Youtubetik haratago zer dago?

Ikus-entzunezkoen arloan, gaur egun, aukera ugari topa ditzakegu gure inguruan. 2020ko itxialdiaren ondoren, gorakada nabarmena izan zuten eta, horrekin batera, plataformek, inoizko marka onenak izan zituzten.

Igoera neurrigabe hori, hein batean, doan eskaintzen zen zerbitzu baten ondorio izan zen. Garbi zegoen jokaldia: gizarteak “behar” zuen zerbitzu bat, nola edo hala eta edozein baldintzatan, eskaintzea. Behin beharra asebeteta, eta erabiltzaileak korporazio horien erreminten menpeko bilakatuta, errentagarriak ez ziren produktu bilatu ziren Youtube edo Twitch bezalako plataforma handiak. Zergatik? Jende askok egiten zuelako produktu horien “doako” erabilera eta, beraz, korporazio horien gastuak oso handiak zirelako (erabiltzaile guztien beharrak asetu behar ziren). “Doako” kakotx artean ipini dut, azken finean, zerbait doakoa bada, produktua norbere burua baita. Ondorioz, euren produktuetan, ordainpeko zerbitzuak eskaintzen hasi ziren.

Youtuberen kasuan, adibidez, 2015ean hasi zen ordainpeko produktuak eskaintzen. Hala ere, hasiera batean, hori ez zen oso ongi onartu erabiltzaileen artean. Hala ere, urteak pasa ahala, eta iragarkien bonbardaketa handia egin ostean, jendeak ongi erantzun du eta, gaur egun, 100 milioi harpidetu dituzte mundu osoan zehar.

Twitchen kasuan ere, erabiltzaile bat sortzea erraza eta doakoa da, hala ere, zenbait “abantaila” eduki nahi izan ezkero, harpidetza egitea ia ezinbesteko baldintza da zerbitzu guztien kontsumoa modurik egokienean egiteko. Kasu honetan, iragarkiak kentzeaz gain, txateatzeko, puntuak lortzeko edota gauzak modu hobean publikatzeko erraztasunak eskaintzen dizkiete harpidedunei.

Kontutan izan behar da, zentzuzkoa dela mota honetako produktuengatik ordaindu behar izatea, bideo bidezko produktuek kontsumo izugarria eragiten dutelako zerbitzarietan. Hala ere, arazoa izaten da zerbitzu guzti hauek hasieratik “doan” eskaini nahi izaten direnean, ondoren etorriko dena zer izango den aipatu ere egin gabe (hots, ordainpeko funtzionalitateak).

Gauzak honela, gauza guztiekin bezala, badira alternatibak ere. Kasu honetan, Youtubeko bideoetan oinarritzen diren doako bi plataforma libre daude. Bat FreeTube da eta, bestea NewPipe. Hortik haratago, Peertube ere topa dezakegu, modu deszentralizatuan funtzionatzen duen Software libreko online plataforma.

FreeTube, ordenagailuan instalatu daitekeen plataforma librea da, Yotubeko bideoak erakusten dituena inongo iragarkirik gabe. Bertan, modu anonimoan jardun gaitezke eta nahi beste eduki kontsumitu ditzakegu. Librea izanik, doan erabili daiteke, baina dohaintzen bitartez bizirauten du. Bertan, aukera dago, besteak beste, norbere bideoen zerrenda bat sortzeko edota bideoak deskargatzeko ere.

NewPipe mugikorrean instalatzen den aplikazio librea da. Kasu honetan, FreeTuberen antzera, Youtubeko bideoak hartzen ditu oinarri bere aplikazioa elikatzeko. Aurreko kasuan bezala, bideoak iragarkirik gabe ikusi, antolatu eta deskargatu daitezke.

Azkenik, Peertube, bideoak partekatzeko aukera ematen duen plataforma deszentralizatu eta federatua da. Deszentralizatua denez, zerbitzari desberdinetan instantzia desberdinak sortu daitezke eta elkarren arteko lotura egin (baita fedibertsoko beste plataformekin ere), federazioari esker. Horrela, Euskal Herrian, adibidez, hainbat Peertube kanal desberdin daude, elkarren artean lotuak eta federatuak daudenak. Ezagunen artean, hauek nabarmendu daitezke: peertube.eus, bideoak.argia.eus eta peertube.euskarabildua.eus.

Hainbat aukera daude plataforma hegemonikoetatik ihes egiteko. Horiek sustatu eta elikatzea, erabiltzaileon lana da ordea. Eman urratsa plataforma alternatiboetara!

Mattin Solis

2025, Urtarrila 09
Arloa: Sarean