Babestu zure kontu pertsonalak
Pasahitzak kudeatzea ez da lan erraza izaten askotan. Buruhauste ugari sortzen duen gaia izaten da, izan ere, kontutan hartu beharreko gauza asko daude. Segurtasun neurriek gomendatzen duten moduan, kontu desberdin bakoitzerako pasahitz desberdin bat erabili beharko genuke eta, horrek, pasahitz ugari gogoratu behar izatea ekartzen du. Gainera, pasahitzak patroi bat jarraituz sortu behar izaten dira: gutxieneko karaktere kopuru zehatz batekin, letra larri eta xeheak nahastuz, zenbakiak erabiliz eta karaktere bereziak gehituz. Ondorioz, ez da harritzekoa izaten denok gauza bera egitea, hau da, pasahitz berdina gauza guztietarako erabiltzea.
Kasurik onenean, pasahitz desberdinak sortzen ditugu eta, ondoren, orrialde edota dokumentu batean gordetzen ditugu, seguru baleude bezala, baina hori ez da nahikoa izaten. Beste kasu batzuetan, pasahitzak ahaztu eta hura berriz berreskuratzeko prozesua abiatu izaten dugu, baina batzuetan nekagarria izaten da beti berdina gertatzea. Zer egin dezakegu beraz pasahitz desberdin ugari sortu eta guzti horiek gogoratzeko? Trikimailu batzuk egon badaude, adibidez INCIBEk (Espainiako Zibersegurtasun Institutu nazionala) eskainitakoa, hala ere, ez al da seguruagoa h/",{@jGJ]'9+fLpz% moduko pasahitz random bat sortzea? Arazoa, noski, horrelakoak gogoratzean izaten da, baina lasai, horretarako baitaude pasahitz kudeatzaileak. Orain, hainbat tresnen gomendioa egingo dizkizuegu, baina zer dira pasahitz kudeatzaileak?
Pasahitz kudeatzaileak, izenak berak dioen moduan, pasahitzak modu seguruan gordetzen laguntzen dizkiguten tresnak dira. Horien bitartez, nahi ditugun pasahitz guztiak gorde ditzakegu, modu zifratuan. Horrek zer esan nahi du, pasahitz guztiak modu seguruan daudela babestuak klabe nagusi baten bitartez. Ondorioz, egin beharreko gauza bakarra, pasahitz bakar bat gogoratzea izango da. Pasahitz bakar horren bitartez, gordeta dituzun beste pasahitz guztiak lortu ahal izango dituzu. Gainera, tresna hauek, pasahitz randomak sortzeko aukerak eskaintzen dizkigute. Egin beharreko gauza bakarra, beraz, pasahitz luze eta zail bat sortu eta hura gogoratzea izango da, horrek emango baitugu besteak lortzeko sarbidea. Zein aukera ditugu? Hona hemen batzuk:
KeePass: Kode irekiko pasahitz kudeatzaile bat da, norbere pasahitzak modu seguruan kudeatzen eta gordetzen laguntzen duena. Pasahitz guztiak datu-base batean gordetzeko aukera ematen du, eta datu-base hori gako nagusi batekin blokeatuta dago. Beraz, datu base osoa desblokeatzeko giltza nagusi bat baino ez da gogoratu behar. Ordenagailuan instalatu beharreko programa bat da.
KeePassXC: Hau ere kode irekiko pasahitz kudeatzaile bat da eta aurrekoaren funtzio eta erabilera berdinak ditu. Gehigarri bezala, ordenagailuan instalatu beharreko programa izateaz gain, nabigatzailean instalatu daitekeen hedapen bat ere badu (KeePassXC-Browser), ondorioz, gure nabigatzailean, sortzen ditugun pasahitz guztiak eduki ditzakegu gordeta, kontu desberdinetarako sarbidea errazagoa eginez.
KeePassDX: Android mugikorretarako sortutako pasahitz kudeatzailea da, hau ere, kode irekikoa. Honen bitartez, gure mugikorrean bertan sortu ditzakegu pasahitzen datu-basea, eta modu erosoan bertako pasahitzak erabili. Gainera, ordenagailuan sortutako pasahitzak hona ekar daitezke, datu-basearen trasbasea eginez.
Erakutsi bezala, hemen aukera batzuk ikusi ditugu, baina gehiago ere badaude. Ikusten duzuen bezala, aukera ugari daude pasahitz seguruak sortu eta kudeatzeko, beraz, ez galdu aukera zure kontuak babesteko.