagusi izan ditu baina ez, ordea, musika atalean, hori ongi beteta baitute Itxaso Etxebestek eta Jimmy Arrabitek. Borjaren anaiak, Igor Estankona idazleak diskoa irekitzen duen abestiaren letra idatzi du "Idatzia ez dago ezer".

Estankona bakarkako lehen diskoan "Estankona" da. Tautologia. Rockaren izpiritua barruan, amerikarra zein anglosajoia. Kantuetan badago tentsioa, indarra, bilakaera, helmuga eta irteera toki berean. Puntuaren zirkulua beti itxi egiten da kantuetan. Kantuetan historiak datoz. Poza, alaitasuna eta tristezia. Kantuek bilakaera dutenean, kantuen garapena da kontuan hartzen dena. Estankona bakarlariak abesti guztiei erantsi die gorago edo beherago joateko antsia eta gogoa.

Gotzon Uribe

2011, Maiatza 30