Nola babestu zure bizitza digitala?
Ordenagailua ireki, nabigatzailea hautatu, bilatzailean bilaketa egin eta beti mezu bera: “Cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean. Onartzen dituzu?” Nola ez ditut onartuko, bada, zertaz ari den ere ez dakit eta! Egunean pare bat aldiz egiten dugun jarduera izan daiteke, baina guztiz integratua dago gure egunerokoan. Ekintza txiki eta bakar batek, bakar-bakarrik, gure ondorengo ekintza guztiak baldintza ditzake. Baina ez izutu: ez zara zu, merkatua da.
Askotan galdetzen diogu gure buruari nola den posible Internetek hainbeste jakitea guri buruz; batzuetan, guk geure buruaz dakiguna baino gehiago ere badaki. Ez al zaizue inoiz gertatu webgune batera sartu eta gomendio guztiak aurretik egindako bilaketarekin lotuta egotea? Nola daki mendira joateko trekking oinetakoak begiratzen aritu naizela? Ezer ez da kasualitatea. Baina, beste behin, ez izutu: gure beharrei erantzuteko asmoz egiten duten datu-bilketa besterik ez da. Gauza asko egin ditzakegu hori saihestu nahi badugu, baina, lehenik, interneteko ekosistema ezagutu behar dugu.
The Big Five
Interneteko mundua kontrolatzen duten enpresak, bereziki, bost dira (the Big Five), GAFAM akronimoarekin identifikatzen direnak: Google, Amazon, Facebook (Meta), Apple eta Microsoft. Enpresa horiek korporazio teknologiko handiak dira, eta ekosistema digitalaren kontrol osoa dute. Oligopolio baten moduan funtzionatzen dute. Horretarako, sortzen doazen enpresa txikiak erosten joaten dira, merkatuaren kontrola handituz, eta euren boterea areagotuz. Edozein enpresa kapitalista bezala, euren asmoa da ahalik eta etekin ekonomiko handienak eskuratzea eta, helburu horrekin, euren zerbitzuen eskaintza ahalik eta gehien zabaltzen ahalegintzen dira.
Hala ere, galde diezaogun geure buruari: zenbat euro gastatzen ditugu aurretik aipatutako enpresa horien produktu digitaletan? Erantzuna, segur aski, ezer edo gutxi izango da kasu gehienetan. Orduan, nola lortzen dute hainbeste etekin ekonomiko? Datuetan oinarritutako negozio ereduan oinarritzen direlako bereziki. Gogoratu: zerbait doakoa bada, produktua zu zeu zara.
Guretzat garrantzirik ez duena enpresa horientzat oso garrantzitsua da. Klik bat, beste klik bat, sarrera bat, zerbait bilatu... dena datuak dira. Egindako bilaketa eta sarrera bakoitzeko datu asko jaso ditzakete. Googlek, adibidez, oso modu errazean erakusten digu zein datu jasotzen dituen gugandik. Gainera, jasotako datu horien guztien bitartez profil bat sortzen digu, eta horixe bera ere ikus dezakegu. Horretarako, aski da https://myadcenter.google.com/ estekan sartu eta, norbere erabiltzailearekin, Googlek zer dakien ikustea. Beste tresna bat da https://myactivity.google.com/ da. Bertan, norberak Googlen produktuen barruan dituen jarduera gehienak kudeatu ditzake. Bi adibide horiekin bakarrik imajina dezakegu zenbatekoa den mota horretako enpresek jasotzen duten datu kopurua, eta hori nola erabiltzen duten ikusi. Den-dena, helburu batekin: gure gustuen araberako produktu edota zerbitzuak eskaintzea. Jarduera oso dibertigarria neguko igande arratsalde ilunetan, etxeko berotasunean, horiek begiratzen egotea.
Zer egin honen aurrean?
Hala ere, badira aukerak datu-bilketa horiek gutxitu edo saihesteko. Gure nabigatzaileetan instalatu ditzakegun gehigarriak edo aplikazioak daude. Ezagunenak, Privacy Badger eta Ublock Origin dira. Lehenengoa baliagarria da Trackerrak (gure sareko jarraipena egiten dutenak) blokeatzeko eta, bigarrena, iragarkiak blokeatzeko.
Hala ere, aukera dugu gure nabigazioa modu pribatu batean egiteko, inongo gehigarririk deskargatu eta aplikatu gabe. Aukera bat litzateke erabiltzaile pribatu bezala nabigatzea. Modu honetan, ez dira gure datuak pilatzen nabigazio batetik bestera eta, nabigatzailea ixten dugun momentuan, datuak “desagertu" egiten dira. Firefox nabigatzailearen kasuan, adibidez, aukera dugu etengabe modu pribatuan nabigatzeko eta, gainera, beste hainbat ezarpen aktibatu ditzakegu guri buruzko datu-bilketa ahalik eta txikiena izan dadin. Klik bakar batekin, ondorengo gauzak konfiguratu ditzakegu pribatutasun ezarpenetan: Do not track aukera, cookieak ezabatzea nabigazioa ixtean, historiala ez biltzea, iragarkientzako datu-bilketa ezeztatzea edota eduki arriskutsuak blokeatzea.
Hori guztia nabigazio ezarpenei dagokionez. Atzitik, aplikazioen aldetik, beste erabaki batzuk ere har ditzakegu. Jadanik badakigu gure ekosistema digitala GAFAMen menpe dagoela. Alternatibarik dago? Bada, zorionez, bai. Horren aurrean software librearen aldeko apustua egitea izan daiteke pauso garrantzitsua. Software libreak aukera ematen digu produktu edo zerbitzu bakoitza nola sortuta dagoen aztertzeko, eta zein nolako erabilera egiten duten ikusteko, gardentasun osoz. Gainera, teknologia burujabetzaren bidean, ezinbesteko baliabideak dira; aukera ematen digute guk gure tresnak garatu eta gure beharretara egokitzen diren produktuak sortzeko. Beti, gainera, negozio kapitalista batean oinarrituta izan gabe. Horrela, alternatiba ugari ditugu, Librezaleren webgunean topa ditzakegunak.
Bukatzeko, gure bizitza digitala babestu nahi badugu, aukera bakarra dugu: gure datuen jabe egitea. Horretarako, gauza asko egin ditzakegu eta, horien artean, lehenengoa, tresna pribatiboetan ahalik eta murriztapen gehien ezartzea. Hala ere, alternatibarik onena, tresna libreak erabiltzen hastea da, eta horiek gure egitea.