Lan egin lokalean
Hodeiari buruz hitz egiten dugunean, gauzak biltegiratzeko zerbitzu bat bezala irudikatzen dugu. Bertan gordetzen ditugu dokumentuak, argazkiak, bideoak... eta dena oso modu eroso eta errazean. Erraztasun horrek, agian, eragina izan du gure buruak zerbitzu horren menpeko bilakatzeko. Nork erabiltzen ditu orain kanpo biltegiratzaileak?
Hodeia, berez, gure benetako munduan, fenomeno atmosferiko bat besterik ez da. Zeruan egoten da. Abstraktua da. Ukiezina. Agian horregatik beragatik jarri zioten “Hodeia” izena: mugatua den zerbaiti (biltegiratzea) izaera mugagabea emateko (zerua). Hala ere, garbi utzi behar dena da, guztiak duela muga bat eta, kasu honetan, hodeiak ere. Hodeia, izatez, zerbitzari batzuk dira, eta horietan gordetzen da sareko informazio guztia. Bertatik eskaintzen da gure informazioa gordetzeko zerbitzua, baita Internetera sartzeko bidea eskaini ere. Agian ez duzue inoiz hodei bat benetan nolakoa den ikusi, baina horrelako zerbait izango litzateke. Honi Datu Zentro (Data Center) deitzen zaio.
Datu Zentro horietan, zerbitzari ugari egoten dira pilatuta, bata bestearen ondoan. Zerbitzari hauen atzean enpresa multinazional ugari daude: Amazon, Google eta Meta adibidez. Hauek guztiek hodei zerbitzuak eskaintzen dituzte sareko edukiak biltegiratu eta mantentzeko. Googleko Drive, adibidez, horrelako hodei zerbitzu bat izango litzateke. Horregatik, datuak gure ordenagailuan gordeta ditugula pentsatzen baduzu oker zabiltza. Biltegiratze guztia zerbitzari horietan dago. Berdin gertatzen da sarean topa daitezkeen webgune guztiekin. Guztiek behar dute zerbitzari bat webguneko informazioa biltegiratzeko eta, hori, guri eskaintzeko.
Askok Datu Zentro hauek baliatzen dituzte informazioa gordetzeko, baina, beste pertsona batzuk, euren zerbitzari propioak kudeatzen dituzte. Zertarako? Datuen biltegiratzea modu burujabe batean egiteko. Izan ere, jende askok zerbitzariak euren kontrolpean eduki nahi dituzte, kanpo enpresen menpeko ez izateko eta mantenua norbere kargupekoa izateko.
Zer gertatuko litzateke bihar Googleren Datu Zentroa eroriko balitz? Seguraski, mugikorrean gordeak ditugun irudi eta eduki asko galduko genituzke. Webgune askotara sartzeko aukera ere galduko genuke. Hori guztia, informazio eta edukiak beraien hodeian gordea edukitzeagatik. Arrazoi honengatik, jendeak zerbitzari propioak erabiltzea erabakitzen du.
Hala ere, agian, zeure buruari galdetzen diozu zer den egin dezakezuna. Aukera asko daude hodeiarekiko dependentzia murrizteko eta, horietako bat, hodeiaren edo sareko tresnen erabilera murriztea da. Badira tresna eta programa batzuk ordenagailuan edo mugikorrean, lokalean instalatuta, erabili daitezkeenak, sarea erabili behar izan gabe. Modu honetan, programak, eta bertatik sortutako edukiak, gure ordenagailuan gordeak egongo lirateke. Gainera, ez genuke Interneten beharrik izango horiek erabiltzeko. Aukera asko daude. Horiek ezagutu nahi? Hona hemen adibide batzuk:
-
LibreOffice: Ofimatikarako programa da. Bere bitartez dokumentu idatziak, aurkezpenak, kalkulu orriak edota irudiak sortu daitezke.
-
Inkscape: Irudi bektorialekin lan egiteko programa da eta, horrekin, marrazkiak edota testuak sortu daitezke.
-
GIMP: Irudien edizioa eta egokitzapena egiteko tresna da. Bere bitartez, argazkiak eta mota askotako irudiak moldatu daitezke.
-
Audacity: Audioak editatu, moldatu eta grabatzeko aukera eskaintzen duen programa bat da.
-
Kdenlive: Edozein motatako bideoak sortzeko aukera ematen duen editorea da. Bertan, bideo egokitu, moldatu eta sortu daitezke.
-
Krita: Editore grafiko bat da eta, bere bitartez, maila aurreratuko marrazkia eta irudiak sortu daitezke.
-
Blender: Irudi digitalak sortzeko aukera eskaintzen duen programa da.
-
Scribus: Idatzizko lanen maketazioa egiteko tresna da.
-
Snap!: Hezkuntzara zuzendutako bloke bidezko programazio-lengoaia grafiko bat da.
Aukera desberdin ugari daude horiekin lan egiteko eta sareko dependentzia murrizteko. Edukiak modu burujabean izateko aukera eskaintzen dizkigute tresna hauek, baita mota askotako lanak sortu eta garatzeko ere.