Leire Lison - "Digitalizazioa bizitzeko modu asko daudela erakutsi nahi dut"
Digitalizazioari buruz ari garenean mugikorrak eta ordenagailuak etortzen zaizkigu burura baina, horren atzean, gauza gehiago daude. Leirerekin elkartu gara horri buruz gehiago jakiteko.
Zure Gradu Bukaerako Lana, gazteek digitalizazioaz dituzten irudikapen sozialak aztertzean egon da bideratuta. Zein da haien ikuspegia gai honetan?
Beraien erabilera oso kontsumista denez (azkenean erabiltzen dute Twitter, Instagram, TikTok etab.), erabiltzaile kontsumitzaile bezala, erosoa da beraientzat, erraztasunak ematen dizkietelako aplikazio horiek sare-sozialak modu errazean erabiltzeko... Kontziente dira hein handi batean euren datuak eskuratzen dituztela eta aplikazioak erabiltzea badakarrela euren datuen ustiaketa, baina berdin zaie, bertan lagunak dituztelako. Beraientzat erosoak direnez, ez dute ikuspegi kritiko batetik lantzen edo hausnartzen, eta ez dutenez beste alternatibarik ikusten, ba hor geratzen dira.
Ekonomia digitala, pribatutasuna eta segurtasuna, hizkuntza teknologiak, jasangarritasuna, arrakala digitala... zer dira termino hauek? Ezagutzen al ditugu?
Nik aukeratutako bost gai dira hauek eta nik eman dizkiet izen horiek, horregatik, beste norbaitek beste izan batzuk erabili ahal ditu.
Hala ere, orokorrean, Ekonomia Digitala da nola mundu digitalean erabiltzen den teknologia etekin ekonomikoak ateratzeko bertatik; gero, Pribatutasuna eta Segurtasuna da guztiok ezagutzen duguna, gure pribatutasuna nola mantendu bai gure egunerokotasunean fisikoki eta baita mundu digitalean aukerak desberdinak aprobetxatuz (legeak adibidez); Hizkuntza Teknologiak agian da nahasmena sortu dezakeena, badakigulako itzultzaileak badaudela baina, adibidez, gazteek, ez zuten ikusten ea gure hizkuntza (euskara) teknologietan dagoen, euskaraz erabili daitekeen teknologia... ez zen hausnarketa hori egiten; gero Jasangarritasuna hainbeste landutako gaia denez, ez dakit zenbateraino dauden kontzientziatuak, baina ezagutzen duten gai bat da; Arrakala Digitala da arazo gehien eman zituena, ez zutelako terminoa ulertzen baina, gero azalduta, esaten zuten: “a bai, nire aiton-amonak”. Baina hortik haratago ez zuten pentsatzen digitalizazioa bizitzeko modu asko daudela eta, beraiek ere, nahiz eta konpetentzia digitalak eduki, arrakala digitala pairatzen dutela informazio aldetik edo pribatutasun aldetik adibidez.
Dinamika sorta bat diseinatu dituzu 12-16 urteko gazteekin gai honi lotutako lanketa egiteko. Nola joan da?
Esperientzia orokorrean ona izan da, azkenean beraientzat ordu libre bat zelako eta banekielako nirekin egoteko gogoz egongo zirela. Orduan, aprobetxatu nuen ariketa dinamikoen bidez, euren arreta eskuratzen, jolasen bitartez gaia lantzeko. Azkenean, jolasak ziren, baina baita ikerketa bat ere, horregatik, zenbait datu bildu behar nituen. Nik beti pasatzen nien eurek betetzeko fitxa bat eta, azkenean, laugarren edo bosgarren saioan, horrek pereza ematen zien.
Hala ere, orokorrean, jokoekin ongi moldatu ziren eta nahiko parte hartzaileak izan ziren, teknologiaren erabiltzaileak direlako eta anekdota asko dituztelako.
Gai hauek lantzeak zer eskaintzen die?
Beraiek, eskolan, gutxienez 5 ordu ematen dituzte pantaila aurrean. Iparraldean ezik, beste lurraldeetan, ikasleek, beraien portatil propioak dituzte, orduan, beraien egunerokotasunean, agian ez dute kritikotasunez pentsatzen digitalizazioan. Nire asmoa, dinamika hauekin, interes bat piztea zen, beraiek pentsa zezaten digitalizazioa bizitzeko modu asko daudela. Horregatik, nire lanaren bitartez, hori lortu izan badut, primeran.
Nola ikusten duzu, orokorrean, gizartea gai hauetan?
Gizartea nahiko berde ikusten dut. Gazteen kasuan, uste dut, ez dutela gai hauen inguruko hausnarketarik bultzatzen euren buruak eroso ikusten dituztelako, konpetente ikusten direlako mundu honetan.
Helduen kasuan, berriz, gai hau frustraziotik bizi dutela uste dut, ez dituztelako, orokorrean, konpetentzia digitalak landuta. Gai hau isilpean bizi dutela pentsatzen dut, inposatu zaien gauza bat dela uste dutelako eta teknologia digitala geratzeko etorri den gauza bat dela ikusten dutelako. Frustraziotik bizi dute teknologia digitala, askotan esaten dute: “nik ezin dut hau egin”. Nire aitaren kasuan, adibidez, kamioilari izanda, muga batzuk zeharkatzeko, dokumentu bat behar du eta, hori eskuratzeko prozesua, digitalki bakarrik egin dezake. Orduan, nire aita ez denez oso ongi moldatzen, nire amari laguntza eskatzen dio, baina nire ama ez da ongi moldatzen ere, orduan nik lagundu behar izaten diet. Horregatik, beraien frustrazioa izaten da, “zergatik egin behar dugu hau horrela?”. Eskerrak askotan ni nagoela, zeren bestela ezinezko izango zen beraientzat.
Orduan, uste dut, helduek frustrazio hau erabili behar dutela gai hau diskurtso politikora gehitzeko eta, gazteen aldetik, konpetentzia digitalen gaietan euren kabuz gehiago trebatzeko.