Edukiak nahi bezala erabili ditzaket?

Sarean topatzen dudan guztia erabili dezaket? Baimenik eskatu behar al dut? Nola dakit zein modutara erabili dezakedan gauza bakoitza? Agian, noizbait, mota honetako zalantzak izan dituzu, baina lasai, normala da. Seguru lizentziak izeneko terminoa ezaguna egingo zaizula, baina ba al dakizu zer diren? Nola erabiltzen diren? Ondorengo lerroetan, honi buruzko azalpenak emango dizkizut.

Lehenik eta behin, kontutan izan behar duzu sortzen dugun edozer gauza, defektuz, jabetza pribatukoa dela beti. Hau da, norberak egiten duen edozer gauza norberaren jabetzakoa da. Horrek zer esan nahi du? Bada, zuk zerbait sortzen baduzu (izan testu bat, marrazki bat edota musika) zu zarela horren jabea eta, beraz, zuk bakarrik duzula sortutako horren kopia, zabalpena edota moldaketa egiteko eskumena. Beste norbaitek lan hori erabili nahiko balu, zurekin adostasun batera heldu beharko luke. Kasu hauetan, normalean, kuota bat ordaindu behar izaten da. Beraz, norberak egindako lan hori jabetza pribatukoa bada, Copyright-i buruz ariko ginateke hitz egiten. Copyright da legediak norberari eskaintzen dion arau multzoa, zeinetan, egileak dituen lanari buruzko eskubide guztiak.

Gaur egun, Interneten, zailagoa da bereizten zein edukik duen lizentzia mota pribatibo hau; erraza da, kasu gehienetan, webgune batera joan eta bertatik norberari interesatzen zaizkion testuak kopiatu edota erabiltzea. Lehen, Internet existitzen ez zenean eta gauzak fisikoagoak zirenean, errazagoa egiten zen bereiztea zer zen berrerabilgarria eta zer ez. Gaur egun, gauza fisikoek pisua galdu duten honetan, zaila izaten da bereizketa hau egitea. Hala ere, saretik zerbait erabiltzen duzunean, kontu handiz jokatu behar da, berez, aurretik esan dudan bezala, eduki guztiak Copyright direlako. Orduan, zer erabili dezakezu saretik? Bada, kasuan kasu aztertu beharko litzateke. Dena den, badira erabiltzeko libreak diren edukiak ere. Nola jakin zer den libre erabili dezakedana?

Lehenik eta behin, jakin beharra duzu badirela autoreak euren sorkuntzak modu publikoan partekatu eta horiek askatasunez erabiltzeko aukera eman nahi izaten dutenak. Baina zergatik egiten dute hori? Normalki, komunitatean sinisten dutelako eta komunitatearentzat garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpenak modu librean partekatu nahi dituztelako. Modu honetan, jakintzak errazago transmititu daitezke eta, gainera, horietatik, lan eratorriak sor daitezke. Demagun jostailuzko kotxe elektriko bat sortzen duzula. Normalki, hori zurea litzateke eta inork ezingo luke jakin hori nola egin duzun. Hala ere, hori lizentzia librearekin partekatuko bazenu, aukera emango zenieke besteei zure kotxe hori nola sortu duzun ikusteko. Gainera, besteek aukera izango lukete zuk sortutako jostailuzko kotxe hori erreproduzitzeko. Horretaz gain, norbaitek hobekuntzak sortuko balitu zuk egindako horren gainean, hori ikusi eta, elkarren artean, proiektua hobetzen joan edota norberaren beharren araberako beste jostailu bat sortu genezake. Modu honetan, etengabe joan gintezke lan bat hobetzen. Beste moduan, aurrerapena pribatua izango litzateke bakarrik.

Gauzak honela, zeintzuk dira lizentzia libreak? Ezagunena Creative Commons (CC) da. Lizentzia mota honek lau atributu ditu: Aitorpena (BY), Erabilera ez komertziala (NC), Lan eratorririk ez (ND) eta Lana berdin partekatzea (SA). Lau atributu horien konbinazioaren bidez, 6 Creative Commons lizentzia desberdin sor daitezke:

: Lizentzia honen bitartez, baimena ematen diozu edonori zure lana erabili eta horrekin nahi duena egiteko. Baldintza bakarra, lanaren aitortza (BY) egitea da, hau da, egilea nor den adieraztea.

: Lizentzia honen bitartez, egilearen aitortza (BY) egin behar da eta, gainera, baimena ematen diozu edonori zure lana erabili eta horrekin nahi duena egiteko. Hala ere, bertatik sortzen diren beste lanak lizentzia berdin honen bitartez partekatu behar dira (SA), hau da, lizentzia berdinarekin (BY-SA). Modu honetan, edukia etengabe libre zabaltzea bultzatuko genuke.

: Lizentzia mota honen bidez, egilearen aitortza (BY) egin behar da eta lana erabili daiteke, baina ezingo dira horretatik lan eratorriak (ND) sortu.

: Lizentzia honekin, egilearen aitortza (BY) egin behar da eta lanaren moldaketak egin daitezke, baina ezingo da horren erabilera komertzialik (NC) egin.

: Lizentzia mota honen bidez, egilearen aitortza (BY) egin behar da, eta nahi beste moldaketa egin daitezke, baina erabilera komertzialik (NC) egin gabe. Gainera, lan eratorri horiek, lizentzia berdinarekin (SA) publikatu beharko dira.

: Lizentzia mota honekin, egilearen aitortza (BY) egiteaz gain, ezin dira lan eratorriak (ND) sortu eta, gainera, ezingo da erabilera komertzialik (NC) egin.

Bukatzeko, aukera dago lana lizentzia publikoarekin ere partekatzeko, non edonork duen aukera edukiari buruz nahi duen erabilera egiteko, aitorpenik egin behar izan gabe. Lan hauek, CC0 moduan publikatzen dira.

                                     undefined

Lizentzia guzti hauek zure lanean erabili nahi badituzu, webgune honetatik egin dezakezu eta dagokion lizentziaren iruditxoa deskargatu.

Ikusten duzun bezala, aukera ugari daude lanen erabilera librea egin ahal izateko. Sarean modu honetan partekatzen diren eduki ugari dago, horiek bilatu beharko dituzu eta horien erabilera egoki bat egin. Gogoratu, zenbat eta eduki libre gehiago egon, orduan eta aukera gehiago izango dituzu eduki horiek berrerabili eta horien zabalpena egiteko.

Mattin Solis

2024, Abendua 03
Arloa: Sarean